Gorka Pablos, Ander Monserrat eta Aritz Larrarte Ramuntxo Trinketeko jokalariek, aspalditik Irunen bizi den Sebas Martinez argentinarrarekin, brontzezko domina eskuratu zuten mundialean. Espainiako Trinkete Selekzioarekin jokatu zuten gomazko pilota kategoriaren barnean urriaren 14tik 20ra Bartzelonako Vall d´Hebron-eko frontoi olinpikoetan. Bi urteetako lan gogorraren ostean, irundarrak dominarekin itzuli dira etxera.
Zein sentsaziorekin itzuli zineten etxera mundiala jokatu ostean?
Gorka: Sentsazioa ona izan zen, domina bat lortzeko helburuarekin joan ginen eta domina lortu genuen. Hala ere, finalean sartzeko zorian egon ginen arren, azkenean ezinezkoa iza zen.
Ander: Amorru gehiago ematen du bigarren postua oso hurbil izan geneukalako.
Pozik zaudete lortutako emaitzekin?
Aritz: Gure helburua finalerdira iristea zen eta dominengatik borrokatzea. Dominak eskuratzea zaila zegoen arren, Mexikoren aurkako partiduan gu finago ibili ginen eta, horri esker, brontzezko domina etxera ekarri genuen.
Esperientzia garrantzitsua da mundial bat jokatzerako orduan?
Gorka: Bai, aurretik mundialen bat jokatu baduzu giro horretan jokatzera ohiturik zaude. Guk hemen lagunen artean jokatzen dugu eta harmailan senideak daude.
Aritz: Mundialetan aritu ez arren, partidu garrantzitsuetan aurkari ezezagunen aurka jokatzen ikasi daiteke ere.
Zein selekzio izan dituzue aurkari mundialean jokastutako partiduetan?
Gorka: Lehen partidua Argentinaren aurka. Horren ostean, Txile izan genuen etsai. Finalerdia Frantziaren aurka galdu genuen eta, azkenik, Mexikorekin lehiatu ginen hirugarren postua lortzeko.
Zein izan da aurkaririk zailena?
Gorka: Argentina maila gorena duen selekzioa da. Izan ere, mundialen historian ez du partidu bat bera ere galdu eta, jakin badakigu, haiek guk baino maila altuagoa dutela.
Afizioaren babesa iritsi zitzaizuen Bartzelonaraino?
Aritz: Bertara joan zen eta joan ez zen jendearen babesa sentitu genuen. Gainera, partiduak online ikusteko aukera zegoenez, jendeak gertutik jarraitu ahal izan gaitu, nahiz eta partiduak ikusteko sarrerak segituan agortu ziren.
Zeintzuk dira zuen hurrengo helburuak?
Gorka: Orain klubak antolatzen duen Txingudi Torneoa jolasten ari gara etxean. Nahiz eta maila ofizialekoa ez den, jokalari onek jolasten dute bertan eta maila altuko partiduak ikus daitezke bertan.
Ander: Gainera, txapelketa honetan errazago zaigu inguruko beste taldeekin kointziditzea, beste partidu batzuetan elkarrekin jokatzeko arazo gehiago izan ohi baititugu.