Inude eta artzainak inauterien etorreraren iragarleak

Inude eta artzainen konpartsak, kaldereroekin batera, Irungo inauterietako lehen ospakizunetako bat da. Ohikoa denez, inauterien asteko aurreko igandean zeharkatzen ditu konpartsa honek hiriko kaleak. Gaur egun, Eraiki dantza taldeko kideak arduratzen dira konpartsaren antolakuntzaz. Itsaso Aranburu eta Xabier Mugika konpartsako koordinatzaileek jai honen atzean ezkutatzen diren xehetasunak azaldu dituzte.

Nola jarri zen martxan Inude eta artzainen konpartsa Irunen?
Hasierako urteetan Irungo Atsegiñako dantza taldea arduratzen zen konpartsaren antolakuntzaz, ohitura galdu zen arte. 1997 urtean Eraikik ohitura berreskuratu zuen Atsegiña elkartearen 75. urteurrena ospatzeko eta 1999 urtetik aurrera Behobiako dantza taldeak konpartsa antolatzeko ardura beregain hartu zuen. Aurten, beraz, 20 urte beteko dira Eraiki konpartsa antolatzen duenetik.

Zer irudikatzen da jai honen bitartez?
XX. mendeko bizimodua irudikatzen duen errepresentazio bat da eta 200 pertsona inguruk parte hartzen dute bertan. Inudeek pertsona dirudunen semeak zaintzen zituzten neskameak irudikatzen dituzte, mutilek artzainen papera egiten duten bitartean.

Eraikik konpartsa antolatzen duenetik aldaketa asko egon dira?
Ez, ibilbidea izan da azken urteetako aldaketa nabariena. Lehen Pio XII ingurutik abiatzen ginenen eta Urdanibia plazan amaitzen genuen ibilbidea. Gaur egun, ordea, eguerdiko 12:00etan Santiago kaletik irten eta, San Juan plazan gelditu eta Zabaltza plazan dantzatu ostean, Luis Marianon bukatzen dugu.

Nondik eskuratzen duzue konpartsako pertsonai zein dantzariak janzteko arropa?
Normalean taldeko dantzariek haien jantzi propioak izan ohi dituzte. Urtero errepikatzen diren pertsonaien arropa, berriz, taldearena da eta Eraikik urtez urte utzi egiten du. Norbaitek pertsonai berriren bat sortu nahi duenean, berriz, bere kabuz prestatzen du jantzia

Konpartsako partaide guztiak taldekoak dira?
Ez, dantzari gehienak tadekoak badira ere, edonork dauka konpartsan parte hartzeko aukera, bai pertsonai moduan edo, oinarrizko euskal dantza ezagutzak izatekotan, baita dantzari moduan ere.

Dantzariez gain, zer bestelako pertsonaiek osatzen dute konpartsa?
Inude eta artzainez gain, garaiko gizartea irudikatzen laguntzen duten bestelako pertsonaiek osatzen dute konpartsa. Alkate-alkatesa, familia aberatsak, elizako kargu ezberdinak, mediku eta erizainak eta garaiko lanbide ezberdinetako langileak, besteak beste.


Bai, urte berezia denez, parte-hartzaileko kopuru handia biltzeko ahalegin berezia egin dugu aurten. Horrela, Zabaltza plazan dantzatzen den errepresentazioan dantzari bikote gehiagok parte hartuko dute aurten. Gainera, Atsegiña Elkarteak kolaborazio berezia izango du desfilean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude