Kultura arloak jakinarazi du Oiasso Erromatar Museoak aste santurako jarduera-eskaintza argitaratu duela. Programazioaren barruan, azalpenak emanez egiten diren bisitak, eta txangoak eta tailerrak egingo dira apirilaren 14tik 24ra, aste santuan alegia. Dagoeneko, izena eman daiteke ohiko bideetatik.
Martxoaren 31n, ostegunarekin, 19:00etan, “Kontaiguzu dakizuna” programako beste saio bat egingo da. Programa horretan, Oiassoren lagunek ezaupide eta esperientziak partekatzen dituzte gai historiko eta arkeologikoei buruz, eta bidaien, mitologiaren eta pertsonaia historikoen inguruan, eta baita historian zehar izan diren gizarteen eguneroko bizimoduaren eta kulturaren inguruan ere.
Oraingo honetan, Irene Gaytán de Ayalak (Euskal Herriko Unibertsitatean Historian graduatua) “Tesmoforien Jaialdi Grekoa” izenburuko hitzaldia emango du, eta Josu Usabiaga EHUko Historiako graduko ikasleak, berriz, “Patriarkatuaren sorrera” izenburukoa. Ekimena borondatezkoa da. Parte-hartzaile bakoitzak gai bat proposatu behar du, 20 minutu inguru hartaz hitz egiteko. Ondoren, solasaldi labur bat egingo da bertan.
Aste Santuko programazioari dagokionez, Juncal Eizaguirre ordezkariak esan duenez, “berriro ere Oiassok adin guztietarako aisialdi- eta entretenimendu-aukera eskaintzen digu, historiarekin eta ondarearekin lotuta. Oso plan erakargarria irundarrentzat eta egun horietan bisitatzen gaituztenentzat”.
Honako hau da programa:
TIR: TOUR IRUN ROMANO + BISITA AMA XANTALENGO NEKROPOLIRA Jende ororentzat. Ibili Irungo kaleetan barrena TIR aplikazioarekin, eta ezagutu Oiassori bizia eman dioten aztarnategi arkeologikoak. Ibilbide horretan, Ama Xantalengo ermitara sartuko gara, antzinako nekropoli erromatarra ikustera. Apirilaren 17 eta 24ko igandeetan // 11:00 – 12:30 // 5,50 €
IRUGURUTZETAKO LABEAK ETA MEATZEA. Jende ororentzat. Irugurutzetako inguruan bertan izango da hitzordua, eta meatzea eta kaltzinazio-labeak ikusiko dira. Apirilaren 16 eta 23ko larunbatetan // 11:00 – 12:00 // 5,50 €
OIASSO MUSEOKO BISITA AZALPENAK EMANEZ. Jende ororentzat. Irungo erromatarren garaia ezagutuko da, bisitaldian azalpenak emanez. Apirilaren 18an, astelehenarekin // 11:00-12:00 // 5,50 €
ARKEOLAB: ARKEOLOGIA TAILERRA. 8 urtetik gorakoentzat eta familientzat Museoan bertan, induskatu eta laborategian ikertuko da aurkitutako objektuek zer kontatzen diguten. Apirilaren 14 eta 21eko ostegunetan // 11:00 – 12:30 // 4 €
MOSAIKO-TAILERRA. 6 urtetik aurrera. Mosaikoaren teknika ikasi eta bat egingo da, tesela txikiak erabiliz. Apirilaren 19 eta 22ko ostiraletan // 11:00 – 12:30 // 4 €
“ZINEA ETA ERROMA” TAILERRA 8 urtetik gorakoentzat eta familientzat Ezagutzen al dituzu Romulo eta Remo? “Erroma eta zinema” tailerrean, animaziozko film labur batean parte hartuko duzu, urratsez urrats. Apirilaren 15ean, ostiralarekin, eta apirilaren 20an, asteazkenarekin, // 11:00 – 12:30 // 4 €
“HERKULESEN 12 PROBAK” APP-A 8 urtetik gorakoentzat eta familientzat Museoa modu dibertigarrian ezagutzeko modua, hamabi proba gaindituz. Museoaren ordutegian // 3,85 €
OIASSOKO PIEZA BIHURRIAK. Familientzat. Joko honetan, Oiasso Museoan ezkutatutako objektuen irudiak aurkitu eta sare sozialetan partekatu behar dira. Museoaren ordutegian // 3,85 €
Jardueretarako, aurretik izena eman behar da: 943 63 93 53 // Info-oiassomuseo@irun.org / www.oiasso.com