“Los Muñecos de la Tarta” ezkongai azokak Ficobako pabiloira salto egingo du urriaren 18an eta 19an

  • Argazkia: Estudio Gover.

    Urriaren 18an eta 19an

  • Ficobako 1. Pabiloian
  • Sarrera eta aparkalekua doan

Los Muñecos de la Tarta” ezkongaien azoka ezkontza antolatzen ari diren bikoteentzako ezinbesteko hitzordu bihurtu da. Aurtengo azoka urriaren 18an eta 19an egingo da, ohiko doako sarrerarekin. Ezkongaien azokaren 9. edizioak berritasun garrantzitsua dakar: Ficobako hall-ean egin ordez, erakustazokaren 1. pabiloian egingo da. Fernando Vergara Estudio Gover-eko argazkilariak eta azokaren antolatzaileak formatu aldaketaren arrazoiak azaldu ditu.

Aurtengoa azokaren 9. edizioa izango da. Honezkero ekitaldi finko bihurtu dela esango zenuke beraz?

Bada, bai, pandemia bat eta guzti gainditu dugu eta hemen jarraitzen dugu. Erakusketari gehienek urtero errepikatzen dute eta hori da jarraitzera bultzatzen gaituena.

Aurten aldaketa handia dakar azokak; hallean egin ordez, Ficobako pabiloi batean egingo da eta. Zergatik hartu da erabaki hori?

Iaz ozta-ozta izan genuen erakusketari guztiak sartzeko espazioa. Ficobarekin hitz egin ostean, hallean egin beharrean, azoka 1. pabiloira eramatea proposatu ziguten. Lehen azoka bi zatitan banatuta geneukan, hall-ean eta lehen solairuan. Inoiz ez da arazo bat izan, baina aitortu behar da pabiloira joanda erakusketari guztiak elkarrekin egongo garela, espazio zabalagoekin eta azoka gisa hazten jarraitzeko aukerekin.

Eskala handiagoko azoka bat, betiere bisitariarekiko hurbiltasuna galdu gabe.

Azokaren filosofia ez da aldatzen, ez dugu 80 erakusketariz osatutako azoka izan nahi. Bisitatzen gaituzten bikoteek beren ezkontza estutasunik gabe antolatzeko behar duten guztia izatea nahi dugu. Beti esaten dugu familia txiki bat garela, eta denon artean saiatzen gara bikoteak ahalik eta erosoen egon daitezen.

Zeintzuk izango dira 2025eko “Los Muñecos de la Tarta” azokaren datak eta ordutegiak?

Aurreko urteetako ordutegiei eutsiko diegu: larunbatean eta igandean 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Aurten azoka urriaren 18an eta 19an egingo da. Gainera, aurreko edizioetan bezala, azokarako sarrera eta Ficobako aparkalekua guztiz doakoak izango dira.

Horrelako ekitaldi handi baten prestaketa denbora askorekin egin beharko da. Noiz hasten zarete antolaketa lanetan?

Edozein ekitaldi bezala, asko kostatzen da ezkongaien azoka bat antolatzea, eskaintza osatzeko enpresa erakusketariak bilatu behar dituzu urtero, Ficobarekin koordinatu, publizitate kanpainak prestatu, sare sozialak, etab. Neketsua da, baina azoka amaitzen denean beti da atsegina, dena bikain atera dela ikusterakoan.

Azoka hau oso lagungarria izango da bikote ezkongaientzat, izan ere agian egun handiaren prestaketetan galduta ibiliko baitira eta, ezta?

Orokorrean, ezkongaiak bizitzan behin bakarrik ezkontzen dira. Ez da gauza bera ezkontza batera gonbidatu gisa joatea edo ezkontza antolatzen duen bikotearen parte izatea. Azoka gune ezin hobea da egoera horretan dauden ezkongaiei erakusketariek aholkuak eman diezazkieten. Izan ere, azoka osatzen dugunok esperientzia handia dugu, bakoitzak bere sektorean, eta ezkongaiek jaso dezaketen laguntza izugarria da. Kezka asko argitzen ditugu azokara bisita egitearekin soilik.

Azokaren funtzionamendu onaren seinale da erakusketari askok urtero errepikatzen dutela.

Hain zuzen ere, baita enpresa berriek ere, azoka amaitu bezain laster, hurrengo edizioan izango direla baieztatu nahi digute. Normalean, urtero 18 erakusketari inguru izaten dira, eta 5 edo 6 aldatzen joaten dira. Azkenean, erakusketarien artean ere laguntasuna sortu da, giro hau zoragarria da eta haiekin lan egitea are gehiago.

“Erakusketari gehienek urtero errepikatzen dute eta hori da jarraitzera bultzatzen gaituena”

Zein sektore edo erakusketarik hartuko dute parte aurtengo azokan?

Hauek izango ditugu: argazkilariak, bideografoak, bidaia agentziak, emaztegai soinekoak, senargai jantziak, DJ-ak, makillajea eta ile apainketa, dekorazioa, artisau oinetakoak, animazioa, food truck-ak, bitxi dendak, etab. Hau da, zure ezkontza antolatzeko behar duzun ia guztia.

Argazkia: Estudio Gover.

Bisitariei dagokienez, erakartzen al duzue jendea Irundik haratago?

Zati handi bat Donostialdetik etortzen da, jakina, baina Gipuzkoako barnealdetik, Nafarroatik, Gasteiztik eta Bilbotik ere etortzen zaizkigu bisitan, Iparraldetik etortzen zaizkigun bikoteak ahaztu gabe.

Aurten ere Ficobara joan aurretik hitzordua hartzeko aukera eskainiko duzue. Zertarako?

Bai, azokara sartzeko modu errazena da, bisitarientzako sarrera doakoa bada ere, azokaren atarian informazio pixka bat eskatzen diegu. Beraz, Ficobara iritsi aurretik  online betetzen baduzu, atean zure izena eman eta zuzenean sartu ahalko zara; online erregistratu ez bazara, datu gutxi batzuk eman beharko dizkiezu atariko langileei eta segituan sartzeko prest egongo zara.

Gainera, azokaren publiko objektiboa oso berezia da, hau da, norberak ezkontza bat ez duelako ez egunero ez urtero antolatzen.

Halako azoka bateko bezero potentzialak, gehienak, iraungitze data duten bezeroak dira, behin bakarrik ezkontzen direnez ez dira berriro ezkontzeaz interesatzen. Zorionez, urtero jende asko ezkontzen da.

“Bisitatzen gaituzten bikoteek beren ezkontza estutasunik gabe antolatzeko behar duten guztia izatea nahi dugu”

Ezkontzak gero eta denbora gehiagoz prestatzen dira?

Denetarik dago: 2 urteko aurrerapenarekin prestatzen dutenak eta 2-3 hilabeterekin prestatzen dutenak. Guk beti gomendatzen dugu gauzak garaiz egitea; horrela, ez dute estutasunik sentituko denboragatik, eta ezkontza antolatzea ez da estres bihurtuko.

Etorkizunera begira, zeintzuk izango dira azokaren erronkak?

Gure helburua beti da ahalik eta sektore ezberdin gehien ekartzea, bikoteentzat eskaintza ugari izan dadin. Hori da gehien kostatzen dena, lan handia da eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude