Irungo Kultura arloak iragarri du Inauterietako egitaraueko azken xehetasunak lotzen ari dela

Hasi da atzerako kontaketa 2022ko inauteriak bizitzeko. Aurten, asmoa da jarduera-programak aurreko ekitaldietako itxura berreskuratzen joatea, baina betiere pandemia-egoera oso kontuan hartuta eta, beraz, ekimenak horretara egokituta. Ideia horretan, Irungo Udaleko Kultura arloa, konpartsak eta gainerako erakunde antolatzaileak lanean ari dira otsailaren 19-20ko asteburuan gauzatuko den programa abian jartzeko. Larunbat horretan, Kaldereroen desfilea egingo da, eta igandean, berriz, Inude eta Artzaiena.

Nolanahi ere, eta programa itxi aurretik, Kultura arloa zain dago ostiral honetarako aurreikusita dagoen LABIren bileran zer erabaki eta neurri hartuko diren, agian aldaketak egin beharko baitira azken orduan.

Konpartsei eskerrak ematea
Juncal Eizaguirre ordezkariak azaldu duenez, “Eguberrietan Olentzerok, Mari Domingik eta Errege Magoek Irunera egindako bisitarekin gertatu zen bezala, ororen gainetik arduraz jokatu nahi dugu, eta Inauteriak ahalik eta gehien egokitu nahi ditugu, egoerak eskatzen dituen arretaz eta zuhurtasunez, baina, aldi berean, ilusioa eta itxaropena transmititu nahi ditugu gerora begira, nahi baigenuke gogoan ditugun Inauteriak lehenbailehen itzultzea”. Ordezkariak, halaber, eskerrak eman nahi izan dizkie konpartsa guztiei “hilabeteak baitaramatzate beren egutegietako egun jakin horietarako lanean. Badakigu ez dela erraza horrelako zerbait prestatzea testuinguru honetan, eta horregatik du balio handiagoa Irungo inauteriengatik egiten duten lanak”.

Irungo Udaleko Kultura arloak gogorarazi duenez, urtarrilaren 28ko 14:00etan bukatuko da Irungo 2022ko inauteriak iragartzeko kartelen lehiaketan parte hartzeko epea. Lanak Amaia KZn aurkeztu behar dira (López de Becerra kaletik sartuta), asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara, eta igandeetan, 11:30etik 13:30era. Urtarrilaren 28an, ostiralarekin, 09:00etatik 14:00etara bitartean aurkeztu ahal izango dira kartelak. Informazio gehiago nahi izanez gero, udal webgunean kontsultatu daitezke lehiaketaren oinarriak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude