Gaur hasi da Anaka auzoaren eraldaketa

Irungo Udalak jakinarazten du Anakako etxeen ingurua berrurbanizatzeko lanek badutela hasiera-data. Gaur bertan hasiera eman zaie Anakako etxeen ingurua berritzeko lehen mugimenduei. Hasiera batean kutxatilak altxatuko dira eta antzeko lanak egingo dira. Proiektua dagoeneko 2020aren hasieran aurkeztu zitzaion auzoari, baina pandemia agertu izanak eta haren ondorioek garatzea eragotzi dute orain arte.

2022. urte hasieran ekimenari berriz heldu zion Udalak, Anaka-Puianako auzo-elkartearekin bilduta eta parte hartzeko prozesu bat abiarazita, proiektuari emango zitzaion orientazioa azaltzeko.

Jarduketa horren aurrekontu-zenbatespena 6,8 milioi euro ingurukoa da, eta 20.000 m2-ko azalerari eragiten dio: familia bakarreko etxebizitzen 133 partzela, 15 etxebizitza-eraikin eta 2 ekipamendu-eraikin. Berrurbanizazioa faseka egitea planteatzen da; hau da, arestian azaldutako jarduketaren arabera, lanak eremuz eremu joango dira, inguru guztia osatu arte.

Lehen faseko lanak azaroaren 7an hasiko dira Florencio Iracheta plazan eta Fabiola erreginaren eta Isabel I.a erreginaren kaleetan, bai eta azken bi kale horien artean dauden Gaskoi kalearen eta Eulalia infantaren kalearen zatietan. Fase horretara bakarrik 2,4 milioi euro bideratuko dira, eta exekuzio-epea 14 hilekoa izango da.

Obren deskribapena
Lehen faseko lanak azaroaren 7an hasiko dira Florencio Iracheta plazan eta Fabiola erreginaren eta Isabel I.a erreginaren kaleetan, bai eta azken bi kale horien artean dauden Gaskoi kalearen eta Eulalia infantaren kalearen zatietan. Fase horretara bakarrik 2,4 milioi euro bideratuko dira, eta exekuzio-epea 14 hilekoa izango da.

Jarduketaren ildo nagusiek eremurako, oro har, galtzada eta espaloia maila berean utziko dituen plataforma bakarra marrazten dute, koloreka bereiziz. Auzotarrentzat eremu atseginagoak sortuko dira, espaloi zabalagoak eginez eta zuhaitz guztiak ordeztuz, gaur egun hondatuta daude eta.

Azpiegiturei dagokienez, euri-urak biltzeko saneamendu-sarea berrituko da, eta ur zikinak jasotzekoa bere horretan mantenduko da. Horrela, bi sareak bereizita egongo dira, ur mota bakoitza bere aldetik biltzeko. Energia elektrikoaren eta telefoniaren azpiegiturak berrituko dira, orain dauden aireko kableak lurperatzeko. Horrez gain, argiteria publikoa guztiz berrituko da, farol berriak jarrita, jasangarritasuna eta aurrezpen energetikoa irizpide gisa hartuta. Edateko ura eta gasa banatzeko azpiegiturak egoera onean daude eta, ondorioz, ez da jarduketarik egin behar alor horretan.

Proiektuaren helburuei buruz, Cristina Laborda Obra arloko ordezkariak nabarmendu zuenez, “jarduketa integral bat planteatzen da, auzoko guztientzat eremu atseginagoak sortuz. Garrantzitsua da azpimarratzea, azalera handian jardun behar baita, luze joango direla obrak eta beraz faseka planteatuko dela, irisgarritasun handiagoa lortzeko neurriak gauzatuz, hornidura-, elektrizitate- eta telefonia-sare guztiak berrituz eta zuhaitzak eta argiteria ordeztuz. Hori guztia, auzoa eta zehazki inguru hau definitu duten ezaugarri historikoak ahaztu gabe. Emaitza ona izatea espero dugu, eta lagunduko duela Irun hiri atseginagoa izaten, Anakako etxeetako bizilagunek bizi-kalitatea hobetuko baitute”.

Topagune gehiago
Gainera, hiru topagune berri sortuko dira. Lehena, Anakatik auzora sartzeko eremuan, egun dagoen autobus-geltokiaren inguruan (mantendu egingo da geltokia). Bigarrena, garrantzitsuena, Florencio Iracheta Quíllez plazan egongo da, biribilgune izatetik egoteko gune izatera pasatuko baita, kirola egiteko ekipamendua jarrita eta itzalguneak sortuta, pergolen, bankuen eta lorategien bidez. Horretarako, trafikoa beste kale batzuetara bideratuko da, eta plazak biribilgune izateari utziko dio. Azkenik, Isabel erregina kalean egongo da hirugarren espazioa, gaur egun aparkatzeko erabiltzen den eremu zabalenean. Bertan, lorategian oinarritutako gune bat eraikiko da: berdegune bat erdialdean eta, haren inguruan, eserlekuak eta mahaiak zuhaitzen artean banatuta.

Aurrekariak
Jarduketa-eremua Anaka auzoko etxeen ingurunea da. XX. mendearen hasieran eraiki ziren, 1925 eta 1936 artean, bertako urbanizazioarekin batera, laguntza ofizialekin edo interes txikiko maileguekin, langile-jendeak erabiltzeko asmoz.

Aldi berean, garai hartako beharrei erantzunez egin zen urbanizazioa. Ordutik gaur egun arte, urbanizazioan berrikuntza txiki batzuk egin izan dira, batez ere azpiegiturei eta zoladurei dagokienez, baina sekzio tipoak eta zabalerak aldatu gabe.

Oro har, kaleek ibilgailuentzako zirkulazio-bide nagusi bat dute, bidearen alde batean aparkatzeko tokia utzita. Espaloiak oso estuak dira kalearen bi aldeetan, bidea eteten duten elementuak daude, oinezkoen pasabidearen zabalera are gehiago murrizten dutenak, batik bat zuhaitzak, seinaleak eta farolak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude