Irungo Udalak Anakako etxeen eremua berrurbanizatzeko obren 2. faseari dagokion kontratuaren adjudikazioa onartu du. Esku-hartze horri esker, hiriko zonalde horren osotasuna hobetuko da. Proiektuak hamar hilabeteko epea finkatzen du lanak egiteko, eta 1.927.288 euroko aurrekontua. Lanak Construcciones Otegui-Gaztañaga enpresari esleitu zaizkio, 1.642.267,54 euroko zenbatekoarekin eta 10 hilabeteko epearekin.
Zehazki, proiektuaren 2. fasean Lekuona misiolariaren kalearen ingurua eta Fabiola erreginaren kalera doazen bideak landuko dira. Berrurbanizazioaren helburua, lehen fasean bezala, oinezkoen mugikortasunerako espazioa handitzea da, ibilgailuei baino garrantzi handiagoa emanaz. Horretarako, gune bateratuak sortuko dira, maila bereko zoladurarekin.
«Anaka auzoarekin dauzkagun konpromisoetako bat da hau» adierazi du Cristina Laborda alkateak komunikabideen aurrean, obren nondik norakoak azaltzeko agerraldian: «Lehen fasea burutzean, emaitzak begien bistakoak izan dira. Anakako kale hauek askoz espazio atseginagoa dira orain, baita irisgarriagoa ere, oinezkoek baitute lehentasuna, baina aparkatzeko tokirik galdu gabe. Aste gutxi batzuen buruan, bigarren faseari ekingo diogu, hobekuntzak gainerako kaleetara ere zabaltzeko».
Aipagarria da aparkalekuak kale guztietan mantentzea erabaki dela. Kale zabaletan, bi metro zabal diren espaloiak erreserbatuko dira oinezkoentzat alde batean, eta aski zabalak ez direnetan, aldiz, oinezko eta ibilgailuentzako espazio bateratuak eraikiko dira.
Bestalde, landatuko diren zuhaitzei dagokienez, hiri eremuetan landatzeko eta hazteko aproposagoak diren espezieak jartzea erabaki da. Aparkalekuen lerrokaduran jarriko dira, pertsonen joan-etorrietan trabarik ez egiteko moduan.
Azpiegiturei dagokienez, saneamendu sare berri bat eraikiko da, euri-urak eta ur beltzak biltzeko. Energia elektrikoaren eta telefoniaren azpiegiturak ere berrituko dira, orain dauden aireko kableak lurperatzeko. Horrez gain, argiteria publikoa guztiz berrituko da, LED argiak darabiltzaten farol berriak jarrita, jasangarritasuna eta aurrezpen energetikoa irizpide gisa hartuta. Edateko ura eta gasa banatzeko azpiegiturak egoera onean daude eta, ondorioz, ez da jarduketarik egin behar alor horretan.
Anakako etxeen birgaitzea
Irungo Udalak 2020an onetsi zuen Anakako etxeen ingurua birgaitzeko proiektua, zenbait azpiegitura eguneratzeko eta bideak eta oinezkoen eremuak berrurbanizatzeko. Horrela, eremu osoaren itxura orokorra hobetzeaz gain, egungo beharrei hobeto erantzuten dien mugikortasun sare bat antolatu nahi zen, hala oinezkoentzat nola ibilgailuentzat.



