Arbeseko egoitzaren etorkizuna zalantzan dago azken urteetan zehar pilatutako atzerapenen ondorioz

Orain dela bi urte, Gipuzkoako Foru Aldundiak Irungo Arbeseko egoitzaren lizitazioa iragarri zuen, eta 2021eko udazkenerako amaituta egotea espero zen. Zentro aitzindaria: 130 plaza, mendetasun-egoeran dauden adinekoentzat; 54 apartamentu, tutoretzapean, eta 26, ezinduentzat, eta baita eguneko zentro bat ere. Hainbat arrazoirengatik, ordea, atzerapenak pilatzen joan da foru-erakundea, eta proiektua ezta esleitu ere egin oraindik.

Irungo Udalean izan diren azken albiste ofizialak azaroaren lehen egunetakoak dira; izan ere, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak Udalari eta Adinekoen Batzordeko kideei jakinarazi zien bere sailak erabaki zuela egoitza berriko lanen kontratazio-espedientea geldiaraztea, txosten batek ohartarazi baitzien pleguetan ez zela jasotzen COVID-19ak sortutako egoera berria. Maite Peñak jakinarazi zuen lanean ari direla beharrizanen eta bideragarritasun ekonomikoaren txostena egokitzeko, egungo egoerarekin bateragarria izan dadin, eta horrek 3 edo 4 hilabeteko atzerapena ekar dezakeela.

Bilera hartatik 3 hilabete igaro dira, eta David Nuño Gizarte Zerbitzuetako ordezkaria kezkatuta agertu da; “izan ere, ez dugu inolako berririk jaso Aldundiaren aldetik pleguen berritzeari, tramitazioari edo proiektuan egin nahi dituzten aldaketei buruz. Eta ez hori bakarrik, aste honetan, prentsaren bidez jakin dugu Aldundia proiektua birplanteatzen ari dela”.

Ordezkariak aipatu dituen adierazpenetan esaten denez, “beharrezkoa da Arbeseko eredu arkitektonikoa berrikustea, azaleren diseinuari eta antolaketari dagokienez, eta, ondorioz, guztizko kostua ere egokitu behar da”.

Irungo ordezkariak gogorarazi du Aldundiaren eta Irungo Udalaren arteko hitzarmen baten ondorio dela Arbes, eta Udalak lagako duela partzela eta bere eskumenekoak diren tutoretzapeko apartamentuak finantzatuko dituela, “beraz, zentroaren ezaugarriak eta dimentsionamendua barne hartzen dituen edozein aldaketa udalarekin tratatu beharko litzateke”, azaldu du David Nuñok, eta informazioaz gainera, eskatu du lehenbailehen abia dadila behingoz hainbeste desio den azpiegitura hori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude