Familia zaurgarrienek maskarak eroskeko aukera izan ditzaten diru-laguntzak emango ditu udalak

Maiatzeko ohiko osoko bilkuran, Elkarrekin Podemos taldeak aurkeztutako zuzenketa bat onartu zen, aho batez, herritarrei maskarak erosten lagundu beharrari buruzkoa, kontuan izanik berauen erabilera orokortu egingo dela eta “pertsonen artean bi metroko gutxieneko distantzia uztea bermatu ezin den leku publikoetan maskara nahitaez” erabili beharko dela. Onartutako zuzenketak behar horrek familia bakoitzari eragingo dion gastuan jartzen zuen arreta, familiarik zaurgarrienen egoera sozioekonomikoa larriagotzea ekar baitezake.

Elkarrekin Podemos taldeko bozeramaile David Sotok ziurtatu zuenez, “egoerarik okerrenean dauden familientzako laguntza motak eguneratu behar ditugu, gastua dakarten eta oraingoz luzerako sortu diren beharren arabera, hala nola maskaren beharraren arabera. Kontuan izan behar dugu zailtasunak dituen familia batentzat gastu finko berri handia izan daitekeela familiako kide guztiak maskarez hornitzea, eta beharrezkoa da Udala adi egotea eta arazo horri aurre egiteko birgaitzea”.

Aho batez onartutako zuzenketaren bidez erabakitakoa bete, eta gizarte larrialdietarako laguntzak eta laguntza bereziak emateko irizpideak aldatu ditu Udalak, maskarak oinarrizko beharren artean sartzeko. Horrela, hileko eta 6 urtetik gorako pertsonako 25 euro emango zaizkie gizarte larrialdietarako laguntzak jasotzeko eskakizunak betetzen dituztenei –gehienez ere, hileko 125 euro emango dira bizikidetza unitateko–.

Gizarte Zerbitzuetako ordezkari Cristina Labordak azaldu duenez, “dekretu bidez alarma egoera ezarri zenetik, argi genuen laguntza batzuk malgutu behar genituela konfinamenduak iraun zuen bitartean sortutako behar berriei erantzuteko. Orain, konfinamendua arintzearekin eta normaltasunera itzultzearekin, arazoak sortu dira berriro, egoerarik okerrenean dauden familien baitan bereziki, eta familia horien beharrei erantzuteko egokitu behar genuela iruditu zaigu, baita adinekoen beharrei erantzuteko ere, talderik ahulena baita eta gure lehentasunetako bat izan baita hasieratik”.

Adinekoiei maskarak bidaltzea

Pandemiaren barruan, arriskuan eta egoera ahulean dauden taldeetako bat osatzen dute 65 urtetik gorakoek. Horregatik, aipatutako zuzenketaren harira, Udalak bi maskara bidaliko ditu 65 urtetik gorakoen etxeetara, zuzenean.

Eskaera Eusko Jaurlaritzari

Aipatutako zuzenketaren harira, bi eskaera egingo zaizkio Eusko Jaurlaritzari: batetik, maskarak errezeta elektronikoaren bidez erosteko dirulaguntzak emateko, maskarak eskuragarriagoak izan daitezen, eta, bestetik, FFP2 motako maskarak emateko aurretik horrelako maskarak erabiltzera behartzen dituzten osasun arazoak zituztela egiaztatzen duten pertsonei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude