Ibon Muñoz, Bidasoa Atletiko Taldeko gerentea eta kirol-zuzendaria: “Udalekuek adin bereko haurrekin dibertitzeko aukera emateaz gainera, kirola egiteko aitzakia bikaina dira”

Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak Udalekuak antolatzen ditu udako hilabeteetan zehar haurren dibertsioa eta kirola bateratzeko asmoz. 2020. urtean, ordea, Koronabirusak guztiz baldintzatu du Udalekuen antolaketa. Ibon Muñoz Bidasoa Atletiko Taldeko gerentea eta kirol-zuzendariak azaldu duenez, taldeak ekintzaren antolaketari eusteko modua topatu du egoerara egokitutako protokoloa sortuz.
Azkenean aurtengo udaran Udalekuak antolatzea lortu duzue?

Bai, konfinamendua arintzeko faseek aurrera egin ahala, Udalekuetarako prestatutako protokoloak onartuak izan zirenez, posible izan da. Izan ere, normaltasun berriak aurretik egin ezin ziren joko eta ekintza asko egiteko aukera ematen digu. Gauzak horrela, uztaileko 4 asteak beteta dauzkagu eta abuztuko lehen asteko tokiak betetzeko gutxi falta da.

Udalekuak antolatzeko ekintzaren planteamendua goitik behera aldatzea beharrezkoa izan da?
Bai, adibidez, monitore taldea indartu dugu, izan ere, egoera honetan haurrak gehiago kontrolatzea garrantzitsua iruditzen baitzaigu, segurtasun distantziak eta protokoloak betetzen dituztela ziurtatzeko. Hortaz gain, “Segurtasun Arduradun” izango den pertsona bat gehitu dugu lantaldera, materialak desinfektatu eta hamaiketakoak prestatzeaz arduratuko dena.

“Taldeko jolasak banan-banan egokitu ditugu, haurren arteko

kontaktu zuzena ahal bezain beste saihesteko”

Taldeak osatzeko momentuan, taldeetako haur kopurua murriztea beharrezkoa izan da?
Aurten astero 70 haur izan ditzakegu gehienez, aurreko urteetan aste batean 90 edo 100 haur izan ditugun bitartean. Egoera dela eta kopuru maximo hori errespetatzea erabaki dugu, haurrekiko kontrola zorrotzagoa izan dadin.

Egoerara egokitutako ekintza eta jolasak antolatzea erraza izan zaizue?
Egoera honetan atletismoaren abantailetako bat orokorrean nahiko kirol indibiduala dela da, beraz, proba asko bakarka eta kontakturik gabe egiteko aukera ematen du horrek. Dena dela, dibertigarriak diren taldeko jolas asko taldeka egiten direnez, taldeko jolasak banan-banan egokitu ditugu, haurren arteko kontaktu zuzena ahal bezain beste saihesteko.

Aurreko urteetan ez bezala, aurten Udalekuetako ekintza guztiak Plaiaundin egingo dituzue?
Bai, aire zabalean gainera, bertan birusak intzidentzia txikiago duela suposatzen baita. Era honetan, autobusez egin ohi diren bidaiak saihesten ditugu. Polikiroldegiak bere neurri propioak dauzka, beraz, ia ezinezkoa litzateke haur guztiekin batera igerilekuan sartzeko aukera izatea.

Aurten jatetxean bazkaldu ordez, hamaiketako txiki batekin haurren egonaldia luzatzeko aukera eskaini duzue?
Bai, hamaiketakoarekin gurekin ordu bat gehiago gelditzeko aukera ematen diegu. Gainera, Iñigo Lavado eta Biribil jatetxeak duela gutxi ireki direnez, ez diegu erabilgarri duten espazioaren zati handi bat gure haurrekin bakarrik okupatu nahi.

Maskararen erabilera derrigorrezkoa da haurrentzat?
Maskarak kirol eremurako sarrera eta harrerako unean erabiltzen dituzte eta irteerako unea iritsi arte maskarak kentzen dizkiegu. Egun euritsuetan, ordea, ekintzak teilapean egiten direnez eta espazioa txikiagoa denez, maskarak erabiltzea derrigorrezkoa da.

“Neurri berri hauek, denboraldi luze batean behintzat, gure artean izango ditugula dirudi”

Ekintzaren antolaketa egokitu arren, jendea Udalekuetan parte hartzera animatu da?
Bai, hain zuzen ere, nahi duenak abuztuko hilabeterako libre dauden asteetan edo iraileko lehen astean izena emateko aukera du oraindik. Momentura arte 460 haurrek izena eman dute eta joan den urtean 535 izan ziren bitartean. Gurasoekin egindako bileretan adierazi digutenez, haien seme-alabek jarduera fisikoa egiteaz gainera, beste haurrekin batera dibertitzeko irriketan zeuden. Udalekuek adin bereko haurrekin dibertitzeko aukera emateaz gainera, kirola egiteko aitzaki bikaina dira.

Haurrak segurtasun neurri berriak errespetatzera erraz ohitu dira?
Lehenengo egunean protokoloa azaltzeko hitzaldia ematen diegu. Gainera, haurrak adin bereko taldeetan sakabanatuta daude eta ez dute inolako kontakturik gainontzeko taldeetako haurrekin.

Udalekuak irailetik aurrera klubak izango duen funtzionamenduaren aurrerapena dira?
Bai, normaltasun berriak bere horretan jarraitzen badu gaixotasunaren berragertzerik gertatu ezean, datorren denboraldiaren funtzionamendua nahiko antzekoa izango da. Beraz, neurri berri hauek, denboraldi luze batean behintzat, gure artean izango ditugula dirudi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude