Aitor Gorrotxategi, piraguista: “Oso polita izan da denboraldia maila internazionalean amaitu ahal izatea”

Aitor Gorrotxategi piraguista irundarra Europako eta Munduko txapelketetan lehiatu da aurtengo udan. Abuztuaren 3tik 7ra Halifaxen, Kanadan, jokatutako Munduko Sprint Olinpikoko Txapelketan lehiatu zen eta 7. postua lortu zuen. Ia atsedenik hartu gabe Munichera bidaiatu zuen eta han Europako K-1 1.000m-tako txapelketan parte hartu zuen eta 13. postuan sailkatu zen. Piraguista irundarra udako kirol hitzorduetan lortutakoaz mintzatu da.

Munichetik iritsi berritan, lortutakoa barneratzeko astirik izan duzu?
Bai, abuztuaren 22an Munichetik itzuli nintzen eta hurrengo egunak burua hemen zentratzeko erabili nituen. Beraz, bai dagoeneko izan dut gertatutakoa ulertzeko denbora nahikoa.

Abuztu hasieran Munduko Txapelketan egon zinen Kanadan Pedro Vázquezekin batera eta elkarrekin K2 1.000 metroko proban parte hartu zenuten. Nola bizi izan zenuten txapelketa?
Hori izan zen uda honetan jokatutako lehen nazioarteko txapelketa, hain zuzen ere, munduko txapelketa. Uste dut orokorrean txapelketa ona egin genuela. Egia da lehenengo egunean egindako sailkapen probaren emaitzarekin ez ginela oso gustura geratu eta, ondorioz, finalaurrekoetan berriro lehiatu behar izan ginen. Orduan bai, lasterketa oso ona egin genuen eta egindako lanak sentsazio onak utzi zizkigun. Behin jada finalean sartuta, azkeneko eguneko lasterketa bai benetan ona izan zela. Eguraldi gogorreko eguna izan zen, haize handia altxatu zen eta gainera aurpegiz jotzen zuen. Hori dela medio, denborak ohi baino motelagoak izan ziren. Nahiz eta egun horretako baldintzek ez lagundu, erronkari gogoz ekin genion eta lortu genuen beharrezko maila ematea.

Ia atsedenik hartu gabe Europako txapelketara joan zinen. Pozik zaude bertan lortutako emaitzekin?
Bai. Izan ere, txapelketa batetik itzuli eta jetlag nekea gainean genuela hurrengorako entrenatzen hasi ginen. Madrilen entrenatzen egon ginen eta gero guk doikuntza deitzen dioguna egiten hasi ginen, hau da, txapelketara iritsi aurretik atseden apur bat hartzea. Munichen bakarrik lehiatu nintzen, beraz, txipa aldatu behar izan nuen. Gainera, distantzia olinpikoa zen, K1 1.000m. Piraguismoaren barneko modalitate historikoa da eta beraz, aditu asko dago. Oso gustura geratu nintzen nire 13. postuarekin. Finalean sartzea lortu ez banuen ere, uste dut B finalean oso lasterketa ona egin nuela, lehen egunetik bigarrenera gauzak hobetzeko aukera izan bainuen. Orokorrean, esango nuke Munichen txapelketa polita egin nuela.

Horrek guztiak denboraldiari amaiera borobila emateko aukera eman dizu, ezta?
Bai. Guk denboraldia oso goiz hasten dugu, urrian hasten baikara entrenatzen. Espainia mailako lehen txapelketa martxoan egiten dugu. Lehen zati horretan Espainia mailan lehiatzen gara eta ranking bat osatzen dugu. Denboraldiaren bigarren zatian, berriz, maila internazionalean lehiatzen gara. Denboraldi osoak gauza positibo dezente izan ditu eta oso polita izan da denboraldia nazioarteko mailan amaitu ahal izatea.

Denboraldi hasieran zure helburuak aurten lortutakora bideratuak zenituen?
Bai. Izan ere, 18 urteak bete nituenetik 23 urteak bete arte Sevillan bost denboraldi egin ditut. Aurten 23 urte bete ditudanez Sub23 kategoriatik atera naiz eta maila absolutura pasa naiz. Aurten Madrilen egon naiz talde absolutuarekin lanean eta hori izan zen neguan zehar gertatutako aldaketa sakonena. Talde absolutuan sartu nintzenean, nire helburua izan zen dinamikan sartzea eta pixkanaka erritmoa hartzea noraino iritsi nintekeen ikusteko. Negu gogor baten ostean, ranking nazionaletako emaitzak ikusi ondoren ohartu nintzen nazioarteko plaza bat lortzeko aukerak nituela. Behin hori lortuta, ikusi dut maila internazionalean ere emaitza onak izan ditudala.

Orain atseden hartzeko unea iritsi zaizu?
Hori da. Guk denboraldia azkeneko nazioarteko txapelketa egin arte luzatzen dugu. Ondoren, 4 edo 5 asteetako atsedenaldia hartzen dugu hurrengo denboraldia prestatzen hasi aurretik. Beraz, urrira arte Irunen egoteko aukera izango dut eta familia eta lagunekin egoteko aprobetxatuko dut. Urrian berriro ere lanean hasiko gara.

Zein aurreikuspen dauzkazu hurrengo denboraldirako?
Lehen erronka berriro entrenatzen hastea eta lan erritmoa hartzea izango da. Piraguismoan urtero Munduko eta Europako txapelketak egiten direnez, hurrengo urterako txapelketa horietan lehiatu ahal izateko sailkapenak lortzen ahaleginduko naiz. Behin jada sailkatuta, ea emaitza politak lortzeko aukerarik dugun.

Aurten lortutako emaitzekin, datorren denboraldirako helburuak aldatuko dira?
Helburu finkoak ezarri ordez, lanean hasi eta egunero nolako sentsazioak dauzkadan ikusten joan nahi dut. Behin urtarrila edo otsaila iristen denean, hautaprobak hurbilago daudenean orduan bai hasiko garela helburuak zehazten.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude