Kronometroaren kontra aritzera eta markak haustera ohituta daude BATeko neska-mutilak. Euren azken erronka, ordea, kirol arlotik harago dago. Egun, 150 bazkide dituen Bidasoa eskualdeko atletismo taldeak 500 bazkideen muga gainditu nahi du. Horretarako, gizarte babesa eta herritarren inplikazioa ezinbestekoak izango dira.
Federatutako 175 korrikalarik eta atletismo eskolako 200 umek osatzen dute, gaur egun, Super Amara-Bidasoa Atletiko Taldea. Kide kopuruaz gain, jarduera-esparrua ere zabaldu nahi du Plaiaundiko taldeak. Ibon Muñoz zuzendari teknikoaren esanetan, “atletismo talde bat gara, baina gure irismena zabaldu nahi dugu”. Hori dela eta, hiru sekzio berri ireki dituzte. Lehendabizikoa 14 eta 20 urte bitarteko gazteentzat zuzenduta dago eta kirola egitea eta ondo pasatzea ditu helburu nagusiak. Bigarren sekzioak, berriz, sasoi-betean egon nahi duten emakumeak erakarri nahi ditu; eta azkenekoa, helduei zuzendutakoa. “Herri lasterketetan euren denborak hobetu nahi dituzten edo taldean korrika egin nahi duten pertsonak elkartu ditugu”. Pedro Alegre Irungo Kirol Ordezkariarentzat, talde eredugarria da BAT. “Taldean oinarritutako filosofia izateaz gain, gizarte mailan ere oso urrats garrantzitsuak ematen ari da”.
Bazkide txartela
Krisi ekonomiko larria dela eta, finantzazio iturri berrien bila hasi dira hainbat kirol talde. BATek bazkideak lortzeko kanpaina abian jarri du. Gen Abreu kanpainaren arduradunak dioen bezala, “urteko kuota 20 eurokoa izango da eta bazkide txartelarekin Irungo hainbat dendatan deskontuak izango dituzte. Horretaz gain, antolatuko ditugun lehiaketa eta zozketetan parte hartu ahal izango dute eta taldeari buruzko informazioa bidaliko zaie”. Momentuz, ekimen honetan parte hartu duten dendak honako hauek dira: Bed´s, Electro Arbes, Guilló, Olamusu Kirolak, Jurpis, Oskarbi, Wowoni, M. Bis, App.com Informatika, Leire Sport, Pelanas Txakur Ileapaindegia, Mr. Mark, TPT Osagarriak eta Singular Food Iñigo Lavado.
Ibon Muñozen hitzetan, bazkide izateko prozesua oso erraza da. “Taldearen web guneko (www.atletismobat.com) inprimakia bete dezakete, edo gure helbidera (batih@telefonica.net) e-mail bat bidali”.
UDA programa
Bazkide kanpaina abian jartzeaz gain, UDA kirol programan parte hartuko du atletismo taldeak. Azkeneko urteetan, udako kirol eskaintza asteko bi egunetara mugatzen zuten. Aurten, ordea, eskaintza bost egunetara zabalduko dute. “Astelehenetik ostiralera, 6 eta 16 urte bitarteko gazteentzat, ekimenak izango ditugu”. Ordutegiari dagokionez, bi aukera daude. “Lehendabizikoa, goizeko 8:45etik eguerdiko 13:00etara. Bigarrenarekin, berriz, umeek gurekin bazkalduko dute eta ondoren ingelesez hainbat joko egingo ditugu”. Atletismoaren mundura gerturatzeaz gain, beste ekimen ba-tzuk ere egiteko aukera izango dute.