Hiri Bultzadako Arloak jakinarazi duenez, maiatzaren 3a da epemuga ekonomia eta gizartea suspertzeko udal planaren esparruan Irun Aurrera bonuetarako izena eman nahi duten saltoki eta establezimenduek eskaera egiteko. Saltoki txikiei laguntzeko ekimen bat da hau, COVID-19ak eragindako krisialdian sektorerik kaltetuenetako bat izan baitira, eta kanpainaren hirugarren edizioa da hastear dagoena.
Juncal Eizaguirre ordezkariak nabarmendu duenez, “programaren hirugarren edizioa da hau, eta potenteena ere bada, aurrekontua handitu baita; horrela, establezimendu gehiagok baliatu ahalko dituzte bonuak. Udalak sektoreari laguntzeko abian jarri duen ekintza ildoetako bat da hau, krisialdian oso kaltetua gertatu baita. Orain arte, oso harrera ona izan du, eta, gure ustez, gure dendetan kontsumi dadin bultzatzen lagundu dezake; alegia, hiriko familia askori lagundu diezaieke, familia asko bizi baitira sektore honetatik”.
Nola atxiki dakizkioke establezimenduak kanpainari?
Kanpainari atxiki nahi zaizkion establezimenduek formulario bat bete behar dute, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren egoitza elektronikoan, udal webgunean, www.irun.org helbidean. Informazioa, berriz, 943505335 telefonoan edo fgonzalez@irun.org helbide elektronikoan eskuratu dezakete. Orain arte, oso bide onetik doa atxikitze prozesua, dagoeneko 175 establezimenduk eman baitute izena; aurreko ediziokoaren antzekoa da kopuru hori, orduan 169 establezimendu inskribatu baitziren.
Debuta edizio honetan egingo duten taberna-jatetxeetako bat Don Jabugo da. Eneko Mitxelenak adierazi duenez, “interesgarria iruditzen zait ekimena Irungo jendearentzat izatea; bertan kontsumi dadin bultzatzen lagundu dezake”. Ikhor Boutiquek, berriz, hiru edizioetan eman du izena. Dendaren izenean, Jaione Lópezek eskerrak eman ditu ekimenagatik, eta nabarmendu du “bonuei esker gehiago saltzen” duela; “oso onuragarriak dira, eta, gainera, sistema erraz-erraza da”.
Bonuak trukatzeko, nahikoa da erosketak egiterakoan NANaren zenbakia ematea.
Nork erabili ahal izango ditu bonu horiek?
Bonuak Irunen erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoentzat daude eskuragarri, baldintza hauetan:
– Irundar bakoitzak 10 bonu erabiltzeko eskubidea izango du, horietako bi gehienez establezimendu bakoitzeko.
– Erabilitako bonu bakoitzeko, saltokian 30 euro erosi beharko dira gutxienez; horrela, bonuaren 10 euroez gain, bezeroak 20 euro emango ditu; ostalaritzarako, bonu bakoitzeko erosketa minimoa 20 euro izango da; kasu horretan, bezeroak 10 euroko ekarpena egingo luke bere poltsikotik.
– Ezin da pertsona baten baino gehiagoren bonorik erabili erosketa bera ordaintzeko. Hau da, erosketa-txartel bakoitzak pertsona bakar baten bonuei lotuta egon beharko du.
– Ekimen honetatik kanpo geratzen dira alkoholdun produktuak soilik dituzten erosketak.