Alarma egoeraren ondorioz ezarritako berrogeialdiak eskualdeko kirol klubak noraezean utzi ditu denboraldi amaierara begira. Ohiko entrenamenduekin batera, jokoan zeuden txapelketa eta liga asko bertan behera gelditu dira. Eduardo Cortez Bidasoa XXI klubeko waterpolo saileko entrenatzailea da eta klubeko kirolariak etxeko entrenamendu berrietara nola egokitu diren azaldu du.
Denboraldiko zein momentutan zeudeten alarma egoera ezarri zenean?
Denboraldiko bigarren zatian geunden, hau da, ligako bigarren fasean. Nesken kasuan igoera-fasean sartzeko borrokatzen ari ginen, ligako lehen postuen artean sa- ilkatuta geundelako. Egoera honen ondorioz orain arte lortutako guztia airean dago eta arazoa luzerako doala dirudienez, dena bertan behera geldituko dela uste dugu.
Udal kirol instalakuntzen itxierak ustekabean iritsi zen?
Bai, aste bateko aurrerapenarekin abisatu gintuzten eta oso konplikatua izan zen, kirolariek lanean jarraitzeko gogo asko zeuzkatelako.
Etxetik bada ere, entrenamenduekin jarraitzeko saiakera egin duzue?
Bai, hiriko gainontzeko kluben antzera, WhatsApp-eko taldeen bidez etxean egiteko ariketak bidaltzen dizkiegu, gutxienez, egunero ordu bateko ariketak egin ditzaten. Entrenamenduetan landutakoa jarraituz, etxean entrenamendu fisikoak mantentzeko ahalegina egiten ari gara.
Kirolariek seriotasunez jarraitzen dute entrenatzaileek agindutakoa?
Orokorrean bai, helduenek batez ere. Txikien kasuan, gurasoekin elkarlanean lan egiten saiatzen gara, haien inplikazioaren bitartez etxeko txikiak lagundu ditzaten.
Nola antolatzen dituzue entrenamenduak?
Eguneko errutinak antolatzen dizkiegu, ahal den neurrian ohiko entrenamenduen ordutegiak errespetatuz. Hortaz gain, haiekin hitz egin dugu bidaltzen dizkiegun ariketekin nola moldatzen diren jakin eta zalantzak argitzeko. Era honetan, egoera normalizatzen saiatu eta etxean ekintzak ezberdinak egiteko proposamena luzatu nahi diegu. Gainera, txikienen kasuan, kirolaren laguntzaz egoera ezohikoa bizitzen ari garela ulertarazten lagundu nahi diegu, arduraz eta erantzukizunez jokatu behar dela erakusteko.
“Kirolari bakoitzak duen material, espazio eta egoerara egokitu behar zara”
Eduardo Cortez, Bidasoa XXI klubeko waterpoloko entrenatzailea
Egoera honen aurrean, teknologia berriek komunikazioa erraztu dizuete?
Bai, klubeko antolaketa jarraituz talde ezberdinak sortu ditugu eta taldekide guztien parte-hartzea ahalbidetzen duten aplikazioak erabiltzen ditugu haiekin komunikatzeko.
Zaila da entrenamenduak etxetik antolatzea?
Bai, azken finean, denboraldirako aurreikusitako entrenamendu plana goitik behera aldatu eta egoera berrira egokitu behar duzu. Kirolari bakoitzak duen material, espazio eta egoerara egokitu behar zara.
Waterpoloaren kasuan, igerilekua ezinbestekoa da ohiko entrenamenduei eusteko?
Gure kasuan urarekin kontaktua izatea ezinbestekoa zaigu. Dena amaitzen denean uste dugu, gutxienez, hilabete bat beharko dugula uretara itzuli eta denbora tarte honetan galdutako guztia hurrengo denboraldira begira berreskuratzeko.
Federazioarekin kontaktuan zaudete?
Bai, dena bertan behera gelditu dela jakinarazi digute, bai liga zein bestelako txapelketa guztiak.
Nola jaso dute klubeko kirolariek albistea?
Pena handiz, orokorrean emaitza onez betetako denboraldia egiten ari ginen eta, egun batetik bestera, dena ezerezean gelditu da.
Kirola berrogeialdia hobeto kudeatzeko lagungarria izan daiteke?
Bai, orokorrean, guztiok etxean denbora asko pasatzen dugunean ariketa fisiko gutxiago egiteaz gainera, okerrago jateko ohitura dugulako. Beraz, entrenamendu berezi hauen bitartez etxean mugitzeko motibazioa emateaz gainera, elikadura osasungarria mantentzearen garrantziaz kontzientziatu nahi ditugu.
Txapelketak bertan behera gelditu arren, ahal bezain laster uretara itzuliko zarete?
Bai, berrogeialdia amaitu eta baimena jaso bezain laster klubak lanean jarraitzeko asmoa du, izan ere, abuztuko hilabetean gelditu ohi gara bakarrik oporrak hartzeko.