Ilcapo Hondarribia eskubaloi taldea Bidasoa taldearen filiala da. Denboraldi honetan Bigarren Maila Nazionalean jokatzen ari da eta orain arte jokatutako 6 jardunaldietatik 5 partidu irabazi eta bakara berdindu dute. Taldearen helburua datorren denboraldira begira kategoriaz igotzea dela azaldu du Joseba Zabala Ilcapo Hondarribiako jokalari irundarrak
Denboraldia modu izugarrian hasi duzue, 5 garaipen eta berdinketa bakarrarekin?
Bai, lehen jardunaldian arazo bat izan genuen, izan ere, Bidasoarekin batera entrenatzen ari diren jokalariek ezin izan baitzuten partidu hura jokatu. Izan ere, koronabirusaren asuntuarekin lehen taldean positiboren bat sartzeari beldur handia diote eta, ondorioz, jokalari gutxi joan ginen partidura. Hala ere, berdinketa garrantzitsua lortu genuen. Gainontzeko partiduak nahiko erraz irabazi ditugula esango nuke. Azkenekoa Gasteizen jokatu genuen eta apur bat gehiago kostatu zitzaigun partidua irabaztea, baina orokorrean, partiduak nahiko erraz irabazten ari garela uste dut eta ea horrela jarraitzen dugun.
Taldeak Ilcapo Hondarribia izena izan arren, Bidasoaren harrobiko parte zarete?
Bai, hori da. Bidasoan zuzendaritza batzorde berria sartu zenean Hondarribia eskubaloiarekin nolabaiteko hitzarmena egin zuten. Aurreko urtean nolabaiteko filiala ginen eta horrek gure jokalariei Bidasoako lehen taldearekin batera jokatzeko aukera ematen zien. Orain Gorka Nieto, Tao, Furundarena, Urruzola eta Martín Santano jokalariek, adibidez, gurekin fitxa daukate, baina Bidasoan jokatzen dute noizbehinka.
Entrenamenduetan horrelako jokalariekin bestelako erritmoa nabaritzen duzue?
Pandemiaren arazoarekin aurten ezinezkoa izan zaigu haiekin asko entrenatzea. Izan ere, kutsaketak saihesteko, ez da oso komenigarria aldi berean jokalariak bi talde desberdinetan entrenatzen edo jokatzen aritzea. Hortaz, partidua daukagunean asteburu horretan edo aurreko entrenamenduetan gurekin etortzen dira. Gurekin datozenean asko nabaritzen dugu, jende gehiago gaudelako eta 12 jokalarien partiduak jokatzeko aukera ematen digu horrek, entrenamenduaren kalitatea hobetuz.
Aitor Etxaburu da zuen entrenatzailea, Bidasoko jokalari ohi esanguratsuenetako bat. Zer sentitzen da maila horretako entrenatzaile batekin?
Bai, taldeko jokalari beteranoagoek Aitor Etxaburu, Svensson eta talde hartako jokalariei buruzko erreferentzia gehiago dauzkagu. Gazteagoek, aldiz, ez dute hainbeste ezagutzen. Guretzat sekulako aukera da eskubaloiaren munduan hainbeste gauza irabazi dituen entrenatzailea izatea, horrela, bere esperientziatik ikasteko aukera dugulako ezin gara kexatu.
Esperientzia hori jasotzea garrantzitsua izango da batez ere etorkizunean Hondarribia taldeko entrenatzaile izateko asmoa duten jokalarientzat?
Ereintzan eta aurretik ibilitako bestelako taldeetan izandako entrenatzaileak ere maila onekoak izan direla esan dezaket, hau da, aurretik talde garrantzitsuetan ibilitakoak. Esan bezala, Aitor Bera Beran, Anaitasunan, Bidasoan, ASOBALen edo Frantziako lehenengo mailan ibilitakoa da. Ni neu entrenatzailea naizenez, ariketen adibideak hartzeko edo gure mailara egokituta egiten duen lana ikusita, sekulako eredua dela esan dezaket.
Orain arte lortutako bost garaipenak eskuratuta hurrengo faserako sailkatzea lortu duzue?
Ez, beste multzoan oraindik jokatzeko dagoen partiduren bat gelditzen dela uste dut. Momentuz partidu horiek ez dirudi jokatuko direnik, beraz, ez dakit nola moldatuko diren. Orain arte egin dutena izan da multzo bakoitzeko lehenengo lau taldeak haien artean jokatzea izan da, hau da, final-laurdenak egiteko. Guri Loiola eta Indautxu bizkaitarren aurka jokatzea egokitu zaigu eta kanporaketak dira. Liderrak izan garenez lehenengo partidua Bizkaian dugu, bigarrena, berriz, etxean. Gauzak horrela, kanporaketa hori gainditzea lortuz gero, final-erdietara pasako ginateke eta final-erdietan irabaztea lortuko bagenu, finalarekin igoera fasea jokatuko genuke.
Denboraldia partidurik galdu gabe egitera beharturik zaudete horraino iristeko?
Bai, hala da. Dena dela, joaneko eta itzuliko partiduak dauzkagunez, bi partiduetako batean gaizki jokatuz gero, beti bigarren partidua izango dugu alde gehiagorekin irabazi eta aurrekoan egindakoa konpontzeko. Gure intentzioa partidu guztiak irabaztea da, lehenbailehen finalera iristeko.
Taldekide eta entrenatzaileen maila ikusita, mailaz igotzeko aukerak dauzkazuela uste duzu?
Bai, hori izan beharko litzateke gure helbururik garrantzitsuena. Izan ere, egun dauzkagun jokalariek maila altuagoko arerioak behar dituztela uste dut. Horietako batzuk Asobal mailan entrenatzera ohiturik daude eta, errespetu osoz, bigarren maila nazionala txiki gelditzen zaie. Hortaz, gure bigarren taldea gutxienez lehen maila nazionalean egotea garrantzitsua iruditzen zait, bertan maila polita izango genukeelako eta jokalariek hobetzeko aukera gehiago izango luketeelako.
Nolakoa da Urantzu pilotalekuan entrenatzea? Gustura zaudete?
Aurten ez gara hor entrenatzen ari. Izan ere, Urantzura alterofilia aretora etorri ohi ginelako gimnasio entrenamenduak egiteko, baina, koronabirusaren ondorioz ezin dugu areto horiek erabiltzen jarraitu. Aurreko urtean, ordea, pesak egin ostean zelaira jaisten ginen batzuetan. Egia da, Artaleku eta Hondarribiko kiroldegi honetan entrenatzera ohiturik bazaude, hori okerragoa dela iruditzen zaizu, baina beste aukerarik ez dagoenez, ez dago gaizki.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.