“Eskola bidea” biziberritu eta ikusgarriago bihurtzeko pausu berriak eman dira

“Eskola bidea”, Udalaren eta eskola komunitatearen arteko elkarlanetik sortu zena, eskolara joateko ibilbiderik seguruenen planifikazioan datza. Horrela, ibilbidean barrena topagune jakin batzuetan haur taldeak osatu, eta gero eta talde handiagoa eratzen da eskolara bidean. Gaur egun, lau ikastetxek parte hartzen dute ekimenean: Eguzkitzak, Dunboak, La Sallek eta Elatzetak.

Aurten, programaren barruan pauso berriak emateko jarduerak aurreikusi dira, hala nola ibilbideak biziberritzea eta eskolara oinez joaten diren haurren kopurua handitzea. Azken urteetan ere familiak haurrei eskolara oinez eta beren kabuz joaten uztera bultzatzeko hainbat jarduera pedagogiko egin dira, eta neurri espezifikoak hartu dira eskolen inguruan, mugikortasun ohitura seguru, jasangarri eta osasungarriak sustatzeko.

Abian jarri diren jardueren artean, Elatzeta ikastetxeko bideetan, Katean, markak margotu dira lurrean, ibilbide bakoitzeko abiapuntu eta topaguneak identifikatzeko. Gainera, ikasleek ikastetxeko maskota Suaren marrazkiak dituzten biniloak jarri dituzte ibilbideetako altzarietan, eskola bidea areago nabarmentzeko.

Mugikortasuneko ordezkari Borja Olazabalek eskerrak eman dizkie berriro ere ikastetxeei “beren inplikazioarengatik, horrelako programek mugikortasun jasangarri eta seguruagoa sustatzen laguntzen baitigute. Katean eman dugun pauso berriak frogatzen du jokabide txikiek mesede handia egin dezaketela ohitura osasungarriak sustatzeko, gure hiriaren eguneroko bizitzaren onerako”.

Ildo horretatik, laster, Eguzkitza ikastetxeko eskola bideko hainbat topagune margotuko dira. Badira zenbait urte ikastegi horrek heziketa proiektu hau martxan jarri zuela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude