Bidasoa Xake Klubak antolatutako Irun Hiria Open Txapelketa jokatuko da abendu hasieran

Bidasoa Xake Klubak Irun Hiria Open Txapelketa antolatu du abenduaren 5etik 8rako. Klubak txapelketa hau antolatzen duen lehen aldia da. Bertan lehiatuko dira eskualdeko xakelaririk onenak, baita beste herrialde batzuetatik etorritakoak ere. Iker Arri Bidasoa Xake Klubeko zuzendaritza taldeko kidea da eta txapelketaren prestaketez eta klubaren egungo egoeraz mintzatu zaigu.

Horrelako txapelketa bat antolatzen duzuen lehen aldia izanda, erronka handia izan da?

Bai, erronka dezentea izan da guretzat. Zuzendaritzako hiru kidek horrelako zerbait aurrera eramateko gogoa zuten eta sekulako lana egin dute hau aurrera ateratzeko.

Abenduaren 5etik 8ra jokatuko da txapelketa?

Hori da, eta 7 jardunalditan banatuko da. Ostiralean bat eta larunbat, igande eta astelehenean bi jardunaldi egingo dira egun bakoitzeko. Orain arte, 70 partaidek eman dute izena eta 120 parte-hartzailera arteko lekua dugu. Beraz, espero dugu abenduaren 3ra arte, orduan itxiko baita izen-emate epea, partaidetzak igotzen jarraitzea. Openak bere webgune propioa du, eta beraz, bertan egin behar da izen ematea. Dena den, gure webgunean ere aurkituko dute interesdunek Openaren webgunerako lotura.

Zuen eskolako eta klubeko xakelariez gain, etorriko al da jendea beste herrialdetatik ere?

Oraintxe bertan 7 herrialdetako parte-hartzaileak izango ditugula esan dezakegu. Horretaz gain, 13 autonomia erkidegotatik ere etorriko dira parte hartzaileak. Txapelketa irekia denez, jokatu ahal izateko eskari bakarra lizentzia izatea da.

Nola antolatzen da Xake Txapelketa bat?

Txapelketa mota hauek sistema suitzar batekin egiten dira. Puntuen arabera ordenagailuak parekatzen ditu bikoteak, batak bestearekin jokatzeko. Beraz, hasieran ez dira hainbeste mailarengatik antolatzen, baina bai amaieran; azkeneko jardunaldietan maila, bai, parekatuago egoten da.

“Oraintxe bertan 7 herrialdetako partehartzaileak izango ditugula esan dezakegu”

Zenbat irauten du xake partida batek?

Erritmoari dagokionez,  txapelketa honetan jokalari bakoitzak ordu bat du eta horri gehitu behar zaio 30 segundoko gehiketa egiten zaiola jokalari bakoitzari jokaldi bakoitzean. Beraz, hiru ordu edo hiru ordu t’erdiko denbora izan daiteke txapelketa batean.

Nola aurreikusten duzue txapelketaren lehen edizioa?

Txapelketaren goiko aldean, tituluak dauzkaten 11 parte-hartzaile izango ditugu. Beraz, horrek esan nahi du joko maila altua duen jendea datorrela. Gero, denetarik dago, baina batez ere maila altuan lehia handia egongo dela espero dugu.

Txapelketak zuen kirolari ikusgarritasuna emango dio Irunen, ezta?

Bai, beti motibatzen duen zerbait da, jada mundu honetan sartuta gaudenoi jende indartsuaren kontra lehiatzeko aukera izatea edo baita haiek jolasten ikusi ahal izateko aukera ematen digu. Aitzakia horrekin apur bat erdigunean jartzen gara eta jendeak gu ikusteko aukera du. Azken batean, publizitate apur bat ematen digu. Horretarako, Openaz gain, Irunen bertan bestelako gauzak antolatzea ere garrantzitsua da. Gainera, kasu honetan txapelketa zubian izango denez, jende gehiago etortzea espero da, Gabonen atarian egongo garelako ere.

Kluba 2019an sortu zenetik, nolako bilakaera izan du?

Klubaren sorreratik bilakaera handia izan da, bazkide aldetik gorakada handia izan dugulako. Orain egoera nahiko onean gaudela esan dezakegu, azkenaldian jokalari asko batu zaizkigulako. Momentu honetan 90 ikasle ditugu eskola adinetan. Horretaz gain, 23 heldu ditugu 3 taldetan banatuta. Bazkideak, berriz, 40 direla uste dut. Beraz, kopuru aldetik nahiko ondo gabiltza, adibidez, Gipuzkoako mailarekin alderatuta. Hain zuzen ere, 15 talde ditugu eskola adineko ikasleez osaturik eta horiek astean zehar izaten dituzte eskolak. Taldeak antolatzerakoan, ez da hainbeste jokalarien adina kontuan hartzen, baizik eta bakoitzak duen joko maila.

Ikasturtean zehar egiten diren txapelketen egutegia finkatua duzue?

Guk abenduan umeentzako txapelketa bat antolatzen dugu, 100 parte hartzaile inguru izaten ditu eta izen-emateak betetzen dira. Gero, apirila aldean beste txapelketa bat antolatzen dugu, kasu honetan 140 partaiderekin Uranzu frontoian eta hori ere betetzen da. Horretaz gain, Liga jokatzen dugu eta aurten lau talde izan ditugu bertan. Ligak 3 hilabeteko iraupena izaten du, urtarrilean hasi eta martxoan bukatzen baita. Gainera, urtean zehar hainbat txapelketa egiten dira. Esaterako, banakako bigarren eta hirugarren mailako txapelketa absolutua orain jokatzen ari da eta klubeko jende asko ari da parte hartzen bertan. Horretaz aparte, udan txapelketa asko izaten dira herriko jaietan eta ahal bezain bestetan parte hartzen saiatzen gara.

“Kluba bazkideak elkartzeko eta elkarrekin jokatzeko lekua da batez ere”

Materialaren aldetik, nola antolatzen zarete?

Ba hemen beti material hau dugu, baina egia da bakoitzak bere etxean berea duela. Izan ere, hau ez da oso garestia erosteko eta normalean, jende bakoitzak berea du. Kluba bazkideak elkartzeko eta elkarrekin jokatzeko lekua da batez ere. Ostiralak izaten dira egun jendetsuenak.

Askori zaila egiten zaio xakea kirol bezala sailkatzea, baina zer lantzen da bertan benetan?

Nik ez nuke ariketa heroiko bezala ikusiko, egia esan, baina txapelketa bat jokatu duen edozeini galdetzen badiozu, izugarria dela erantzungo dizu. Ni adibidez, 4 erronda jokatu ostean jada ez naiz pertsona. Tentsio eta kontzentrazio mailak oso altuak direlako. Ez ditut inoiz pultsazioak begiratu, baina ziur asko igoko direla. Klubean batez ere jokaldiak nola egin eta nola hobetu daitezkeen erakusten dugu, baina tentsioaren kudeaketa jokalari bakoitzaren kontua da. Batzuk txapelketak oso ondo kudeatzen dituzte, beste batzuek aldiz, izugarri sufritzen dugu, joko maila edozein dela ere.

Nola animatuko zenuke jendea xakean hasteko?

Egia da xakeak gauza on asko dituela. Nik uste azkenean probatzea dela kontua, eta beraz, denei gomendatuko nieke xakea probatzea eta gero bakoitzak ikusiko du gustuko ote duen. Baina probatzea merezi du behintzat. Gure klubak ikasturte osoan zehar du zabalik bertan izena emateko aukera, bai klaseak jasotzeko, bai taldean aritzeko edo txapelketetan lehiatzeko ere.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude