Gazteartean beken lehen edizioak baditu irabazleak

Irungo Udaleko Gazteria Zerbitzuak gazteek proposaturiko ikerketa proiektuak saritzeko beka bat jarri du martxan. 3 gazte antropologoek sinaturiko “Eta orain zer? Irungo gazteriari buruzko proiektu antropologikoa” izan da estreinatu berri den bekaren lehen deialdiko proiektu irabazlea.

Urtarrilaren 30ean aurkeztu zen Gazteartean ikerketa-bekaren lehen edizioko proiektu irabazlea. Ainhoa Barroso de la Mata, Cristina Alvares Nuñez eta Alejandra Pascual antropologo gazteek aurkezturiko “Eta orain zer? Irungo gazteriari buruzko proiektu antropologikoa” proiektua izan da lehen edizioko irabazlea. Monica Martinez ordezkariak adierazi du, “ekimen honen bitartez Gazteria Zerbitzuak gazteriarekin loturiko bertako gaien inguruko ikerketa proiektuen garapena bultzatu nahi du”.

Gazteek ikasketak amaitzen dituztenean zabaltzen zaizkien aukerak ikertuko ditu hautatutako proiektuak, parte-hartze irekiko prozesu baten bitartez, gazteen kezkak ezagutzera emateko. “Irungo gazteek hirian duten etorkizunaren inguruan zer kezka eta ideia dituzten jakitea da gure helburua”, azaldu zuten antropologoek.

Etnografia teknika hautatu dute ikerlariek ikerketa aurrera eramateko eta parte hartuzko behaketak, eztabaida taldeei egindako elkarrizketak bestelakoen bitartez garatuko dute, beti ere, genero ikuskera zainduz.

Hiru gazte antropologoek bekaren adjudikazioa egiten denetik 8 hilabeteetako epea izango dute gazteriaren inguruko ikerketa garatzeko eta, horretarako, 8.000 euroko aurrekontuaz baliatu ahalko dira.

Proiektuaren emaitza era ugaritan aurkezteko aukera izango dute. Gainera, proiektua amaitutakoan, emaitza proiektu, prozesu edo ekintza eran aurkezteko aukera irekia izango dute. Hau da, hausnarketak ohiko idatzian aurkezteaz gain, dokumental, maketa, publikazio, prozesu edo garatzeko ekintza bezala aurkezteko aukera izango dute.

Fase ezberdinak
Ikerketa hiru fase ezberdinetan gauzatuko da. Lehenik eta behin ikerketa bibliografiko bat gauzatuko dute, aurretik gaiaren inguruan egindako beste ikerketetan bildutakoa ezagutzeko. Horren ostean, landa-lanean oinarritutako elkarrizketen bitartez datu bilketa bat gauzatuko dute, parte hartuzko behaketa, elkarrizketak, eztabaida-talde eta bestelakoen bitartez. Azkenik, bildutakoen datuen analisia eta balorazioa egingo da.

Bekaren helburua
Gazteartean Irungo Gazteria Zerbitzuak helburu ezberdinak lortzeko asmoz martxan jarri du beken deialdi berri hau. Bekaren helburu nagusia gazteek ikerketa proiektuak proposatu eta horiek martxan jartzea bada ere, beka honen bitartez udalarekin kolaborazio lerro berriak sortzeko bidea ireki nahi da ere.Era honetan, haurtzaroa, nerabezaroa edo gaztaroarekin loturiko gaien inguruko ikerketak bultzatu nahi dira, beri ere hiriko gaiekin lotura izango dutenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude