Entrenatzaile bezala estreinatu da Juan Dominguez Real Union taldearekin

Juan Dominguez entrenatzaile bezala estreinatu da denboraldi berri honetan Real Union taldearekin. Orain arte bederatzi denboraldietan jantzi izan du Juan Dominguezek talde irundarraren kamiseta zuri-beltza. Talde irundarraren barruan beteko duen hamargarren urtea berezia izango da. Izan ere, denboraldi berri honetan taldea garaipenetara gidatzeko ardura izango du.

Nola ikusten duzu zure burua entrenatzaile bezala?
Aldaketa handia izan da, baina, momentuz pozik nago. Lehen egunetan urduri nengoen arren, orain oso gustura nago jokalariekin zein nire laguntzaileekin.

Entrenatzaile berria izateko proposamenak ezustean harrapatu zintuen?
Proposamen jaso ostean, egun batzuk hartu nituen familiarekin hausnartzeko eta, azkenean aurrera egitea erabaki nuen. Bederatzi denboraldi egin ditut taldean jokalari moduan eta postu hau aukera ezin hobea da niretzat.

Kluba ondo ezagutzen duzula uste duzu?
Bai, azken sei denboraldietan taldeko jokalaria izan naizenez, taldearen gauza onak eta txarrak ezagutzen ditut. Gauza asko ikasteko dauzkat oraindik, baina, ahal dudanean kluba laguntzen saiatuko naiz.

Nolakoa izan da taldearekin eduki duzun lehen kontaktua?
Hasieratik ia fitxaketa berri guztiak gurekin izan ditugunez, guztien artean denboraldi berria prestatu dugu. Aurre-denboraldi polita egin dugu eta partidu politak jokatu ditugu giro onean. Jendea denboraldi berria hasteko gogotsu egotea garrantzitsua da.

Afizioaren ilusioa taldearentzako presio izan daiteke?
Jokalariez gain, afizioa ondo ezagutzen dut. Badira egunero etortzen diren zaletuak, baina, denboraldi berrian, gure emaitzekin gainontzeko zaletuak berriro erakartzen saiatuko naiz.

Zein helburu dauzkazu denboraldi berriari begira?
Cholo Siomeonek esan ohi duen bezala, gauzak partidutik partidura ikustea gustatzen zait.

Taldea play off-ean sartzeko aukerarik ikusten duzu?
Bai, noski baietz. Aurretik esandako guztia ondo egiten badugu eta burua beti hurrengo partiduan zentraturik badugu, seguru maiatzean postu polit batean egongo garela eta, zergatik ez, play off-ean.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude