Santi Jiménez Gazteriako ordezkariak Martindozenea gaztelekuan aurten egitekoak diren erakusketetako lehena aurkeztu du. Sarah Grandes artista irundarraren eskutik, Gazteria arloak abian jarri du Gazteartean Krearen denboraldia. Programa horretan, artista gazte hasiberrien sorkuntza eta artea lantzen dira.
Arloko ordezkariak nabarmendu du ekimenak sorkuntzarekin duen lotura estua. «Oso garrantzitsua da horrelako sorkuntza-programak abian jartzea Irungo gazteen artean. Gazteek badute zer esan, eta ekimen hau oso aproposa da haien kezkak eta ideiak bideratzeko».
Gazteartean Kreak zenbait helburu ditu: gazteei laguntzea sormena eta interes artistikoak garatzen, arteak gizartea eraldatzeko tresna gisa duen balioa aitortzeko programa bat garatzea eta nerabeen eta artista gazteen arteko ikaskuntza partekatua ahalbidetzea.
Aurten 5 erakusketa daude programatuta, bai eta dagozkien tailerrak ere, eta laguntza artistikoko 2 esku-hartze, 16 eta 18 urte arteko ikasleei zuzendutakoak. Aipatzekoa da Gazteartean Krean biltzen direla Gazteartean Expoko ekimen ezagunak eta bestelako jarduera batzuk, hala nola serigrafia-laborategia.
Sarah Grandesen erakusketaren ondoren, martxoaren 8ari buruzko bat izango dugu (Emakumeen Nazioarteko Eguna).
Sarah Grandes
Qispi kay da Sarah Grandesen erakusketaren izenburua (Irun, 1995). Artistak, izandako amets batean oinarrituta, collage erako argazkiak bildu ditu eta, horien bidez, paisaia serie oso bat eratu du, irudi digitalen bidez nahi zuena adierazita eta islatuta. Gorputz-atalez osatutako paisaia bakoitza planteamendu surrealista bat da.
Sarah Grandesek argazki analogikoak erabilita ekin zion sorkuntza-prozesu honi, baina berehala pasatu zen formatu digitalera. Horrela, kalitate eta xehetasun-maila altuagoak lortzeaz gainera, aukera du collagean bizkorrago lan egiteko eta irudien gainean azkarrago «pintatzeko» eta, gainera, tamaina handira pasa ditzake xehetasunik txikienak ere (zimurrak, tolesturak, poroak, orbanak, ileak…), testura eta forma natural bilakatuta. Erakusketan 16 argazki bildu dira, hainbat tamainatakoak (A4, A3) eta, bakoitzaren ondoan, artistak berak idatzitako testu/olerki bat egongo da. Martindozenea gaztelekuan egongo da ikusgai, urtarrilaren 28tik otsailaren 26ra arte. Gainera, bisita birtuala egin ahal izango da Gaztearteanen webgune berritik (http://www.irun.org/gazteartean).
Artistaren beste lan batzuen artean, aipagarria da iaz Emigrazioko eraikinean egin zuen horma-irudia, San Migelen, eraikin horren kanpoaldea berritzeko lanekin batera.