Miliak Osasunaren Alde jardunaldiaren bosgarren edizioa azaroaren 21ean egingo da

Bidasoa Atletiko Taldeak Miliak Osasunaren Alde jardunaldiaren bosgarren edizioa aurkeztu du. Jardunaldia azaroaren 21eko goizean egingo da eta Colon pasealekuan zehar hainbat ekintza egingo dira milia ardatz hartuta. Aurreko edizioen antzera, aurtengo jardunaldiak herritar guztien parte-hartzea bultzatu nahi du, kirola eta osasuna konbinatuz. Aurreko edizioetan gertatu bezala, jardunaldian bildutako dirua Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako elkartearen Bidasoko ordezkaritzak jasoko du.

Azaroaren 21ean, igandea, 10:00etan hasiko da Irungo erdigunea goizean zehar hartuko duen ekitaldi hau. Miliaren eta mota guztietako hiritarren parte-hartzearen inguruko probaren bosgarren edizioa da. Iñigo Eseberri, Bidasoa Altetiko Taldeko ekitaldi arduradunak adierazi duenez, “ez da soilik kirol-proba bat, askoz gehiago da, goiz osoa hartzen duen ekitaldia da eta izaera sozial handikoa”.

Goiza adineko pertsonentzako Ttipi–Tapa ibilaldiarekin hasiko da. Adineko talde hau astean zehar Irunen eta Hondarribian elkartzen da paseatzeko, eta Irungo miliako zirkuituari bi buelta emango dizkiote, ibilaldia Irundik barrena jarraitu aurretik. Amaitzen dutenean, Zabaltza plazan eskainiko zaizkien patata-tortilla eta uraz gozatuko dute. Ondoren, 10:45etan, 4×1 miliako errelebo-lasterketa hasiko da. DBHko taldeei eta ikasleei zuzendutako lasterketa izango da, adin horietan jarduera fisikoa sustatzeaz gainera, sedentarismoa saihesten laguntzeko. Korrikalari bakoitzak bere milia banaka egingo du, denborak hartuko dituen txip lekuko batekin, eta 4 kideen baturak emango du azken emaitza. Probak sailkapen eta sariketa berezituak izango ditu.

Goiz erdialdean kirol egokituaren txanda izango da. 11:30etan irtengo dira handbikeak eta gurpil-aulkiak, Salto Systems Milla Egokitua egiteko. Ondoren, 11:45ak aldera, milia erdi bat egingo dute adimen-urritua duten pertsonek, eta nahi duen orok lasterketan parte hartzeko aukera izango du. Iñigo Eseberrik gogoratu duenez, “aurreko edizioetan gurasoek, atletismo eskolako atletek eta nahi zuten guztiek proban parte hartu zuten eta oso une berezia eta polita izan zen igande goiz haietan”. Josu Zubia BATeko kirol egokituko ataleko arduradunak gaineratu du, Plaiaundin ostegunero entrenatzen duen Bidasoa Atletiko Taldeko kirol egokituko taldea oso pozik eta motibatuta dagoela lasterketa honekin.12:00etan, goizeko bigarren lehiaketa egingo da; kasu honetan, binakako lasterketa izango da. Bikoteek elkarrekin, eskuak emanda, korritu beharko dute hasieratik bukaerara. Bikoteak gizonezkoak edo emakumezkoak osatuak izango dira, eta bikote mistoak ere izan ahalko dira. Zirkuituari 3 itzuli emango dizkiote 3 milia korritzeko eta sailkapen eta sari bereiziak ere izango dituzte.

Eguna ekitaldi solidario batekin amaituko da, 12:45etan familientzako lasterketa solidarioa hasiko baita. Azken proba honetan mundu guztiak parte har dezake, adin mugarik gabe. Parte-hartzaile bakoitzari 3 euroko dohaintza sinbolikoa eskatu zaio. Irteera honetan bildutako diruarenaren %100a AECCren Gipuzkoako ordezkaritzak jasoko du. Ez da proba lehiakorra izango, beraz, ez da kronometratuko eta ibilbidea korrika zein oinez egiteko aukera egongo da.

Minbiziaren aurkako elkarteak Bidasoan duen egoitzako langile-soziala da Gemma Landache eta zera azpimarratu du, “horrelako probetatik jasotako dohaintzek Bidasoan minbiziaren aurkako borroka mantentzen laguntzen digute. Landachek gogoratu duenez, hiru urte daramatza BATek Miliak Osasunaren Alde egitasmoa bildutako zenbatekoaren bitartez minbiziaren aurkako lanean laguntzen. Gainera, Gemma Landachek adierazi du, ekarpen ekonomikoaz gainera, lasterketa Bidasoko minbiziaren aurkako delegazioan egiten den lana ikustarazteko “oso lagungarria” dela.
Jarduera hauekin batera, goiz osoan zehar Zabaltza plazan Super Amara BATek atletismoaren inguruko Igande Sasoi bat egingo dute, Igandero izeneko egitasmo berriaren barnean. Kirolari txikienek, klubeko begiraleen gainbegiradapean, atletismoko diziplina ezberdinak probatzeko aukera izango dute, hala nola, hesi lasterketa, luzera jauzia eta jaurtiketako hainbat proba.

Izena emateko
Proba guztietarako izen-emateak jada zabalik daude Kirolprobak webgunean. Lasterketaren egunean bertan ere izena emateko aukera eskainiko bada ere, BATeko kideek izen ematea online egitea eskatu dute, kudeaketa lanak errazte aldera. Lasterketen prezioak mantendu egiten dira aurreko edizioekin alderatuta: 7 euro pertsonako, 28 euro 4×1 miliako taldeak eta 9 euro pertsonako taldeak, 18 euro bikoteko 3 milietako lasterketan. Aurten, gainera, binakako lasterketan izena eman duten bikote guztiek doan korritu ahal izango dute txandakako lasterketa, taldea osatzeko bi pertsona gehiago aurkitzen badituzte.

Pandemiaren bilakaera baikorrak kirol proba herrikoien antolaketa berreskuratzea ahalbidetu du. Dena den, Bidasoa Atletiko Taldeko ordezkariek Covid-19arekin lotutako murriztapen neurriak errespetatzeko deia egin dute. Adibidez, jardunaldian zehar pertsonen arteko distantzia errespetatzen ez denean maskara erabiltzea eskatu dute. Hala ere, kirol probetan kirolarientzat maskararen erabilera ez da derrigorrezkoa izango.

Hurrengo lasterketen prestaketa
2021. urtea oraindik amaitu ez bada ere, Bidasoa Atletiko Taldea datorren urteko kirol proben egutegia antolatzen hasi da. Horrela, 2022. urtean zehar, aurreko urteetako eskema bera jarraituz, 8 kirol ekitaldi antolatzeko asmoa adierazi du klubak. Miliak Osasunaren Alde jardunaldia ohiko datara itzultzea nahi du atletismo klubak, beraz, intentzioa da proba hori 2022ko martxoaren hirugarren asteburuan antolatu ahal izatea. Dena den, 2021. urtea agurtu aurretik BATek azken hitzordu bat proposatu nahi die korrikalari irundarrei, abenduaren 18an Gabonetako krosa egingo baita. Dagoeneko urteko azken kirol hitzorduan izena emateko epea zabalik dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude