Dani Estrada, Real Unioneko jokalaria: “Futbola ez da matematika hutsa”

Real Union taldea play-off postuetatik atera eta sailkapenean gora egiteko borroka etengabean murgilduta dago. Alberto Iturralde entrenatzailearen kargugabetzearen ostean, baliogabetutako gol eta bidean galdutako puntuetatik haratago, taldea aka-tsak zuzendu eta borrokatzen jarraitzeko asmoa duela azaldu du Dani Estrada jokalari txuribeltzak.

Nola ikusten duzu taldearen egoera momentu honetan?
Egia esan, azken emaitzak ez dira oso onak izan eta sailkapeneko beheko aldean sartu gara. Dena dela, aurrera jarraitu behar dugula uste dut. Gu izan gara behean sartu garenak eta gu izango gara taldea hortik aterako dugunak. Taldea badugu, beraz, ea astean zehar ondo entrenatzen dugun larunbatean hiru puntuak etxera ekartzeko.

Amorebietaren aurka garaipena lortzea ezinezkoa izan zen?
Partiduaren lehen zatia ez zen oso ona izan eta aldageletara huts eta huts joan ginen. Bigarren zatia hasi eta segituan gola jasotzeak mina egin zigun. 10 edo 15 minutu txar batzuen ostean, ordea, buelta eman genion eta gure aukerak izan genituen, horren erakusle, baliogabetutako gola. Pena bat izan zen, baina, egia da ez zela gure partidurik onena izan.

Etxean jokatzeak ez zuen lagundu?
Ez, aurten etxean puntuak ateratzea kostatzen ari zaigu. Orain burua garbitu, ondo entrenatzea eta hurrengo partiduak ondo prestatzea da gure esku dagoena.

Baliogabetutako golak taldearen ametsgaiztoan bihurtu dira azkenaldian?
Hori da, aitzakia izan gabe, aurreko astean Getxon ere gol bat kendu ziguten eta Amorebietaren kontrakoa ere, oraindik ondo ikustke aukerarik izan ez dudan arren, gol legal bat zela dirudi. Hala ere, ez zen partidu on bat izan, beraz, gure akatsak zuzendu eta entrenatzen jarraitzea da gure esku dagoena.

Amorebieta sailkapeneko lehen taldeetako bat denez, aurkari indartsua da?
Amorebietak bere gauzak ondo egiten ditu eta zerbaitegatik daude goian, baina, gu etxean Amorebieta irabazteko gai izan behar gara. Horretarako, partidu hobeak egitea ezinbestekoa da.

 

Erraza da motibazioa lortzea azken hamabi partiduetan garaipen bakarra lortu ondoren?
Egia da azken partiduetan berdinketa asko izan ditugula eta banan-banan begiratuta, ez dira hain partidu txarrak izan. Lan asko egin ostean, berdinketa lortu eta puntu bakarra eskuratzeak ez du motibazioa laguntzen. Futbola ez da matematika hutsa, partiduak hobeak edo okerragoak izan daitezke, baina, azken finean, puntuak dira sailkapenerako garrantzitsuenak.

Zer hobetu nahiko zenukete hurrengo partiduei begira?
Beti daude hobetu daitezkeen gauzak, bai ofentsiboki bai defentsiboki. Talde bat gara, baina, bakoitzak bere alde onena eman behar du. Puntuak lortzen ez baditugu hobetu beharreko gauza asko daudelako da. Hala ere, puntuak lortu ez izanak ez du esan nahi noizbait gauzak ondo egin ez ditugunik.

Play-off postuetan sartzeak urduritasunasunak azaleratzen ditu?
Egia da momentuko egoera zaila dela, baina, egoerari aurre egiten jakin behar dugu. Lehengo urtean antzeko egoera kudeatu behar izan genuen eta azkenean taldea salbatu genuen. Aurten bukaerara iritsi gabe, lehenago salbatzea espero dugu. Presiopean jokatzen jakin behar da eta, horretarako, talde bateratu bat izatea ezinbestekoa da.

Nola ikusten duzu zuen hurrengo aurkaria?
Valladoliden zelaian dugu gure hurrengo partidua, sailkapeneko goi partean dagoen beste talde baten aurka. Talde gazte eta ona den arren, edonon aurpegia emateko taldea dugula uste dut.

Entrenatzailearen irudia zalantza jartzen da horrelako kasuetan?
Bai, gauzak gaizki daudenean, jokalari zein entrenatzaileen lana zalantza jarri ohi da, izan ere, gure esku dago ondo entrenatzea eta entrenatzailea da lan hori zuzen-tzeko ardura duena.

Zure buruari etorkizun luzea ikusten diozu Real Union klubaren barnean?
Orain egoera pertsonalak alde batera utzi eta taldearen etorkizunaren alde begiratzeko unea dela uste dut. Guztiok elkarrekin taldea bultzatu behar dugu.

Aurten ere taldeak hirugarren mailarako jaitsiera saihestea lortuko duela uste duzu?
Bai, lana egin behar da, baina, talde on bat dugu atzetik. Gauzak ondo ateratzea eta datorren urtean bigarren B mailan jarraitzea espero dugu.

Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude