Alde Zaharra – San Juan auzo elkarteak Inauterietarako balkoi eta leihoak apaintzeko gonbidapena luzatu die auzokideei

2021eko Inauteriak direla eta, Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak auzoko balkoi eta leihoak apaintzeko deia luzatu die auzokideei. Horrela, auzoko kale eta plazetara auzo dinamiko baten normaltasuna itzuli bitartean, 2021ari itxaropenez ekiteko nahia zabaldu dute.

Inauteriak aprobetxatuz auzoko balkoi eta leihoak apaintzeko deia egin da auzo elkartetik, Irungo Alde Zaharra eta San Juan ingurua kolore, alaitasun eta itxaropenez betetzeko. Beraz, auzokideen irudimena bultzatuz otsailaren 11tik, Ostegun Gizena, otsailaren 16ra, Inauterietako Asteartea, balkoiak eta leihoak apaintzea da helburua. Hortaz gain, apaindutako balkoi edo leihoei argazkia atera eta sare sozialetan partekatzea eskatu da elkartetik, horretarako, #inauteriakaldezaharrean traola erabiliz.

Auzo elkartetik gogoratu denez, antropologo ezberdinek diotenez,  Euskal Herriko inauteriak, udaberrira deituaz, espiritu gaiztoak desagerrarazi edo uxatu nahi diren lurreko indarrak berpizteko jaiak omen dira. Beraz, Alde Zaharra-San Juan auzo elkartetik auozko balkoi eta leihoak kolore eta alaitasunez bete nahi dira, Pandemia osteko udaberri kolektiboaren itxaropenarekin.

Amaitzeko, auzo elkarteak agintariek ezarritako arauak errespetatzeko deia egin du, COVID-19a herritarren artean kutsatzea ekidin eta guztiok elkarrekin 2022ko Inauterietara osasuntsu iristeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude