Jacobo Cuetara, Bidasoako entrenatzailea:“Denon artean Bidasoa finalera eramatea lortu dugu”

Urte askoren ostean, Bidasoak Asobal kopako finala jokatzea lortu du. Granollers taldearen aurkako partiduak eman zion talde irundarrari finalerako pasea. Bartzelonaren aurka jokatutako finalean garaipenak ihes egin zien arren, Jacobo Cuetara Bidasoako entrenatzailea taldeak eskuratutako lorpenez arro dago.

Nola sentitu zineten Asobal kopako bigarren postua eskuratu ostean?
Harrotasun eta zoriontasun sentimenduak nahastu ziren Greanollers taldeari irabazi eta finalerako sailkatzea lortu genuenean. Hainbeste urte lanean egon ostean amets bat zen. Azkenean, denon artean Bidasoa final batera eramatea lortu dugu.

Nolako izan zen finalaurreko partidua?
Partiduaren lehen zatia oso gogorra izan zen, baina, denborak aurrera egin ahala maila hobetzea lortu genuen. Azkenean, final-aurrea irabaztea lortu genuen, azken minutuetan partiduko emaitza arriskuan jarri gabe.

Ilusioa alde batera utzita, finala jokatzeko kontzentratzea erraza izan zitzaizuen?
Erraza izan zen, nahiz eta gure jokalarien artean hiru bakarrik jokatu zuten elite mailako finaleko partidu bat honen aurretik. Final bat lehen aldiz jokatzea oso berezia zen besteentzat. Zaila izango zela genekien arren, finala jokatzeko gogo asko genituen.

Nola moldatu zineten Bartzelona bezalako etsai baten aurrean?
Partidua irabazteko ahalegin guztiak egin genituen. Aste osoan zehar amesten egon ostean, partidu hasierak gure amets gozoenak geldiarazi zituen.

Partiduak aurrera egin ahala, joko-maila hobetu zela esango zenuke?
Partiduaren bigarren zatian joko-mailari hobeto eustea lortu genuen. Hala ere, taldearen jokaldi onenak partiduaren lehen minutuetan ikusi nituen, izan ere, atearen aurrean bakarrik egoteko aukera asko topatu genituen.

“Taldearen jokaldi onenak partiduraren lehen minutuetan ikusi nituen”

Nolakoa izan zen partiduaren bigarren zatia?
Markagailuko tarteak Bartzelonari erlaxatzeko aukera eman zion, guri atera hurbildu eta markagailuan gora egiteko aukera gehiago eman zizkigun bitartean.

Zergatik esan ohi da Bartzelona maila paregabea duen taldea dela?
Partiduak alde handiarekin irabazteaz gain, gure klubarekin alderatuta, aurrekontu askoz altuago duen taldea delako. Hala ere, guk jokoan diferentzia fisikoa da gehien nabaritzen duguna.

Jokalarien bajak edo nekea nabaritu zenituzten finala jokatzerako orduan?
Bai, hiru jokalari titular gabe jokatzea nabaritzen da. Gainera, maila horretako partiduek aparteko esfortzua eskatzen dute.

Afizioaren berotasuna Lleidaraino iritsi zen?
Bai, jendeak ilusio handia transmititu zigun. Bertan zein urrutiago zeudenen babesa jaso genuen. Luxuzko afizioa daukagu eta amets bat errealitate egiten ari gara.

“Luxuzko afizioa daukagu”

Klubaren presidentzia aldaketak eraginik izan du taldearen funtzionamenduan?
Klubaren funtzionamendua bai, baina, taldea hauteskunde eta horien emaitzatik aldentzen saiatu gara, elkar eraginik ez sortzeko. Gure lanean zentratuta egon garenez ez dugu beste ezertan pentsatzeko astirik eduki.

Zeintzuk dira hemendik aurrera taldeak dauzkan helburuak?
Errege Kopan bizirik jarraitu nahi dugu. Lehen helburua urtarrileko hilabetea hazten jarraitzeko aprobetxatzea izango da, bigarren bueltan Bidasoa hobe bat izatea lortzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude