Gizarte Ongizateko arloak jakinarazi duenez, ostiral honetan, hilak 25, ekimen berezi bat egingo da Anaka-Puianako lokalean. Martxoko ekimen handietako bat da, eta udaberriaren iritsierarekin du lotura. 17:30etan hasiko da.
Arlotik azaldu dutenez, «Irungo adinekoen espazio sozialen xede nagusia topagune bat izatea da, adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko, isolamendua saihestuta eta bizitza sozialeko parte-hartze aktiboa sustatuta. Horretarako, adinekoen ongizate fisiko, psikiko, emozional eta soziala indartzen duten jardueran antolatzen dira».
Puntu horiek dinamizaziorako udal-zerbitzu bat dute, bertaratzen diren adinekoei laguntzeko. Zerbitzu horrek tailer egonkorrak eta bertan egiten diren gainerako jarduerak antolatzen eta planifikatzen ditu. Astero egiten diren tailer egonkorren artean, aipagarriak dira, besteak beste, estimulazio kognitiboko tailerrak (memoria, garunerako gimnastika, ongizate-tailerra…), teknologia-tailerrak (informatika, mugikorraren erabilera) edo ariketa fisikoarekin lotutakoak (gimnastika, yoga…).
Horrez gain, adinekoen lokaletan jarduera bereziak eta puntualak antolatzen dira aldian behin, komunitatea eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko. Jarduera berezien artean daude txango kulturalak, hitzaldiak edo mahai-inguruak.
Arloko ordezkari David Nuñok “oso ontzat” jo ditu horrelako ekimenak. Izan ere, garai latzak pasatu ditugu, murrizketak direla-eta, eta “garrantzitsua da zentro hauek askatasuna izatea berriro adinekoen ongizatea sustatzeko eta adinekoak sozializatzera eta lagunekin gozatzera animatzeko jarduerak antolatzeko”.
Martxoan, «Udaberriko festa» izango da ekitaldi handietako bat. Anakako lokalean egingo da, ostiral honetan, hilak 30, arratsaldeko 17:30etan. Hilabete honetan, beste ekimen txukun batzuk egin dira, hala nola Elsa & Fred filmaren proiekzioa martxoaren 18an Belaskoenean (berriz eskainiko da 25ean Palmera Monteron), San Migelen martxoaren 19an antolatu zen bingoa eta martxoaren 25ean Gordailura egingo den bisita kulturala.
Udaberria
Anaka-Puianako ekitaldia dantzaldi berezi bat izango da: parte-hartzaileek loreak eramango dituzte buruan, eta jantzi zuriak soinean. Gainera, lokala ere lorez apainduko da, udaberriko giroan guztiz murgiltzeko.
Anakako Espazio Sozialeko arduradunek adierazi digutenez, ospatzeko eta ondo pasatzeko gogoz daude, eta esaten dute horrelako ekitaldiak oso garrantzitsuak direla «espazioko erabiltzaileak animatzeko eta, poliki-poliki, normaltasuna berreskuratzen joateko, indarreko segurtasun-neurriak errespetatuta, betiere».
Espazio sozial horiek, dinamizazio-zerbitzuarekin batera, asko laguntzen dute adinekoen bizi-kalitatea. Horretarako, bizitza sozialeko parte-hartzea sustatzen dute eta pertsonen autonomia bultzatzen, aisialdiko denbora aktiboki okupatuz eta gaitasunen eta zaletasunen garapena sustatuz. Horrek guztiak egiten duen ekarpenaren adierazgarri dira erabiltzaileen adierazpen hauek:
Javier Sistiaga: «Puianako zentro sozialean, ez nuen ia inor ezagutzen. Baina, poliki-poliki, nolabaiteko adiskidetasuna eta ezagutza lortu dugu taldekoon artean. Horrek, gero eta gehiago lotzen gaitu, antolatzen dituzten jarduera eta tailerren bidez, eta elkarrengana eramaten gaituzte, elkarrengandik gertuago egotera eta egiten dugunaz gehiago gozatzera». Mari Diez: «espazio honek ilusionatzen laguntzen dit, antolatzen dituzten proposamenei esker, eta jarduera horietan parte hartzen dut. Nire bizitzari zentzua ematen dio eta pozago sentiarazten nau». Marce Marín: «ilusio handia da, eta bizitza pozten dit. Ederki asko pasatzen dut. Lagun asko ditut. Nire iritziz, familia bat sortu dugu. Jardueren bidez, errealizatuta eta erabilgarri sentitzen naiz. Tailer guztietan parte hartzen dut, gustura nagoelako. Astea ohartu gabe joaten zait. Denetik egiten dut: eskulanak, pintura, ongizate-tailerra, adierazpen-tailerra, forman egoteko tailerra zinema, bingoa… eta ezer ez dagoen orduetan kartetan edo berriketan aritzen gara eta, batik bat, barre asko egiten dugu».