Bihar, hilak 17, 17:30ean, “Ver más allá” erakusketa inauguratuko da Martindozenea gaztelekuan. GazteARTEan EXPO programaren barruan Ane Gómez artista hondarribiarraren lanekin antolatutako erakusketa da. Erakusketa azaroaren 14ra arte bisitatu ahalko da.
Aurreko urteetan egindako lanen behaketa arretatsutik sortutako lanek osatzen dute erakusketa. Alegia, lanon bidez, artistaren asmoa ez da ezer berririk sortzea, baizik eta egindakoari erreparatzea; bere obrari beste ikuspuntu batetik begiratzea, xehetasunetik.
Horrela, proposamena xehetasunean oinarritzen da, obra handi batetik aukeratu eta handitutako zati txikietan. Txikitasunean, artistak unibertso abstraktu bat aurkitu du, eta ikusgai eta autonomo egin; obra ez da jaio, bere baitan berriro deskubritu baizik.
Honako hau da erakusketaren planteamendua: Ikusteko modua – Keinuak – Kolorea – Zatiketa – Mutazioa – Materialtasuna. Beren ezaugarriak kontuan izanik aukeratutako etapa desberdinetako hamar pieza txiki jarriko dira ikusgai, unitate propio eta independentea eratzen dutenak. Gainera, formatu ertaineko pieza bat ere ikusi ahalko da: jatorrizko lanaren lagin bat, osotasun baten errepresentazio bat.
Tailerra gaztelekuan
Bihar bertan, artistak berak gazteentzako tailer bat emango du behaketan oinarritutako pinturari buruz, eta parte hartzaileek obra abstraktu bat sortuko dute, ikuspuntu logiko eta hurbil batetik.
Artistak erakusketa osatzen duten obretako bati (formatu ertaineko pintura osoari) arretaz begiratzera gonbidatuko ditu parte hartzaileak, gehien gustatzen zaien xehetasuna aukeratu dezaten xehetasuna bera, kolorea eta egitura kontuan izanik, eta, gero, denek batera, berriro marraztu eta margotuko dute, obra berri bat sortzeko.
Ane Gómez
Ane Gómez Hondarribiko artista plastiko bat da, trebakuntza klasikoa eta esplorazio garaikidea konbinatzen dituena. 5 urte zituela, marrazketa eta pintura akademia batean sartu zen, jaioterrian bertan, eta, han, teknika klasikoa ikasi zuen, hamabi urtez.
Pinturan eta Arte Grafikoetan espezializatu, eta Arte Ederretan graduatu zen. 2022an, Arte Plastiko, Elektroniko eta Denborazkoetako Maisutza burutu zuen, Andeetako Unibertsitatean, Bogotan (Kolonbian), eta badira zenbait urte muralgile ere lan egiten duela askotariko espazioetan.
Bere obraren bidez, Gómezek keinuak eta kolorearen erabilera esploratzen ditu, eta pinturaren materialtasunari balio berezia ematen dioten konposizioak sortzen ditu. Koloreen artean elkarrizketa sortu nahi du, eta behaketara eta hausnarketara gonbidatzen duten esperientzia bisualak sortu.
GazteARTEan Expo
Programa hau 2017an jarri zen martxan, eta eskualdeko gazte talentudun ugari pasatu dira bertatik. Zenbait helburu ditu: gazteei laguntzea beren sormena eta interes artistikoak garatzen, arteak gizartea eraldatzeko tresna gisa duen balioa aitortzeko programa bat garatzea eta nerabeen eta artista gazteen arteko ikaskuntza partekatua bide ematea.



