Santiagotarrak taldeko kirolariak pixkanaka denboraldiko helburuak betetzen ari dira

 

Santiagotarrak kirol elkarteko kirolariak pixkanaka denboraldiko erronkei aurre egiten ari dira. Santiagotarrak klubeko kirolariek Muturreko Eslalomeko Espainiako Kopako lehen proban taldekako hirugarren postua lortu zuten. Ostean, Segre Cupeko nazioarteko lehiaketan parte hartu dute. Arraun ataleko kirolariek, berriz, Udaberriko Espainiako Openean parte hartu zuten Bañolasen.

Segre Cupeko Nazioarteko kopa
Hamalau piraguistez osatutako talde bat Lleidara abiatu zen Pontseko Mig Segre eta Seu d´Urgelleko Cadí Canoë Kayak taldeek antolatzen duten Segre Cup izeneko nazioarteko lehiaketan parte hartzeko. Aipatu lehiaketa bi lekuetan ospatzen da: lehenengo egunean Seu d´Urgelleko kanal olinpikoan eta bigarrenean Pontseko kanalean. Emaitzen aldetik, aipatzekoak dira Klara Olazabalek lehenengo egunean C1 eta K1 seniorrean lortu zituen bi bigarren postuak eta bigarren egunean, Javier Arruabarrenak K1 juniorrean lortutako bigarren postua eta Maialen Olasok C1 juniorrean eskuratutako hirugarren postua.

Santiagotarrak taldeko Ur Bizietako kirolarientzako hurrengo hitzordua beste nazioarteko lehiaketa bat izango da, Pirinioak Kopa hain zuzen ere. Aipatu lehiaketa lau egunetan eta bi lekutan ospatuko da, apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean Seu d´Urgellen eta maitzaren 7an eta 8an Paben. Gainera, lehiaketa honetan erabakiko da nazioarteko egutegian parte hartuko duten estatuko selekzioen behin betiko kideak.

Banku mugikorreko arrauna
Apirileko bigarren asteburuan banku mugikorreko Santiagotarrak-BM taldeak Udaberriko Estropada Openean parte hartu zuen Bañolasen. Banku mugikorreko Espainiako arraun selekzioan lekua egiteko estropada baliotsua izan zen.

Santiagotarrak-BM elkarteko banku mugikorreko arraun taldeak sei kirolarirekin parte hartu zuen bertan. Kirolari horietako batzuek Espainiako Arraun Federazioaren kontrolpeko lantaldeetan sartu nahi zuten, eta, ondoren, kategoria desberdinetako selekzioek parte hartu zuten. Aitzpea Gonzalezek eta Naroa Zubimendik lortu zituzten Espainiako Federazioak maiatzeko eta ekaineko nazioarteko estropadak prestatzen ari diren taldeetako kide izaten jarraitzeko eskatzen zizkieten gutxieneko emaitzak. Bañolasera joan ziren gainerako arraunlariek ez zituzten lortu Espainiako selekzioaren deialdietan sartzeko behar ziren emaitzak. Bestalde, apirilaren 10ean, S.D.Santiagotarrak-BM klubeko banku mugikorreko arraun taldeak denboraldiko lineako laugarren estropadan parte hartu zuen, Legution. Taldeak 22 txalupa eta 45 arraunlari eraman zituen.

Santiagotarrak klubeko txalupa aipagarrienek beren kategoriako lehen postuak lortu zituzten. Emaitzarik aipagarrienak honako hauek lortutako garaipenak izan ziren: Asier Regueiro gizonezkoen skiff absolutuan, Jone Laguardia eta Elaia Saenz emakumezkoen kadete mailako scull bikoitzean, Ainhoa Zapiain emakumezkoen skiff absolutuan, Ander Ibargoien eta Alex Conde, gizonezko gazteen scull bikoitzean, Elaia Saenz emakumezkoen kadete mailako skiffean, Ander Ibargoien gazteen skiff maskulinoan eta Jone Laguardia, Leire Navaridas, Maria Martinez Lacar eta Maialen Bengoetxea emakumezkoen kadete mailan.

Banku mugikorreko Gipuzkoako arraun ligak 7 lineako estropada ditu, otsailaren 27an Orion, martxoaren 12an Legution, martxoaren 26an Legution, apirilaren 10ean Orion, apirilaren 30ean Orion, maiatzaren 21ean Orion eta ekainaren 4an Legution. Santiagotarrak-BM elkarteko banku mugikorreko arraun taldearen hurrengo estropada apirilaren 30ean Orion jokatuko den Gipuzkoako ligako hirugarren estropada izango da.

Europako pista txapelketa
Apirilaren 23an eta 24an, Verducido hirian (Galizia), Espainiako lehen Sprint Kopa egin zen, eta, aldi berean, Europako eta Munduko txapelketetarako plazak banatzen zituen selekzio proba zen. Santiagotarrak-Urbycolan taldeko hiru piraguista izan ziren bertan: Nerea García, Aitor Gorrotxategi eta Eider Amundarain. Nerea eta Aitor Espainiako selekzioarekin kontzentratuta daude urte osoan. Zorionez, lanak bere fruituak eman zituen eta biek Europako Txapelketarako sailkapena lortu zuten euren kategorietan.

Aitorrek laugarren postu bikaina lortu zuen K1 1000 metrokoan. Horrek aukera ematen dio abuztuaren erdialdean Alemanian izango den Europako Absolutuan K4 1.000 proban parte hartzeko. Bestalde, Nereak ere laugarren postua lortu zuen K1 200 metrokoan, bere kategorian bigarrena izan bazen ere. Horrela, ekainaren amaieran jokatzekoa den Serbiako 23 urtez azpiko Europako Txapelketako K1 200erako sailkapena lortu zuen. Hala ere, Aitorrek eta Nereak oraindik ez dituzte hautaketa-prozesuak amaitu, izan ere, 10 egun barru, Verduidon dute berriro aukera taldeko itsasontzietan Munduko Txapelketetara begira sailkatzeko.

Ur Bizietako Eskolarren Jokoak
Talde irundarrak guztira 14 domina lortu zituen: urrezko 8, zilarrezko 4 eta brontzezko beste 2. Santiagotarretako ur bizietako sekzioko gazteenek bigarren postua lortu zuten apirilaren 24an jokatutako Ur Bizietako Eskolarren Jokoen bostgarren proban. Txapelketa Dunboako kanalean gauzatu zen, Bidasoa ibaian. Talde irundarrak 18 parte hartzaile aurkeztu zituen eta 14 domina lortu zituzten, urrezko 8, zilarrezko 4 eta brontzezko 2.

Lehiaketan parte hartu zuten piraguisten artean Hasberrien kategoriako Suhar Ursua, Carla Graña eta June Amiano nabarmendu ziren, urrezko domina lortu baitzuten K1 zein C1 kategorietan. K1 eta C1ean dominak lortu zituen ere, Haurren kategoriako Maria Garciak, baina kasu honetan, zilarrezkoak. Urrea lortu zuten ere, Josu del Pozok eta Gorka Martinek eta June Celayeta eta Miriam del Pozok osatutako hasberrien bikoteen C-2an. Bere aldetik, zilarra lortu zuten Manex Bereau eta Maya Rueda hasberriek K1ean. Azkenik, brontzezko domina poltsikoratu zuten Josu del Pozo Hasberriak eta Haur kategoriako Haizea Celayak K1ean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude