Haimar Etxeberria, txirrindularia: “Fisikoki hobetzeaz gain, uste dut mentalki ere asko aurreratu dudala”

Iturria: Haimar Etxeberria.

Normalean iraila izaten da kirol gehienek denboraldia hasten duten momentua, baina txirrindularitzan urte hasierarekin batera igotzen dira berriro bizikleta gainera. Haimar Etxeberria Txirrindulari irundarra da eta iazko denboraldian hainbat zailtasun izan zituen arren, hasi berri duen denboraldirako erronka handiak dituela azaldu du.

Denboraldia hasi berritan, zer sentsazio dituzu?

Guk normalean denboraldia irailean bukatzen dugu eta hilabete bateko atsedena hartu ohi dugu. Urtarrila amaieran edo otsaila hasiera aldera berriro txirrindularitza klubetan denboraldiari hasiera ematen zaio, normalean Frantzia inguruan. Aurten otsaila hastearekin batera jarri gara martxan. Denboraldia hasi arte ezinezkoa da jakitea fisikoki benetan nola zauden, neguan, ordu asko sartu behar baitira bizikleta gainean eguraldi txarrarekin.  Pozik nago hasierarekin, Bokale-Tarnosen 9. postua lortu nuen eta Zuraide-Cambon garaipenarengatik borrokatu nuen azken metroetara arte, baina hirugarren izan nintzen.

Beraz, lehen lasterketak neguko lanaren emaitza ikusteko baliagarriak dira, ezta?

Bai, gainera Essor Basque oso proba egokia da horretarako, txirrindulari profesionalekin lehiatzen zarelako eta ondo dator erritmoa hartzeko. Espainiako lasterketak, berriz, otsaila bukaeran hasten dira. Beraz, oso pozik nago lehen emaitzekin eta lider postua mantentzen saiatuko naiz.

Euskal Federazioarekin batera lehiatzeko aukera harro egoteko modukoa da, noski.

Normalean Essor Basquen euskal selekzioarekin lehiatzen gara eta 6 edo 7 taldekide aukeratzen dituzte horretarako. Beraz, pozik nago eman didaten aukerarengatik. Gainera, talde polita osatu dugu eta hori ere garrantzitsua da txapelketei begira.

“GPSak lasaitasuna ematen dizu ia dena kontrolatzen duelako, aurkarien egoera izan ezik”

Atsedenaldiaren ostean, erraza al da erritmoa hartzea?

Deskantsatu ostean, pisu handiagoarekin itzultzen zara. Nik normalean bizikleta hilabete batez uzten dut eta gero pixkanaka entrenamendu erritmoa berreskuratzen noa. Irailaren amaierarako bizikleta gainean nengoen berriro, baina lasaitasunez hartu nuen. Normalean Calpera joaten gara entrenatzera, baina aurten eguraldi ona egin duenez, hemen geratu naiz. GPSak lasaitasuna ematen dizu ia dena kontrolatzen duelako, aurkarien egoera izan ezik. Neguko prestaketa oso gogorra da eguraldiarengatik, eta beraz, oso lasaigarria da zerbaitetarako balio duela ikustea.

Txirrindularitzan, banakako kirola izaki, txapelketak al dira bakoitzaren maila neurtzeko aukerak?

Hori da. Egungo teknologiak gure kabuz esfortzu probak egitea ahalbidetzen digu. Horrela, txapelketetara iritsi aurretik badakizu gutxi gorabehera nola zauden. Hala ere, zu egoera onean egon arren, baliteke lehiakideak are hobeto egotea. Beraz, zalantza beti hor duzu. Zorte ona izan dugu negu hau ondo joan delako.

Denboraldi berrirako Finisher taldera aldatu zara. Erraza izan al da egokitzapena?

Aldaketa beharrezkoa nuen, iazko denboraldia apur bat gogorra izan baitzen. Erorketa ugari izan nituen eta entrenatzen ari nintzela kotxe batek harrapatu ninduen. Lehengo taldean eroso nengoen arren, iazko denboraldi erdian argi ikusi nuen aldaketa behar nuela. Finisherren nik behar nuen lasaitasuna aurkitu dut, konfiantza eman didate eta. Orain dudan prestatzailea eta zuzendaria 12 urte nituenetik ezagutzen dut eta horrek ere asko laguntzen du. Astean 25 orduz entrenatzen duzu eta burua ondo edukitzea oso garrantzitsua da.

Hortaz, taldean familia giroa sentitzea garrantzitsua dela esango zenuke?

Bai, etxean zaudenean errazagoa da edozein zailtasunen aurrean familiaren edo lagunen babesa sentitzea. Etxetik kanpo zaudenean, porrotekin edo etsipenak dituzunean buruak buelta asko ematen ditu. Momentu horietan ingurukoen lasaitasuna eta maitasuna oso garrantzitsua da, hurrengo probetarako berriro zugan sinets dezazun.

“Aurtengo helburu nagusia maila profesionalera pasatzea da”

Iturria: Haimar Etxeberria.

Iazko denboraldian izandako zailtasunetatik zerbait ikasi duzu?

Egia da aurreko denboraldia ez zela batere erraza izan niretzat. Momentu onak eta txarrak izan nituen. Adibidez, klabikula hautsi osteko lehen hilabeteetan lo egitea asko kostatzen zitzaidan, eskumuturrean mina eta gorputzean zauriak nituelako. Beraz, logikoa denez, egoera horretan gaizki pasatzen duzu. Dena den, gaizki zaudenean gauza asko ikasten dituzu. Beraz, fisikoki hobetzeaz gain, uste dut mentalki ere asko aurreratu dudala. Denboraldi amaierarako emaitzak onak izatea lortu nuen eta orduan gaizki pasatakoak ahazten zaizkizu. Horregatik, garrantzitsua da buruan izatea edonoiz momentu txarrak itzul daitezkeela eta etorri bezala pasa egingo direla. Hori ez da bizikletan bakarrik gertatzen den zerbait, lanean edo bizitzako beste edozein esparrutan ere gerta daitekeen zerbait da. Hortaz, zailtasunak kudeatzen jakitea funtsezkoa da.

Ongizate mentala zaintzea posiblea da. Zuk nola egiten duzu?

Nik adibidez egunero nire prestatzailearekin hitz egiten dut nola nagoen berari kontatzeko. Familiaren laguntza ere ezinbestekoa da. Azken batean, iristen zaizun informazio guztia filtratzen ikasi behar duzu. Esaterako, sare sozialen bidez iritsi daitezkeen iruzkin txarrak kudeatzen jakin behar duzu. Gainera, zure atzetik lantalde oso bat duzunez, presioa are handiagoa da. Lasterketetan ni naiz aurpegia ematen duena, baina nire atzetik dauden guztien inplikazioa eskertzen eta errespetatzen saiatzen naiz uneoro.

Denboraldi berriari begira, zer helburu dituzu?

Aurtengo helburu nagusia maila profesionalera pasatzea da. Aurreko denboraldian lan hori ia eginda nuen, baina azken momentuan taldearekin arazo batzuk izan ziren eta ezin izan nuen lortu. Horretaz gain, Espainiako Kopa Orokorra irabazten saiatu nahi dut. Bidasoko itzulia etxeko buelta da eta beti bertan familiako kideen eta lagunen laguntza inon baino gehiago ikusten denez, asko gustatuko litzaidake behintzat etapa garaipenen bat lortzea eta garaipen jenerala izan badaiteke, ba askoz hobeto.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude