Alde Zaharra eta San Juan inguruko balkoi zein leihoak apaintzeko gonbidapena

San Pedro eta San Martzial jaien atarian, Alde Zaharra – San Juan auzo elkarteak auzoko balkoi eta leihoak apaintzeko lehiaketa antolatu du. Jaien inguruan auzoan antolatzen den era honetako lehen lehiaketa da eta 2020. urtean hiriko jaiak auzoan eta etxetik ospatzeko proposamena luzatu nahi da lehiaketaren antolaketaren bitartez. Horrela, auzo elkartetik bizilagun guztiei lehiaketan parte hartzera animatzen dituzte.

Alde Zaharra eta San Juan elkarteko kideek azaldu dutenez, azken hilabeteetan zehar bizitako osasun krisialdiaren ondorioz, etxeetako leiho eta balkoiak txalo, musika eta mezu ezberdinez bete dira. Oraingoan eta hiriko jai ezohiko batzuen ospakizuna medio, balkoi eta leihoei protagonismo berezia eman nahi zaie berriro, auzoko kaleak apaingarri eta jai giroz betetzeko.

Lehiaketan izena emateko modu bakarra egongo da, hau da, ekainaren 20tik 25era bitarte email bat bidali behar da aldezaharrasanjuan@gmail.com helbide elektronikora. Mezuan lehiaketan parte hartuko duen balkoi edo leihoaren argazkia atxikitzeaz gainera, lehiaketan parte hartu nahi duen pertsonak bere izen-abizen, etxearen helbidea eta telefono zenbakia zehaztu beharko ditu.

Lehiaketako irabazlea hautatzerako orduan, material birziklatuen erabilera kontutan hartuko da. Hala ere, parte hartzaileek haien leiho eta balkoiak nahi duten moduan apaintzeko askatasun osoa izango duten, beti ere, ingurugiroa, hau da, kaleak eta bizilagunen etxeak errespetatuz eta segurtasuna bermatuz. Irabazlea hautatuko duen epaimahaia hiru pertsonek osatuko dute, apaintze lanetan aditua den pertsona bat eta auzo elkarteko bi ordezkarik eta erabakiak zein bozketak ate itxiekin egingo dituzte.

Balkoi eta leihoak apaintzeko auzokideek egindako lana epaitzerako orduan hainbat irizpide kontutan hartuko dira. Batetik, konposizioaren originaltasun eta sormena aztertuko dira. Hortaz gain, apaingarrien kalitatea, osotasunaren armonia eta diseinua eta lanarekiko fintasuna ere balorazioa egiterako orduan kontutan izango dira.

Sariak
Lehiaketak kategoria bakarra izango du, balkoi eta leiho onena, baina, epaile taldeak behar adina aipamen berezi egiteko aukera izango du. Hortaz gain, lehiaketako parte hartzaileen artean auzoko merkataritza guneek prestatutako sariak zozketatuko dira. Auzoko merkatariek eskainitako sariak banatzeko zozketa ekainaren 28an egingo da, eta, streaming bidez, sare sozialetan ikusgai egongo da.

Epaimahaiaren erabakia lehiaketari dagokionez eta sari banaketa ekainaren 29an egingo da. Sari banaketa irabazleei aurretik jakinaraziko zaien egun, ordu eta lekuan egingo da. Horretarako, auzo elkarteko kideak telefonoz edo posta-elektroniko bidez irabazleekin kontaktuan jarriko dira. Dena dela, epaileek ezarritako kalitatezko oinarrizko mailak bermatu ez direla adosten badu, sariak eman gabe geratu daitezke.

Lehiaketan parte hartzeko pausua ematen den unean, parte-hartzaileak lehiaketako parte hartzea zehazten dituen oinarri guztiak onartzen ditu. Hortaz gain, automatikoki auzo elkarteak baimena izango du irabazlearen izen-abizenak eta balkoi edo leihoaren argazkia zabaltzeko, lehiaketaren ebazpena publikoki ezagutarazteko eta sare sozial zein prentsaren bitartez partekatzeko aukara izango du.

Auzokideentzako deialdia
2020ko San Pedro eta San Martzial jaietako balkoi eta leiho apaintze I. lehiaketan parte hartzeko ezaugarri nagusia auzoan bizitzea izango da. Elkartetik zehaztu denez hauek dira auzoa osatzen duten kaleak: Aldapeta, Pikoketa, Joaquin Gamon, Berrotaran, Fueros, Legia, Nagusia, Fermin Calbeton (1-5), Eliza (2-6), Arbelaitz, Leon Iruretagoyena, San Juan plaza, Prudencia Arbide, Señor Aranzate, Eguzkitzalea (2-18), Eguzkitza, Jesus, Larretxipi, Sargia, San Marcial, Peña, Contracalle, Travesia, Urdanibia plaza, Juncal (6-12), Pelegrin de Uranzu, Papinea, Pedro de Irizar, Salvador Etxeandia, Korrokoitz Santa Elena eta Ermita (2-48).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude