Real Union klubeko lehen taldea denboraldiko bigarren zatiari aurre egiteko prestatzen ari da. Azken partiduetako emaitza onak mantendu eta igoera postuei eusteko asmoa du talde irundarrak. Gorka Kijera jokalari txuri-beltz hernaniarrak taldearen helburuen errepasoa egin du, hartutako erabakiak zelaian jokaldien bitartez gauzatzeko unea iritsi dela aipatuz.
Real Union futbol taldeak askotan Ugaldeko futbol zelaian entrenatzen du, ezta?
Bai, egia esateko, taldeak, Ugalden Stadium Galeko zelaian baino gehiago entrenatzen du. Izan ere, Ugaldeko belarra Galeko belar artifiziala baino baldintza hobeagotan dago, beraz, kalitatezko entrenamenduak egiteko aukera ematen digu.
Azkenengo aste hauetan zehar taldeak erritmo ona hartu du?
Bai, martxa ona hartu dugu eta gauzak ondo ateratzen ari zaizkigu. Partiduko momentu gehienetan gauzak ondo egiten ari garela esango nuke. Lehen, aurkariek gutxi emanda kalte asko egiten zioten gure taldeari, baina, orain dinamika hori aldatu da eta gure lana oztopatzea gehiago kostatzen zaie. Bide onean gaudela uste dut, ea horrela jarraitzen dugun.
Denboraldi hasierako zailtasunak gaindituta, orain taldea erosoago dabil?
Pixkanaka taldea egonkortzen ari garela esango nuke. Denboraldiaren hasiera nahi baino gehiago kostatu zitzaigun. Izan ere, hasieran jende berri askorekin elkartu ginen arren, orain apurka apurka elkar ezagutzen goaz eta talde bezala hazten. Taldean bilakaera ikustea seinale ona da, gauzak ondo egiten ari direla erakusten du. Gauzak ondo atera daitezen taldea hazi egin behar da, hain zuzen ere, hori da gauzak ongo egiten ari direlaren seinalea.
Entrenamenduetan jokalariak elkartuagoak zaudetela nabaritzen da?
Bai eta hori gertatzen ez bada, Aitor dugu horretarako. Hortaz, egunen batean taldea gehiegi erlaxatzen bada edo oso fin ez gauden egunetan, Aitorrek ez digu erritmoa jaisten uzten.
Nola baloratzen duzu Zourdine Thior-en fitxaketa denboraldiaren bigarren zatian?
Ondo, taldera ekarpen nahiko ezberdina egin dezakeen jokalaria dela uste dut. Azkarra dela ematen du, beraz, bere ekarpena laguntza handikoa izango dela ematen du. Geroz eta jokalari gehiago eta hobeak izan taldearentzat geroz eta hobeto, azken finean, denok postua irabazi beharko dugu. Taldearen maila igoko duten jokalari guztiak ongi etorriko zaizkigu.
Igoera postuetan mantentzeko, denboraldiaren bigarren zatian etxean partidu gehiago jokatzea lagungarria izango da?
Bai, beti esaten da, ligan etxean lortu behar direla helburuak. Izan ere, etxean 6 partidu edukitzeak garrantzi handia izango du. Hala ere, egia da aurkari zailen aurka indarrak neurtu beharko ditugula, Racing, Bilbao-Athletic eta Amorebieta bezalako taldeak datoz. Dena dela, etxean jokatzeak beti nolabaiteko abantaila ematen dizu, beraz, ondo bagaude garrantzi handikoak izango dira guretzat.
Zein izan daitezke igoera postuetan mantentzeko gakoak?
Azkeneko asteetan erakutsitako maila erakustea. Maila hori emanez gero, sailkapenean mantendu ahalko gara. Orain taldeak emandako pausu honi eustea eta maila bera erakusten jarraitzea funtsezkoa izango da.
Mirandesen ibili ostean, zergatik erabaki zenuen Real Unionera itzultzea?
Aurre-denboraldian Aitorrei esan nion, Real Unionera itzultzeko asmoa ez dela azken urteak hemen egitea eta erretiroa hartzea. Nire ustez Real Unionentzat Bigarren B Pro maila horretan sartzea izan behar da eta ideia horrekin etorri naiz, klubari hazten laguntzeko. Taldea Bigarren B Pro maila eramatea polita izango litzateke eta horretarako lanean jarraituko dugu.
Nola baloratzen duzu taldeko jokalari gazteen lana?
Ondo, niri gaztetan gertatu bezala, jokalari gazteek kalitatea dute, baina, nozio taktikoak barneratzea gehiago kostatzen zaie. Kalitatea eta fisikoki primeran daude, baina, gauza taktikoak lantzeko denbora behar dute. Azken finean, adina eta esperientziaren bitartez ikasten diren gauzak dira eta denborari esker, nik egin nuen bezala, barneratuko dituzte.
Zeintzuk dira Real Unionek azken neurketetara begira hobetzeko dauzkan gauzak?
Hartutako erabakiak gauzatzea izan behar da gure lehentasuna. Adibidez, Santanderreko partiduaren bigarren zatiaren hasieran bi edo hiru aukera izan genituen, jokaldi tuntun batean gola sartu ziguten eta asko sufritu behar izan genuen. Horrela, ditugun aukera guztiak aprobetxatzen jakin behar dugu.
Elkarrizketa osoaren bideo Txingudi Onlinen ikusgai dago.