Udal Liburutegiko erabiltzaileen euskarazko irakurzaletasuna ikertuko du 14. Jose Antonio Loidi Bekak

Jose Antonio Loidi Euskarazko Ikerketa Bekaren 14. edizioa irabazi du “Euskarazko irakurzaletasuna Irungo Udal Liburutegian” izeneko proiektuak. Lehiaketara 5 proiektu aurkeztu ziren eta Unai eta Maialen Oiartzun anai-arreba irundarren proposamena izan da garaile. Datozen hilabeteetan zehar azterketa garatzeko lanean murgilduko dira proiektu irabazleko ikerlariak.

Ikerketa martxan jartzeko ideia bi anai-arreba hauek literatura eta irakurketarekiko duten zaletasunetik piztu zen. “Neurri handi batean euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dugun arren, gazteleraz irakurtzeko ohitura genuela konturatu ginen”, azaldu du Maialen Oiartzun ikerlariak. Kezka horretatik abiatuta sortu zen irakurleen hizkuntza hautuak aztertzeko interesa. Abiapuntu moduan, beste datu batzuen artean, Siadeco Ikerketa Elkarteak Elkar Fundaziorako egindako ikerketaren datuak kontutan hartu dituzte. Datu horien arabera, euskaldunen %54ak gazteleraz irakurtzen du, %23ak euskaraz irakurtzea hautatzen duen bitartean.

“Neurri handi batean euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dugun arren,

gazteleraz irakurtzeko ohitura genuela konturatu ginen”

Maialen Oiartzun, ikerlaria

Hurrengo hilabeteetan zehar Irungo Udal Liburutegiko erabiltzaileen euskarazko irakurzaletasuna izango dute aztergai ikerlari irundarrek. Gainera, irakurleen hautuak ikertzeaz gain, liburutegiaren euskarazko eskaintzaren analisia ere egingo dute. Ikerketa gauzatu ahal izateko 9.000 euroko zenbatekoa jaso dute eta 12 hilabeteetako epea izango dute. Azterketa hiri osoan barrena egitea zaila zenez, ikerketa Udal Liburutugiko espaziora murriztea erabaki zuten, Irunen irakurketa eta kulturarekin loturiko gune nagusia denez gero. Unai Oiartzun ikerlariak azaldu duenez, “gure ideia aplikazioa izan dezakeen proiektu bat proposatzea zen”.

“Gure ideia aplikazioa izan dezakeen proiektu bat proposatzea zen”

Unai Oiartzun, ikerlaria

Lau fase ezberdin izango ditu ikerketak. Ikerketaren lehen zatian datu-bilketa bat egingo dute liburutegiko liburu-eskaintza, liburutegian antolaturiko ekintza osagarriak eta irakurleen profilaren analisia egiteko. Jarraian, ikerketaren alde kualitatiboari ekingo diote, liburutegiko zuzendaritza-kide, langile eta dinamizatzaileei egingo dizkieten elkarrizketen bitartez. Ostean, prozesu parte-hartzaile bat abiatuko dute, bilera irekietan proiektuaren lehen zatiko emaitzak aurkeztu eta, era berean, erabiltzaileen iritziak eta proposamenak biltzeko. Azkenik, egindako lana laburbiltzen duen txostena aurkeztuko dute, ikerketaren ondorioetatik ateratako proposamenekin batera.

Bekaren helburua
Adopzioz eta bihotzez Bidasotarra izan zen Jose Antonio Loidi omentzea da 1999 urtearen inguruan sorturiko beka honen helburua. Horrela, euskaraz egindako ikerketa suspertu eta bultzatzea bilatzen da. Jose Antonio Loidi Euskarazko Ikerketa Bekaren deialdira aurkezten diren proiektuek ikerlaria ospetsuak bere bizitza zehar landutako esparruekin lotura izan behar du, hala nola, antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia edo botanikarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude