Bidasoa Irun taldeak garaipenen bitartez erantzuten die bidean aurkitutako zailtasunei

Argazkia: Fernando Lago

Bidasoa Irun taldeak, zailtasun guztien gainetik, ligako txapelketari eusteko ahalegin guztiak egiten ari da. Talde irundarreko azken COVID-19 kasu positiboaren ondorioz taldearen plangintza hankaz gora jarri zen arren, osasungintza-agintaritzak baimena eman bezain laster txapelketen erritmoa berreskuratu nahi izan dute. Oztopoak oztopo, Cisneren pistan jokatutako partiduan garaipena eskuratu zuen Bidasoak.

Bidasoa Irun taldeak azaroaren 14ean Dicsa Modular Cisneren aurka indarrak neurtu zituen Pontevedran. Talde aurkariaren zelaian jokatzeak ez zituen jokalariari irundarrak kikildu eta 21-31 punturekin garaipena bere egin zuten Bidasotarrek. Partiduaren hasierako lehen minutuetatik Jacobo Cuetararen mutilak markagailuan tartea ateratzea lortu zuten. Horrela, Bidasoa Irun taldea atsedenaldira golen errenta handienarekin iristea lortu zuen, markagailua 7-16 golekin gelditu baitzen etenaldiaren aurretik.

Partiduaren bigarren zatian, berriz, markagailuko tartea 11 golekoa izatera iritsi zen. Erritmo jarraitua izan zuen bigarren zatiaren ostean, azkenik, Bidasoak garaipena eskuratu zuen 21-31 gol sartu ostean. Zortzigarren garaipen honi esker, Bidasoak 2 puntu gehiago batzea lortu du Asobal ligako sailkapenean. Azaroaren 19an izango du talde irundarrak garaipenen segida luzatzen jarraitzeko aukera berria, Artalekun lehen jardunaldiko Abanca Ademar Leon taldearen aurkako partidua berreskuratzea aurreikusita baitago.

Bidasoako entrenatzaileak partiduaren aurretik prentsaurrekoan azaldu zuenez, Pontevedrako taldea zelaian joko maila altua duen taldea da. “Galiziako taldeak memoriaz jokatzen du, buruz buruko eraso askorekin, desplazamendu onekin eta oso ondo dakite zertara jolasten ari diren, beraz, talde horiekin kontuz ibili beharra dago”, adierazi zuen Bidasoako teknikariak Cisneren zelaian jokatu aurretik. Jacobo Cuetara Bidasoako klubeko entrenatzaileak taldearen izenean Dicsa Modular Cisne taldeak azken orduko gertakarien aurrean izandako pazientzia eta erakutsitako jarrera eskertzeko aprobetxatu du.

Positiboek eragindako buruhausteak
Azaroaren 11ean Artalekun Bidasoa eta Benidorm taldeen arteko norgehiagoka jokatzea aurreikusita zegoen. Talde irundarreko jokalari batek positibo eman ostean, partidua bertan behera gelditu zen, ligako hamabigarren jardunaldia jokatu ezinik. Ezusteko horren ondorioz, talde hori-urdinaren jarduera bertan behera gelditu zen zenbait egunetan zehar taldekideei eta kidego teknikoari PCR probak egin zitzaizkien arte.

Kasu positiboa erregistratu zenetik Bidasoa kluba Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailarekin harreman etengabean egon zen, Espainiako Eskubaloi Federazioaren lehiaketa-batzordeak eta Asobal ligatik emandako jarraibideak errespetatzeaz gainera. Proba egokiak egin eta talde guztiak negatibo eman ostean, Bidasoak Galizian txapelketarekin jarraitzeko baimena eskuratu zuen.

Garaipenen segidari eutsiz
Galizian lortutako garaipenarekin Bidasoa taldeak 8 partidu irabazi ditu Asobal ligan. Jacobo Cuetara Bidasoako entrenatzaileak prentsa-aurrekoan adierazi bezala, “zenbat eta gehiago irabazi porrota oraindik mingarriagoa izango delaren tentsio dago beti”. Bidasoako entrenatzailearen iritziz, talde baten garaipenak normalizatzea eta beti irabazteko gai dela sinistea ez da egokia. Partidu gehienak etxetik kanpo jokatzen ari dituztela gogoratu ostean, Jacobo Cuetarak adierazi du, “etxera lortutako emaitzarekin pozik itzuli ahal izatea oso garrantzitsua da guretzat”. Zortzigarren garaipen honekin, taldeak 1994/1995 denboraldiaren hasieran lortutako segidako 8 garaipenen bolada berdintzea lortu du.

Talde irundarrak garaipenen zorte oneko boladari eustea lortu du horrela. Azken partiduetan eskuratutako garaipenez gainera, taldekide zein jarraitzaileen motibazioa areagotzea eragin duten lorpen bereziak izan ditu azken hilabetean zehar. Esaterako, urriaren 31ean Santanderren jokatutako partiduan Bidasoak Asobal ligan bisitari gisa jokatutako partidu baten lortutako tarte handieneko garaipena sinatu baitzuen. Irundarrek markagailuan 19-34 puntu lortu ostean, 15 puntuko aldearekin garaitu zuten Liberbank Cantabria Sinfín taldea.

Ezustekoei erantzuteko prest
Bidasoako entrenatzaileak baieztatu duenez, Bidasoako taldea osasun krisialdiak kirolaren munduan eragin ditzakeen ezusteko eta bat-bateko aldaketei erantzun ahal izateko prest dago. “Arazoez hitz egin beharrean, konponbideez hitz egitea nahiago dugu guk”. Horrela, datozen egunetan zehar pandemiak izan dezakeen bilakaeraren aurrean, talde irundarra edozein eszenatokiren aurrean erantzun ahal izateko prest dagoela azaldu du teknikari bidasotarrak. Entrenatzaileak ziurtatu duenez, denboraldi honek izan ditzakeen zailtasun guztien gainetik, lehiatzen jarraitzeko ilusioak aurrera jarraitzeko indarrak ematen dizkie.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude