Irungo Udalak eta entitate kolaboratzaileek Inauteriak era birtualean ospatzeko bideoak sortu dituzte

Irungo Udalak eta entitate kolaboratzaileek 2021eko Irungo Inauteriak era birtualean ospatzeko hainbat bideo sortu dituzte. Horrela, Eusko Jaurlaritzatik hartutako neurriak errespetatuz, hiriko Inauterietako antolatzaileak omentzeko zenbait bideo argitaratuko dira udal webgunean datozen egunetan zehar. Era berean, Irungo Udalak hiritarren erantzukizuna eskatu du Inauteri datetan COVID-19aren zabalpena ekiditeko neurriak errespetatu daitezen.

Ohiko egoeran, Irunen 2021eko Inauterien ospakizuna asteburu honetan hasiko litzateke Kalderero eta Iñude eta Artzaien konpartsarekin, hurrengo astean Zanpantzar eta desfile herrikoiekin jarraitzeko. Osasun krisialdiaren bilakaera eta Eusko Jaurlaritzaren 44/2020 Dekretuaren xedapen orokorrean kultura-jarduera eta  – ikuskizunei daokien atalean zehaztutakoaren arabera, Irungo Inauterien programaren barruan antolatu ohi diren ekitaldien antolaketa debekaturik dago. Hau da, ekitaldi guzti horiek ohiko formatuan antolatzea ezinezkoa da.

Egoera honen aurrean, Irungo Udaleko Kultura arloak Irungo Inauterietan ekintza ezberdinak antolatu ohi dituzten entitateekin bilera telematikoa egin zuen entitateei osasun larrialdiarekin loturiko informazio eta araudia jakinarazteko. Horrela, entitateen eskariak erantzunez, udal webgunean proiektatuko diren bideo batzuk sortu dira, hiriko Inauterien antolaketan parte hartu ohi duten pertsonak omentzeko. Bideoak datozen egunetan zehar argitaratuko dira Irungo Udalaren webgunean.

Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariak, egoeraren konplexutasuna kontutan izanda, Inauterien inguruan lanean dabiltzan entitate, dantza-eskola eta gainontzeko konpartsen lana eta kolaborazioa eskertu du. “Inauteriak bezalako jai berezi batzuk ezin ospatzea zein garrantzitsua den dakigu, hilabete luzez festa aurrera ateratzeko pertsona askok lan egiten dutela kontutan hartuta, baina, egoerak horretarako aukera ematen duenean ziur gaude Inauteriak oraindik gehiago gozatuko ditugula”, gaineratu du udaleko Kultura ordezkariak.

Zentzu horretan, Irungo Udalak hiritarren banakako erantzukizuna eskatu du, datozen egunetan zehar higiene eta segurtasun neurriak (maskarak, pertsonen arteko distantzia, eskuen higienea, ordutegiak, edukierak, jende pilaketak saiheste, eta.) errespetatu daitezen. Era berean, Inauteriak direla eta COVID-19aren pandemiaren zabalpena ekiditeko hartutako neurrien urraketa eragingo luketen egoerak saihestea eskatu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude