Real Unionek maiatzaren 19an bukatuko du 2012-2013 denboraldia. Zirrararik gabeko urtea izan da talde irundarrarentzat; izan ere, liga buka-tzeko hilabete baten faltan, ez du jada helburu argirik.
Play offarekin lakrikunkerietan ibili da sasoi osoan, baina liga amaitzeko oraindik bost partida geratzen zirenean igoerarako lehiatzeko aukerarik gabe geratu zen. Zaleak kontent geratu dira eskainitako jokoarekin, aurkariek behin baino gehiagotan goraipatu dute mugalarien futbola; baina emaitzek ez dute zelaian erakutsitakoarekin bat egin.
Askok esaten dute horren arrazoi nagusia hainbat partidutan epaileek hartutako erabakiak izan direla, aurten Real Unionen kontra epaitu dutela, alegia. Horren harira, Ricardo Garcia Irungo taldearen lehendakariak bere ikuspuntua eman zuen Klubaren opilaren aurkezpenean: “Argi dago denboraldi honetan epaileek kalte egin digutela, baina ez dut uste honen atzean gure aurka antolatutako kanpaina egon denik, aldiberekotasunen gehiketa izan dela pentsatzen dut, besterik ez”, azaldu zuen.
Garciak helburuak lortu ez izanarekin lotutako beste azalpen batzuk ere eman zituen: “Futbolean, epaiketak eta ondo jokatzea alde batera utzita, zorte pixka bat eduki-tzea ere garrantzitsua da. Badaude alderdi batzuk landu eta kontrolatu ezin direnak, eta sailkapenean gorago egoteko aurten kontu horietan ez dugu zorterik izan”, azpimarratu zuen.
Hala eta guztiz ere, egindako lanarekin pozik dagoela garbi utzi nahi izan zuen, baita ikusi duen futbolarekin ere. “Nire iritziz, denboraldi ona burutu dugu. Taldeak behar den moduan jokatu du eta Irungo zaleak harro daude eskainitakoarekin. Orduan, gure asmoa heldu den urtean proiektu honekin jarraitzea da. Beti esan dugu bi urtetarako plana genuela entrenatzaile honekin eta jokalari hauekin; beraz, ekainean fitxaketa batzuekin taldea mantentzea espero dugu”.
Bestetik, Real Unioneko nagusiak gai ekonomikoei buruz ere hitz egin zuen. Egindako kudeaketa defendatu zuen. Ildo horretatik Klubak lehen zituen zorren ia %80 kitatu dituela aditzera eman zuen. Orain erakundeak duen gaitz bakarra diruzaintza falta da, eta ordainketak eguneratuak ez izatearen zergatia administrazioek Klubari dirua emateko epe desberdinak dituztela dela argudiatu zuen.
“Ekonomikoki, Real Unionen proiektuak etorkizuna badu: 1.300.000 euro inguruko baliabide propioak ditugu; banketxetan lehengo kreditu sarea egongo balitz, ez genuke inongo arazorik. Hala ere, ekainaren bukaeran dena konpondua izango dugulakoan gaude, horretarako egiten dugu lan egunero”, adierazi zuen.
Maiatzaren 31n arratsaldeko zortzietatik aurrera Real Unionek bere Akziodunen Batzar Nagusia egingo du Amaia Kultur Zentroan. Han, Ricardo Garcia lehendakariak bazkideen eta akziodunen aurrean denboraldi honetako zenbakiak eta arazoak aurkeztuko ditu, eta prentsaurrekoan aurreratu zuen bezala, “bertan oso argiak izango gara: espero dugu dena aurrera ateratzea eta datorren urterako aurrekontu polita bermatzea”. Horrela izan dadila.