Klara Olazabal, piraguista: “Helburu zein entrenamendu guztiak alde batera utzi eta etxera itzuli behar izan nintzen”

Estatuan alarma-egoera ezarri zenean Klara Olazabal Londresen zegoen hiru aste barru egitekoak ziren selekzio froga olinpikoak prestatzeko. Egoera okertzen zela ikusita, martxoaren 14ean etxera itzultzeko erabakia hartu zuen, Londreseko frogak bertan behera geldituko ote ziren jakin gabe. Orain lasaitasunez momentuan erabaki egokia hartu zuela onartzen du kirolari irundarrak, egun gutxitan Britainia Handian egoera okertu eta probak bertan behera gelditu zirela ikusi ostean.

Osasun krisialdiak zure bizitzako une garrantzitsuenetako baten erdian harrapatu zintuen?
Bai, helburuak buruan oso argi nituen eta azken erronkari aurre egiteko prest ikusten nuen nire burua, bai mentalki zein fisikoki. Inork ez zuen horrelako zerbait gertatuko zenik imajinatzen eta ni txapelketaren munduan kontzentratuta nengoenez, sekulako ezustekoa izan zen niretzat. Helburu zein entrenamendu guztiak alde batera utzi eta etxera itzuli behar izan nintzen. Aspalditik ez nuen etxean hainbeste denbora pasatzen eta horrela pasatzea oso arraroa izan da. Kirolari moduan egoerara egokitzea lortu dut aurrera jarraitu ahal izateko.

“Helburuak buruan oso argi nituen eta azken erronkari aurre egiteko prest ikusten nuen nire burua”

Nola moldatu zara etxetik entrenatzeko?
Egoera honetan nire forma fisikoa hobetzea konplikatua izango zela ikusita, sasoi onean mantentzeko helburua jarri nion nire buruari, motibazioa galdu gabe. Horrela, errutina bat jarraitzeko ahalegina egin dut. Entrenatzaileak ergometro moduko bat lortu zigun, piraguan egiten ditugun mugimenduak erreproduzitzen dituena eta fisikoki bertan lan egiteko aukera izan dut. Espainiako federazioak pisu batzuk bidali dizkigu eta lorategian gimnasio antzeko zerbait eraiki dut.

Denbora tarte horretan entrenatzaileen laguntza izan duzu?
Federakuntzatik astean bitan Zoom plataformara konektatu eta haiek proposatutako entrenamenduak egin ditugu. Ariketa ezberdinak tartekatuz txapelketa antzeko zerbait sortu zen eta oso lagungarria izan da batez ere errazak ez diren ariketak egiteko motibazioa lortzeko. Maiatzaren 12an, berriz, uretara itzultzeko baimena lortu dut eta egunerokotasunean aldaketa handia suposatu du horrek, apurka-apurka sentsazioak berreskuratzen hasteko aukera eman didalako.

Etxean lanean jarraitu arren, urarekiko kontaktua faltan sumatu duzu?
Bai, ura zen faltan sentitzen nuen gauza bakarra. Egoera konplikatua zela ulertu arren, uretara sartzeko irriketan nengoen. Denbora honetan guztian zehar uretara itzultzeko momentuarekin amestu dut eta piraguan ibiltzen hasi nintzeneko sentsazioak sentitu ditut berriro, hau da, kirolarekiko pasioa eta maitasuna indartu dira eta oso polita izan da.

Entrenamendu normalekin hasi zara jada?
Aste honetan banakako entrenamenduekin hasi gara, kontaktuak ekiditeko. Testak egin dizkigute eta laster entrenatzailearekin lanean hasi ahalko garela uste dut. Hurrengo pausua Kataluniako La Seu D´Urgelleko kanalera joatea litzateke, baina, errutinarako itzulera lasaitasunez egin nahi dut, oraindik txapelketentzako data finkorik ez daukagulako.

“Piraguan ibiltzen hasi nintzeneko sentsazioak sentitu ditut berriro”

Txapelketek data finkorik gabe jarraitzen dute oraindik?
Bai, nazioarteko federazioak adierazi duenez munduko kopak iraila eta azaro artean egin ahal izatea espero da, baina, maiatzaren 30era arte ez dute azken erabakia jakinaraziko. Ez da batere erraza txapelketen data finkatzea, herrialde desberdinetako kirolariek bertan parte-hartzeko aukera izango dutela ziurtatu behar baita.

Etenaldiak zure kirol errendimenduan eragina izango duela uste duzu?
Krisialdia hasi aurretik forma onean nengoela uste dut. Orain behintzat uretara itzultzeko aukerarekin eta txapelketak atzeratu direla ikusita, aurre-denboraldiko egokitze prozesua egiteko aukera izatea espero dut. Pixkanaka piragua ezberdinak probatuko ditut, hobetzen jarraitzeko baliabideak bilatzeko denbora nahikoa izan ahal izateko.

Etenaldiarekin Olinpiadetan parte hartzeko motibazioak gora egin du?
Motibazioa berdin edo gora egin duela esango nuke. Txapelketak inguruko ezjakintasunek urduritasunak eragiten dizkidaten arren, normaltasunera itzultzeko gogo asko dauzkat, presarik gabe erdizka utzitako helburuei eutsi ahal izateko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude