Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, KREA Bidasoaren hamabigarren edizioa antolatu dute apirilaren 29rako. Pandemia dela eta, aurten on line formatuarekin egingo da. Zehazki, ekimen guztiak Irun Factoryn egingo dira, segurtasun-neurri guztiak beteko direla bermatu eta saioak “streaming” bidez jarraitu ahal izango dira Bidasoa bizirik-eko YouTube plataforman duen kanalaren bidez.
KREA Bidasoa ekintzaileek, enpresek eta beste erakunde publiko zein pribatuek harremanak egiteko, negozio-aukerak identifikatzeko, ezagutzak zabaltzeko eta beste esperientzia eta joera berriak ezagutzeko jardunaldi da. Aurtengoa jardunaldiaren 12. edizioa izango da.
Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidentearen hitzetan, “iaz ezin izan genuen ekitaldi hau egin, baina aurten ez dugu aukera galdu nahi izan. Beraz, egungo egoerara egokitu gara berriro ere, gure eskualdeko pertsona ekintzaileei laguntzen jarraitu ahal izateko eta haiei topagune bat eskaintzeko, nahiz eta aurten ezberdina izan, beren proiektuetarako harreman interesgarriak ezar ditzaten. Halaber, gure lurraldean dauden baliabideak, talentua eta berrikuntza balioestea da KREAren beste helburu bat”, azaldu du Bidasoa bizirik-eko presidenteak.
Bestalde, agentziako presidenteorde María Serranok dioenez, “aurten inoiz baino gehiago KREA teknologia eta joera berriak zein garai berrietara egokitzen diren negozioak ezagutzeko topagunea izango da. “Enpresek eta ekintzaileek oso tailer interesgarriak izango dituzte beren proiektuek aro berri honetan etorkizuna izan dezaten”, gaineratu du Bidasoa bizirik elkarteko presidenteordeak.
Askotariko ekimenak
Apirilaren 29ko goizean, hitzaldiak, kasu praktikoen ikustaldiak eta zuzeneko elkarrizketak egingo dira. Gainera, ‘Bask Tree Boys’ antzerki-taldeak girotutako ekitaldia izango da. Horretarako, jardunaldiaren zati desberdinen artean hainbat sketch eskainiko ditu taldeak.
Miguel Angel Páezek 12. KREA Bidasoaren programa aurkeztu du. “Lehenengo orduan, etorkizuneko joerak eta negozioak ezagutu eta gure eskualdeko enpresen kasu arrakastatsuen bideo txikiak ikusiko ditugu. Parte-hartzaileen negozioetan berrikuntzak egiteko aukeraz ere hitz egingo da, baita horretarako dauden laguntzez ere” adierazi du presidenteak. Era berean, “produktu berritzaileak aurkeztuko dira horien sortzaileei zuzenean egindako elkarrizketen bidez, eta Seulekin konektatuko gara sortzen ari diren teknologia berriak ezagutzeko”, adierazi du Páezek.
Halaber, urtero bezala, KREA PechaKucha aurkezpenekin amaituko da. Inguruko enpresa edo ekintzaileek beren proiektu-ideiak, enpresa berriak, egin dituzten lanak edo izan duten ibilbidea jendaurrean aurkezteko aukera izango dute.
Programa osoa eta izena emateko formularioa www.bidasoa-activa.com helbidean eskura daitezke.