IRUNBIXI foroak hirian haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzea bilatzen du

IRUNBIXI Irungo Haur eta Nerabeen Parte-hartze Foroa da. Proiektu pilotu gisa abiatu zen 2021-2022 ikasturtean eta asko dira edizioren batean egitasmora batzera animatu diren ikastetxeak. Gazteria Arloko teknikariek azaldu dutenez, helburua hiriko haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzea da, horretarako beraien ahotsa entzun eta aukeratzen duten gaia lantzeko aukera emanez.

IRUNBIXI foroaren sorrerak harreman zuzena du Haur eta Nerabeen Planarekin. Izan ere, Gazteria Arlotik azaldu dutenez, 2021-2024 urteen bitarterako onartu zen plan hau. Planaren barnean sei ardatz daude eta horietako batek hirian haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzea bilatzen du. Helburu hori betetzeko, Haur eta Nerabeen Parte-hartze Foroa sortu zen eta IRUNBIXI izena eman zitzaion.

Aurtengoa IRUNBIXIren hirugarren ikasturtea izan da. Bere sorreratik, proiektua asko zabaldu da. Proiektu pilotu gisa abiatu zen 2021-2022 ikasturtean. Zeharkako plan bat da, izan ere, Gazteria arloan egitasmoaren kudeaketaz arduratzen badira ere, bertan Irungo Udala osatzen duten beste hainbat arlok ere parte hartzen baitute. Gainera, plan honi esker Irunek Haurren Hiri Laguna aitorpena jaso zuen UNICEFen aldetik.

“Guk ikasleen proposamenak jaso ondoren, bururatzen zaigunarekin forma ematen diegu”

Gazteria arloko teknikariak

Gazteria zerbitzuko teknikariek adierazi dutenez, urte hauetan zehar IRUNBIXI foroan hainbat eskolak hartu du parte: “eskola batzuek urte batetik bestera esperientzia errepikatu egin dute; parte-hartzea librea da”. Esaterako aurten 5 dira IRUNBIXIN parte hartu duten eskolak: Toki Alai DBH 2, El Pilar DBH2, Eguzkitza LH5, Txingudi Ikastola LH5 eta Lekaenea LH 6. maila. Guztira, 300 haur eta nerabe inguru.  GazteARTEaneko ordezkariek adierazi dutenez, “aurtengoa IRUNBIXI foroaren edizio handiena izan da”.

Parte-hartzaileez gain, IRUNBIXIK ere formatu ezberdinak izan ditu. Udalean eskolen funtzionamendura egokitzen dira horretarako. Hasiera batean ordezkaritza moduan lan egiten zen, gela bakoitzeko ikasle ordezkari bakarra aukeratzen zelarik bileretan parte hartzeko. Orain ordea, ikastetxe parte-hartzaileetako ikasturte bereko ikasle guztiek dute foroan parte hartzeko aukera. Horretaz gain, ikasturtean zehar Topalekuak ere antolatu dituzte, otsailean eta apirilean, eta horietan eskoletako ordezkariak bildu dira egiten ari diren lanketa partekatu eta maiatzaren amaieran egin duten azken saioa prestatzeko.

Galdera bat, ehunka erantzun

Urritik hasita, saio bana egin da hilero ikasturte guztietako gela bakoitzean. Saio horietan ikasle guztiei galdera bera egin zaie: “zein gai interesatzen zaizue ikasturte honetan zehar lantzeko?”. Gazteriako teknikariek azpimarratu digutenez, “aukeratzen duten gaiak hiriarekin nolabaiteko lotura izan behar du”. Gaia aukeratu aurretik, lehenengo saioa haur eta nerabeen eskubideak jorratzeko baliatzen da. Lanketa hori eginez, haur eta nerabeen ikuspuntua bildu nahi da. Gazteria arlotik azaldu digutenez, “hau guztia eskola orduetan egiten da”. Horrela, ikasturte amaiera iristen denean, egindako lanak fruitua ematea espero da. Hau da, ikasturteko lanketan oinarrituz ekintza bat antolatzea edo materialen bat ekoiztea.

Parte-hartze sistema bat denez, ardatz ezberdinak ditu. Horretaz gain, Udalaren Sailen Arteko Mahaiaren bitartez haur eta nerabeen ikuspuntuak udalean txertatzen dira, erronkei elkarrekin aurre eginez. Eskoletan egindako lanketaz gain, aurten Gaztelekuetan eta Haurtxokoetan ere hainbat saio egin dira. Beraz, galdera bera egin zaie zerbitzu hauen erabiltzaileei, baina planteamendua bestelakoa izan da, ludikoagoa.

Ikasleen interesak abiapuntu

2023-2024 ikasturtean landutako gaiak askotarikoa izan dira. Gai batzuk errepikatu diren arren, horiek era ezberdinean lantzeko bideak bilatu dira. Orokorrean, Lehen Hezkuntzan hainbat gai landu dira, hala nola, elikadura, ingurumena, bakegintza, elkar ezagutzea eta animaliak, adibidez. Gazteria arlotik aipatu digutenez, DBHkoen kasuan berriz, interesak bestelakoak izan dira, jaiak eta futbola nabarmendu direlarik. Gainera, neskek kaleko segurtasuna ere landu nahi izan dute.

Eskoletan aukeratutako gaien lanketa egin ahal izateko, arlo desberdinetan lan egiten duten elkarteen eta norbanakoen kolaborazioa laguntza handikoa izan da. Gazteria zerbitzuko teknikariek azaldu dutenez, “guk ikasleen proposamenak jaso ondoren, gai horiek jorratzeko bideak eta bidelagunak bilatzen ditugu”. Ikasturte honetako elkarte edo norbanako kolaboratzaileetako batzuk hauek izan dira: Bi Lagun, Zaporeak, Labore Txingudi, Patri Taberna, Irungo Harrera Sarea, Udaleko Lorategi zerbitzua, Denontzat, Artaziak eta Parean elkartea.

Landutako gaien antzera, emaitzak ere askotarikoak izan dira. Proiektu guztiak maiatza amaieran edo ekainean zehar amaituko dira. Hori izango da egindako lanak emandako fruituak ikusteko unea. GazteARTEaneko ordezkariek azaldu digutenez, ikasle batzuek fisikoa den zerbait sortu dute, adibidez, pegatinak, jarraibide zerrendak, errezeta liburuak, fanzineak, etab. Besteek, aldiz, ekintza edo jardunaldi bat prestatu dute, esaterako, Mundialito antirrazista, parkeetan zirkuituak jartzea, ikus-entzunezko materialekin ekintzak, Txangoak Bi Lagun animalien aterpetxera edo intsektuen hoteletara, edo Irungo Jaietan Gaztegunean lehenengo orduan egingo diren jarduerak antolatu dituzte: IrunTXEF, scape rooma eta zirkuitua.

Azken emaitzak ikasturte bukaerarekin

IRUNBIXI proiektuaren emaitzak ikasturte amaierarekin batera jakinarazten dira. Horretarako, aurten maiatzaren 28an Amaia Kultur Zentroan saio bat egin zen eta ikasturtean zehar foroan parte hartu zuten ikasle guztiek antzokiko besaulkiak bete zituzten. Ordezkariak berriz, taula gainean izan ziren landutako proiektua azaltzeko. Ikasle eta irakasleez gain, Cristina Laborda Irungo alkatea eta Sergio Javier Gazteria arloko ordezkariak ere bertan izan ziren, haurren lana gertutik ezagutu eta ekarpenak egiteko.

“Eskola batzuek urte batetik bestera esperientzia errepikatu egin dute; parte-hartzea librea da”

Gazteria arloko teknikariak

“Ekitaldi honi esker, haurrek udal ordezkariei galderak eta eskariak zuzenean egiteko aukera dute”, azaldu dute Gazteria arloko teknikariek. Behin ekitaldia amaituta, Amaia Kultur Zentroan zehar gune desberdinak sortu ziren, ikasleek egindako lanaren emaitza erakusteko eta besteekin partekatzeko aukera izan zezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude