Bidasoa ibaiko jaitsiera iritsi da beste urte batez

Santiagotarrak Kirol Elkarteak Bidasoa ibaiaren III. Herri Jaitsiera antolatu du Bidasoaren Nazioarteko LIII. Jaitsierarekin batera uztailaren 13rako. Iazko arrakasta ikusita, klubak aurten ere proba errepikatzea erabaki du.

Joan den urteetako egitura jarraituko du probak, hau da, lehiarik gabeko izaera duen jaitsiera proba bat izango da, honela, parte hartzaileek natura eta ibaiaz gozatzeko aukera edukiko dutelakoan. Proban parte hartu ahal izateko igeri egiten jakitea ezinbestekoa izango da eta hortik aurrera parte-hartzea edonorentzako zabalik egongo da, proban edozein mailako piraguismo ezagutzak dituzten pertsonek parte hartu ahalko dutelarik.

Jaitsiera herrikoia uztailaren 13ko arratsaldeko 16:40ak aldera abiatuko da. Parte-hartzaileak San Miguel ingurutik irten eta ibaian behera abiatuko dira, Santiagotarrak elkartek Bidasoa ibaiaren ertzean dauzkan instalakuntzetara heldu arte.

Klubak 10 euroren truke piragua indibidualak edo bikoteka jaitsiera egiteko piraguak utziko dizkie parte hartzaileei, jaitsiera egiteko beharrezkoa izango duten gainontzeko ekipamenduarekin batera. Hortaz gain, 7 euro gehiago ordainduz gero, jaitsieraren aurretik egingo den herri bazkarian parte hartzeko aukera izango dute ere. Gainera, proba amaitu ostean, Santiagotarrak Kirol Elkartearen instalakuntzak musikaz girotuta egongo dira eta festak bertan jarraituko du.

Jaitsiera herrikoi honen III. edizioan parte hartzeko asmoa dutenek 943632056 telefono zenbakira deituz edo info@santiagotarrak.com posta-elektronikora idatziz izen ematea egiteko aukera izango dute.

 Ibilbide historikoa
Endarlaza inguruan abiatu eta Iruneraino iristen den proba honen ibilbideak XIX. mendean tren batek Bidasoa ibaiaren bazterretik burutzen zuen ibilbidea gogorarazten du. Tren hura “Tren Txikito” bezala ezaguna izan zen eta 1872urtean Irungo Udalak tren horren ibilbidea eraikitzeko lehen pausuak eman zituen. 40 urteetan zehar zerbitzua eskaini ostean, Gerra Zibileko edo uholdeek eragindako zerbitzu eteteak kenduta, 1956 urteko abenduaren 31ean trenak bere azken bidaia egin zuen.

Emaitza bikainen urtea
Klubean antolatutako proba eta ekintzez gainera, Santiagotarrak elkarteko kirolariek emaitza bikainak bildu dituzte urte honetan zehar. Adibidez, klubaren pistako selekzioak Mequinenzako urtegian 64 klub ezberdinetako 591 kirolari lehiatu ostean, Santiagotarrak-Ubycolanek txapeldunorde postua eskuratu zuen taldekako sailkapenean. Hortaz gain, pista sekzioko 5 ordezkari nazioarteko txapelketetan lehiatuko dira udara honetan. Izan ere, Jon Moreno eta Intza Mendez Espainiako III. Maratoi kopan lortu zuten nazioartean lehiatzeko pasea eta Aitor Gorrotxategi, Nerea Garcia eta Telmo Fernandezek ere nazioarte mailan sprint modalitatean haien dohainak erakusteko aukera izango dute.

G41401: Bidasoa I. Jaitsiera Piraguan 1967. urtean.

Ur bizietan, berriz, Klara Olazabal hamargarrena izan zen C1ean Europako Eslalomeko 23 urtez azpikoen txapelketako finalean, finalerdian lehenengoa izan zen. Bestetik, Oier Rodriguez klubeko kirolaria Junior kategorian lehiatu zen. Nazioarteko txapelketa batean hartze zuen lehen aldia izan arren, Oierrek ez zuen zorterik izan eta sailkatu gabe gelditu zen.

Azkenik, arraunaren kasuan, azpimarratzekoa da Bañolasen jokatutako Espainiako Txapelketan Helene Sagarzazu eta Naroa Zubimendik lehen postu eskuratu zutela binakako timonel gabeko sailean kadete femeninoen kategorian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude