Iaz abiatu zen “Ganbera igandeak” programak izena aldatu du 2018an hildako Ricardo Requejo piano-joleari omenaldia egiteko. Juncal Eizaguirre Kultura ordezkariak, Juan Mari Ruiz, Raffaella Acella eta Leticia Vergara musikari eta irakasleek jakinarazi zutenez ganbera zikloak izen berria estreinatuko du aurten. “Ricardo Requejo ganbera-zikloa” izango da musikarien biltzar honen izen berria hemendik aurrera. Hortaz gain, otsailaren 24ean musikaria omentzeko ongintzazko kontzertu berezia egingo da Amaia Kultur Zentroan.
Proiektu honen bidez eskualdean jaio ziren eta orain hiritik kanpo lan egiten duten bertako artistei Irunen haien lana erakusteko aukera ematea bilatzen da. Era berean, Hiriko Urrezko Domina jaso zuen musikariaren lana omendu nahi da.
Zehazki, urtarrilean hasi eta maiatzera arte egingo diren bost kontzertuz osatutako zikloa izango da. Irun eta Hondarribian musika ikasten hasi ziren musikariak izango dira aurtengo zikloko protagonistak, hain zuzen ere, orain Espainiako eta Europako orkestreta ospetsuetako musikariak direnak.
Egutegiari erreparatuz gero, ziklo honen barruan aurreikusitako lehen kontzertua urtarrilaren 13an egindakoa izan zen. Carlos Apellaniz, Oscar Oliver, Jaime Atristain eta Jorge Pachecok osatutako laukotearen kontzertua izan zen Amaia Kultur Zentroan egingo diren bost kontzertuen artean lehena.
Hurrengo data otsailaren 10ean izango da, Jesús María Castillo, Miguel Echepare, Pedro Martínez, Miguel Sansiñena eta Juan Carlos Ribelles metalezko bostekoarekin. Martxoaren 10ean, berriz, Maria Rallo eta Belen Sierraren biola eta piano doinuen txanda izango da. Apirilaren 14ean Irungo Ametsa abesbatza Eneko Amundarainen gidaritzapean entzuteko aukera izango da. Azkenik, maiatzaren 5ean Oiasso Kamerata eta Julen Zelaia biolinistak eskainiko dute ziklo honen barneko azken kontzertua.