Ola sagardotegian sagardo denboraldia amaitzear dago

Irungo Ola sagardotegian asteburu honetan 2024ko sagardotegi denboraldia agurtuko dute. Beraz, kupeletik zuzenean sagardoa dastatzea gogoko dutenentzat igande hau, maiatzaren 26a, izango da txotx egin ahal izateko azken eguna. Azken erreserbak webgunetik edo 943 62 31 30 telefono zenbakira deituta egin daitezke.

Nolakoa izan da aurtengo sagardo denboraldia?

Denboraldia ondo joan da. Sagardoa kalitate onekoa izan da eta gustura egon da jendea.

Denboraldian zehar, zeintzuk izan dira sagardotegian unerik jendetsuenak?

Pandemiaz geroztik, dena pixkat aldatu egin da. Jendea eguerditan dator gehiago eta gaua lasaiagoak dira. Astegunetan ere animatu egiten da jendea. Gainera, aukera desberdinak daude bakailaoa saltsan, tomatearekin edo piperrekin. Azkenean, horrek ere jendea berriro etortzera animatzen du.

Aurtengo sagardoa jendearen gustukoa izan da?

Gehienak gustura aritu dira. Aurten ere bi kupel berezi izan ditugu. Bata bi barietaterekin egina eta bestea hirurekin.

Gainera, 11 kupel daude dastatzeko eta bakoitzak bere gustukoa aurkitzen du, batzuk suabeagoak dira, besteak gozoagoak edo baita mikatzak ere. Hala ere, orokorrean gehien gustatzen zaien kupela kanpoan duguna da, aire librean dago tenperatura naturalean eta bertako paretekin xarma berezia dauka.

Zeintzuk izan dira denboraldian zehar bizitako une berezienak?

Denboraldiko momentu berezienak beti dira gure ekitaldien egunak.  Txotx irekiera hasierako urduritasun eta gogo handiko eguna, bertso afaria umorea eta sagardoa konbinatzen dituena, eta kantu afaria, denboraldia isteko eguna, jendea kantari eta gogotsu egoten da.  Baina urtero badugu koadrila talderen bat kantuan edo instrumenturen batekin izugarrizko giroa jartzen dutenak, horiek ere bereziak dira.

Nondik datoz Ola sagardotegiko bezeroak, eskualdetik edo baita kanpotik ere?

Bertako jendea hurbiltzen zaigu asko, baita iparraldekoak ere. Baina azken urteotan Gipuzkoa erdialdeko jendea ere azaltzen da, askok ez dute Irungo zonalde polit hau ezagutzen.

Atentzioa deitzen du ere, geroz eta gehiago direla Europatik datozenak, alemanak, holandarrak, belgak… Gure kultura ezagutu nahi dute eta sagardotegia hemengo tradizio berezia da.

Asteburu bukaera honetan txotx denboraldiari amaiera emango diozue. Momentu berezia izango da, ezta?

Bai, urte asko daramatzagu Bankako Menditarrekin elkarlanean. Beraien ahotsa izugarria da eta jendea txaloka zein kantari ikusteak ilusioa egiten du. Denboraldia borobiltzeko modu aproposa da.

Oraindik asteburu honetarako erreserba egiteko aukerarik dago?

Bai noski, beti badago txokoren bar. Telefonora deituta erreserba egin daiteke.

Behin denboraldia amaituta, zer egiten duzue kupeletan geratzen den sagardoarekin?

Denboraldia bukatzean ontzi-aldaketak egin eta beranduago botilaratzeko prestatzen da. Beraz, maiatzetik aurrera sagardoa txotxean beharrean botilan edo pitxerrean dastatzeko aukera dago.

Oporrak hartuko dituzue orain edo sagardotegiak zabalik jarraituko du?

Sagardotegi denboraldia bukatu eta segidan jatetxe garaia hasiko dugun. Karta eta menuak dastatzeko aukera izango da barruan zein terrazan.

Baina bai, jaietan etenaldi txikia egiten dugu udara indarrekin hasteko, gero abendura arte segidan izaten dugu eta.

Jada hurrengo denboraldia, 2025ekoa, prestatzen hasi zarete?

Hori da, txotx garaia bukatu arren sagastietan lanean jarraitzen dugu. Loraldian daude arbolak, batzuk fruituan hasi dira eta datorren uztarako kimaketak orain egitea garrantzitsua da. Udara pasata, sagarrak biltzen eta sagardoa egiteari ekingo diogu. Gurpila ez da gelditzen eta beti badago zer egina sagastietan edo kupel tartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude