Bidasoa Atletiko Taldea berrogeialdiak sortutako oztopoen gainetik salto eginez

Super Amara Bidasoa Atletiko Taldearen jarduera eten egin da Covid-19aren zabalpena ekiditeko estatu osoan ezarritako alarma-egoeraren ondorioz. Zailtasunak zailtasun, ordea, Ibon Muñoz Bidasoa Altetiko Taldeko gerentea eta kirol-zuzendariak egoerari aurre egiteko klubetik martxan jarritako ekimenen berri eman du.

Nolako eragina izan du berrogeialdiak klubaren jardueran?
Aurretik Covid-19a munduko beste lekuetan egon arren, ez genuen espero guregana hain azkar iritsiko zenik. Martxorako Miliak Osasunaren Alde kirol-proba antolaturik genuen, baina, udazkenera atzeratzeko erabakia hartu behar izan genuen. Ikasketa zentroen itxierarekin atletismo eskola eta gainontzeko jarduerak ere bertan behera utzi genituen. Alarma egoera ezarri ostean, ezinezkoa zaigu klubaren ohiko jarduerekin jarraitzea eta denboraldi hau berreskuratzea ezinezkoa izango dela ikusita, hurrengo denboraldia prestatzen hasi gara.

Entrenamenduez gain, txapelketa eta kirol proba guztiak bertan behera gelditu dira?
Bai, izan ere, momentuz taldeko txapelketarik ez antolatzea egokia iruditzen zaigu. Udazkenetik aurrera banakako txapelketak antolatzen hasi ahalko dela uste dugu, hori kirolari bakoitzaren erabakia baita. Izan ere, ez da gauza bera kirola bakarka praktikatzea edo kirolariek materiala zein instalakuntzak partekatu behar izatea, horretarako denbora asko falta da oraindik.

Klubeko kirolariekin etxetik entrenamenduak mantentzeko ahalegina egin duzue?
Bai, talde bakoitzera egokitutako entrenamenduak bidaltzen dizkiegu, kirola egiteaz gainera, itxialdia arintzen laguntzeko. Gainera, etenaldia aprobetxatuz, klubaren lan administratiboa eguneratzen ari gara. Bestetik, asteazkenero gure YouTubeko kanalaren bitartez etxean ariketa fisikoa egiteko bideoak igotzeko ekimena abiatu dugu. Horrela, eskualdeko jendeari gurekin kirola egiteko aukera eskaini nahi diogu, adineko pertsonei zein zailtasun-maila ezberdinetako bideoak partekatuz. Inolako kontraprestaziorik gabe martxan jarritako proiektu da.

Nolako harrera izan du ekimenak?
Oso ona, datu guztiak sakonean aztertu gabe, lehen astean 3.000 bisita baino gehiago izan ditugu lau bideoen artean. Orain jendeak ekimena jarraitzea da gure hurrengo helburua. Garrantzitsua iruditzen zaigu kirola gure eguneroko errutinan txertatzea, etxetik atera gabe esfortzu txiki bat eginez, onura asko eragin ditzakeela uste dugulako.

Hortaz gain, BidaShop elkartearekin batera, hiriko merkataritza bultzatzen lagundu nahi duzue?
Klubak inguruko gizartea laguntzeko duen konpromiso estutik jaiotako egitasmoa da. Bertako merkata- ritzak bizi duen egoera gogorra ikusita, kontzientziazio kanpaina abiatzea bururatu zitzaigun, etorkizun itxaropentsu baten alde egiteko. Horrela, egunero sare sozialen bitartez bi bideo partekatuko ditugu, BidaShop elkartearen kolaborazioari esker hiriko pertsonai ezagunak edo kirolariak eta dendarien bizipenak elkartzen dituztenak. Guztira, 50 bideo inguru partekatzeko asmoa dugu egitasmoan parte hartu nahi izan duten saltoki guztiak ordezkatzeko.

Bestetik, Udalekuetarako izen-emateak ireki dituzue?
Bai, 100 izen-emateetara iristeko gutxi falta zaigu. Hala ere, egoeraren bilakaera nolakoa den ikusi beharko dugu ekintza hau egitea posible izango den ikusteko. Horregatik, lehen izen-emateagatik kobratu ohi zen seinalea kentzea erabaki dugu, ekintza egitea ezinezkoa bada dirua itzuli behar ez izateko eta jendeak inolako konpromezurik ez izateko. Uztaila eta abuztuko hilabeteetan zehar egiten den ekintza bat da eta joan den urtean 540 parte-hartzaile izan genituen. Gainera, udaran zehar gurasoek lantokian orduak berreskuratu behar izatekotan, haurrak entretenitzeko aukera ona izan daitekeela uste dugu. Horrela, momentuko egoerara egokituz, segurtasun neurriak bermatu eta ekintza aurrera ateratzeko ahalegina egingo dugu.

Etorkizunean klubeko jarduera berreskuratzeko plana antolatzen hasi zarete?
Bai, taldeko bilerak egiten hasi gara pixkanaka datozen hilabeteetan eman ahalko ditugun pausuak antolatzen saiatzeko. Baliteke txertoa aurkitu arte normaltasuna guztiz berreskuratzea ezinezkoa izatea eta, horregatik, gure zerbitzuak teknologia berrien bitartez eskaintzeko modua topatu nahi dugu. Era honetan, irailetik aurrera zuzenean monitoreek gidatutako saioak eskaintzea gustatuko litzaiguke. Etorkizunean sor daitezkeen egoera berrietan erantzuteko prest egon nahi du Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude