Bidasoa Irunek denboraldiko helburu garrantzitsuenetako bat lortu du: hurrengo denboraldian Europan jokatzeko aukera. Jokalari taldeak denboraldi osoan zehar egindako lanaren emaitzak ikusi dira azkenean. Iñaki Caverok denboraldia amaitu aurretik taldeak dauzkan azken erronkak errepasatu ditu.
Granollersen aurkako partiduan emaitza garrantzitsua lortu zenuten. Pozik zaudete lorpenarekin?
Aspaldi ez genuela Artalekuko harmaila hain beteta ikusten. Egia esan, oso partidu polita izan zen eta gainera, garaipena lortu genuen. Partidua irabazteak Europako txartela eman digu datorren urterako.
Garaipen garrantzitsu hori etxean lortzea oraindik bereziagoa izan zen?
Bai, oso berezia izan zen. Irabaztea ondo dago, baina atzetik gure zaleen eta hainbeste jenderen babesa dugunean politagoa da dena. Uste dut bai partidu horretan zein denboraldian zehar oso maila ona eman dugula. Ez da ahaztu behar denboraldian zehar jokatu diren txapelketa guztietan parte hartu dugula, Asobal Kopa falta zaigu, baina Errege Kopa eta Europan jolastu dugula ere ezin dugu ahaztu. Azken batean, helburua hori da: emaitzarik onenak lortzea, baina baita denboraldian zehar mantentzea.
Aurtengo denboraldian partidu asko izan dituzue, tartean baita lesioak ere. Hala ere, taldeak ondo lan egin du?
Taldean errotazio sistema erabiltzen dugu eta horri esker denboraldia aurrera ateratzea lortu dugu. Jokalariren batek lesioren bat izan duenean, besteren batek ordezkatu du. Lan egiteko era hori gure erregulartasuna mantentzeko ezinbestekoa izan dela.
Taldearen lanaz gain, zu zeu ere pozik zaude denboraldian zehar emandakoarekin?
Bai, ni ere oso pozik nago. Gainera, jokalari onenaren saria eman didate eta, azken batean, urtean zehar egindako lan guztiarentzako beste errekonozimendu bat da. Denboraldian zehar nire burua ondo ikusi dut, baina zaleek, gainontzeko jokalariek edo kazetariek egindako esfortzua aitortzen dizutenean bereziagoa da. Aurretik jokalari berdinek irabazi izan dute sari hori, adibidez, Kauldik, Rodrigok eta Xoanek, beraz, pixka bat aldatzea tokatzen zen. Beraz, oso pozik nago bai denboraldiko lorpenengatik eta baita trofeoarengatik ere.
Hurrengo helburua Asobal ligan txapeldunorde izatea da, ezta?
Bai. Bathco taldearen aurkako partiduan ez genuen nahi genuen emaitza lortu. Dena den, oraindik hiru partidu geratzen zaizkigu, bi etxean eta bat kanpoan. Nik uste talde guztiak denboraldia ahalik eta ondoen bukatu nahi duela. Jokatzeko dauzkagun hiru partidu horietan maila gorena eman behar dugu denboraldia behar bezala bukatzeko.
Denboraldi luzea izaten ari da. Amaieran denboraldia borobiltzeko indarrak ateratzea erraza da?
Lehen aipatu dugun moduan, otsaila bereziki gogorra izan da. Izan ere, partidu asko izan ditugu. Hala ere, behin honaino iritsita ez dago atzera bueltatzetik, beraz, kexarik gabe aurrera egin behar dugu, azken txanpa gelditzen zaigulako bakarrik. Indarrak edozein lekutik atera behar ditugu eta helburua denboraldia ondo amaitzea da, ahal den heinean lesiorik gabe, noski.
Zuk gainera datorren denboraldirako kontratua luzatzea erabaki duzula jakinarazi duzu. Etxeko taldean pozik zaude?
Pribilegio handia da etxeko taldean jokatu ahal izatea. Oso eroso sentitzen naiz etxean jokatzeko aukera izanda, azken batean, nire etxea da. Ez bakarrik etxean nagoelako, baizik eta taldeak ere helburu handinahiak dituelako eta oso maila onean dagoelako. Ni taldera iritsi nintzenean bigarren mailan zeuden, beraz, bertan egindako ibilbidean taldearen garapena ikusi ahal izan dut. Hasierako urteak egungo mailarekin alderatuz gero aldea sekulakoa da, beraz, oso polita izan da garapen horren lekuko izatea.
Denboraldi honetan harrobiko jokalariak ere taldean jokatzen hasi dira. Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?
Ondo. Lesioak daudenean, errotazioen bitartez jokalari berriak sartzen dira taldean. Izan ere, jendea falta bada ere, partiduetarako taldea osatzeko beharrezkoa da eta gainera kalitatezko jokoa eskaini dezakeen taldea eduki behar da. Uste dut jokalari berriek ere oso denboraldi ona egin dutela, asko lagundu digute eta maila ona dutela erakutsi ahal izan dute. Denboraldian zehar ere ikusi da taldeak bilakaera izan duela. Harrobiko jokalariak hasieran soilik entrenamenduetara etortzen hasi ziren eta partiduak jokatzen amaitu dute denboraldia. Izan ere, hori klubaren helburuetako bat da.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai.