Otsailaren 17an Vertiz Ford Maratoi Erdiak eta 10 kilometrotako Ubykolan lasterketak Irungo kaleak zeharkatuko dituzte. Bi proben irteera goizeko 10:00etan izango da Zabaltza plazan eta bi lasterketek San Juan plazan izango dute helmuga.
Bidaso Atletiko Taldeak bigarren urtez antolatuko ditu bi proba horiek. Berrikuntza moduan, Maratoi Erdiaren ibilbidean zenbait aldaketa egin dira, aldapa kopurua murriztu eta lasterkariek egindako eskakizunei erantzuteko. Proben kronometrajea Kirolprobak enpresaren esku egongo da eta Rosi Talavera atleta lasterketen amabitxia izango da.
Otsailaren 16ko 20:00ak arte izango dute lasterkariek azken izen-emateak egiteko aukera. Izen-ematea kirolprobak.com eta Rockthesport.com webguneetan edo Leire Sport saltokian, BAT taldearen bulegoan eta Lasterkariaren Azokan izen-ematea aurrez aurre egiteko aukera egongo da. Otsailaren 11tik aurrera Maratoi Erdiak 28 euro eta 10K lasterketak 16 euroko prezioa izango dute.
Jada 525 korrikalarik baino gehiagok izena eman dute bi proba horietakoren batean eta lasterketaren antolakuntzak 800-900 izen-ematea lortzeko asmoa du. Proportzioari dagokionez, korrikalarien %62ak Maratoi Erdian izena eman du eta, %38ak, berriz, 10K lasterketan.
Lasterkari, boluntario eta azpiegitura kopuruari dagokienez, Bidaso Atletiko Taldeak momentura arte antolatu dituen bi proba handienak dira. Izan ere, lasterketa aurrera ateratzeko 240-250 boluntarioen laguntza ezinbestekoa da. Boluntarioek batatletismo@gmail.com eta batih@telefonica.net helbideetara e-posta bat bidaliz izena eman dezakete eta, esfortzua konpentsatzeko, 20 euro, probako kamiseta eta hamaiketakoa emango zaizkie.
Lasterketaren azoka
Otsailaren 16ean, berriz, Palmera Montero gunean egingo den Lasterketaren Azokaren ateak zabalik egongo dira goizeko 10:00etatik 14:00etara eta, arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara. Bertan, lasterkarien poltsak banatu eta azken izen-emateak egiteko aukera izango da. Bestetik, Leire Sport, Brooks, Fullgas, Vertiz Ford eta Hyunday babesleen stand-ak izango dira azokan.
Hortaz gain, lasterketaren munduarekin loturiko profesionalek zenbait hitzaldi emango dituzte. Hizlariak Aritz Urdanpilleta (nutrizionista), Borja Saldias (fisioterapeuta), Unai Ortiz (podologoa), Julen Olamusu (Entenatzailea), Rosi Talavera (atleta) eta Fullgas-eko profesional bat izango dira.
Luzarorako apustua
Bi proba hauek luzaroan antolatzen jarraitzeko asmoarekin, abantaila ezberdinak eskaintzen zaizkie parte-hartzaileei. Lasterkariaren poltsa jasotzeaz gain, kontsigna zerbitzua eta Artaleku kiroldegiko dutxa eta aldagelak erabiltzeko aukera izango dute korrikalariek. Ibilbideko puntu ezberdinetan 5 anoa-postu egongo dira. Photocall erraldoiaz gain, 4 argazkilariek ibilbidean zehar aterako dituzten argazkiak eta helmugako bideoa deskargatzeko aukera ere izango dute probako parte-hartzaileek.
Hortaz gain, kanpoko lasterkariak erakartzeko, hiriko hotelek lasterkarientzako eskaintza bereziak izango dituzte. Gainera, lasterketaren ostean, Ola Sagardotegian lasterkari eta senideek deskontua izango duen Sagardotegi menua dastatzeko aukera izango dute.