Eskutitzen bitartez iristen den konpainia

Gaur ospatzen den Belaunaldien arteko Elkartasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arloak jakinarazi du “Laguntza-gutunak” proiektuari ekin diola. Ekimen hori konfinamenduko aste hauetan adinekoei laguntzeko sortu da. Programa Irunen sortu da, Itziar Sistiaga Irungo idazlearekin eta idazkera irakaslearekin elkarlanean, adinekoengandik eta bakarrik senti daitezkeen pertsonengandik hurbilago egoteko.

Ekimenaren bidez, beren egoeragatik horrelako laguntza behar izan dezaketen adinekoentzat gutun anonimoak bidaliko dira. Gutun horien bidez, konfinamenduak pertsona batzuengan eragin ditzakeen bakardade eta tristura-uneen ondorioak arintzen lagundu nahi da. Datozen egunetan, Irungo Udalak azken aste hauetan harremanetan egon den adinekoei gutun hauek bidaltzeko asmoa du.

Itziar Sistiagak egin ditu gutunak, eta, boluntario talde batekin batera, 27 gutun anonimo sortu ditu. Horiek webgunean eskuragarri daude, eta bertatik deskargatu daitezke irakurtzeko edo inprimatzeko. Gainera, eskutitzak entzun ere egin daitezke, horietako batzuk grabatu egin baitira berehalako mezularitzako aplikazioen bidez bidali ahal izateko.

Gizarte Ongizateko Arloak astero gutun bat aukeratuko du, eta hainbat lekutan banatuko du; hala nola Lekaeneako apartamentuetan; adinekoen lokalak dinamizatzeko lokaletako dinamizazio-taldeak ere gutun bera eta audioa bidaliko ditu zentroetako erabiltzaileekin partekatzen dituzten berehalako mezularitzako aplikazioen taldeetara, eta Babes Zibileko boluntarioek adineko pertsonen etxeetara banatuko dituzten erosketa-poltsen barruan helaraziko dituzte gutunak. Gainera, gutun hauek adineko pertsonen egoitzetara ere bidaliko dira, zentroetako dinamizatzaileek ere erabil ahal ditzaten.

Erabilera librea

Gutun hauek adineko pertsonentzako sortu badira ere, Itziar Sistiagaren web-orrian daude eta deskargatzeko interesa duen edonork erabil ditzake. Gutun horien azken helburua da gehien behar dutenengana iristea. Beraz, etxe-atarietan jar daitezke edo ustez bakar samarrik sentitzen diren bizilagunen atearen azpitik sartzeko ere erabil daitezke.

Belaunaldien arteko Elkartasunaren Nazioarteko Egunaren barruan, Gizarte Ongizateko Arloak gogorarazi du ekimen hau bat datorrela aste hauetan konfinamenduaren alarma-egoera dela-eta sustatzen ari den beste ekimen batzuekin, hala nola Nagusilanekin koordinatzen duen telefono-zerbitzuarekin, bai eta kolektibo horrekin egiten ari diren laguntza-lan guztiekin ere; horien artean, Udalerriko 65 urtetik gorako adinekoei egindako ia 6.000 deiak daude.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude