Bost urte eta erdi igaro dira dagoeneko Bidasoa Xake Klubaren ibilbidea hasi zenetik. Denbora tarte honetan Irunen beren jarduera ezagutaraztea lortu duten arren, gogotik dihardute etengabe lanean, hazten jarraitzea eta jokalari berriak erakartzea helburu. Behin klubaren oinarriak finkatuta, Carlos Pascual Bidasoa Xake Klubeko lehendakariak kluba aurtengo denboraldian nola dabilen azaldu digu.
Pentsatzekoa da klubaren sorreratik bazkide kopuruak gora egin duela, ezta?
Ba, ia hutsetik hasi ginela kontuan hartuta, hasieran ikasle gutxi batzuk genituen, eskolakoak zein helduak. Eta bai, egia da hazten joan garela, eta gaur egun 95 ikasle ditugu astero klasera etortzen direnak eta 45 bazkide.
Nola antolatzen dituzue eskolak?
Bada, ikasleak astean zehar etortzen dira eta taldeak ditugu hastapen mailatik aurreratuenetaraino. Nahi arabera etortzen dira, baina guk astero eskaintzen ditugu eskolak, astelehenetik ostiralera arratsaldeetan. Eskolak mailaren arabera banatzen dira. Adinaren arabera ere antolatzen saiatzen gara, baina hori ez da oso garrantzitsua, duten joko mailak garrantzi handiagoa baitu. Oinarritik abiatzen dira, orduan hasten baitira jarduera ezagutzen, eta, gero, pixkanaka, aurrera egiten dute.
“Guk erakusten diegu kirol hau zertan datzan, nola jokatzen den, zein diren arauak eta hortik aurrera pixka bat hobetzen hastea da helburua”
Ikasleez gain, helduentzako eskolak ere ematen dituzue.
Bai. Gero beste alde batetik helduak ditugu, ikasle gazteak baino geroago etortzen direnak. Oraintxe bertan helduen bi talde ditugu. Alde batetik, hasiberriak direnak daude, zerbait dakitenak edo agian txikitan ikasi zutenak eta berriz ekin nahi diotenak. Bestetik, lehiaketaren munduan sartuta daudenak daude, eta, hala ere, hobetzeko asmoz datoz klasera.
Izan ere, jolasten jakinda ere, beti daude gauza berriak ikasteko, ezta?
Ba hemen, ziurrenik kirol guztietan bezala, beti ikasten da eta beti hobetu daiteke. Eta lehiaketan daudenek, astero entrenatu eta lehiatu behar dute.
Hala ere, ezertxo ere ez dakitenentzako lekua ere baduzue.
Jakina, hemen gaude batez ere irakasteko eta jarduera ezagutarazteko. Eta piezak nola deitzen diren ere ez dakien jendea ere badator. Guk erakusten diegu kirol hau zertan datzan, nola jokatzen den, zein diren arauak eta hortik aurrera pixka bat hobetzen hastea da helburua.
Lehen bost urte hauen ostean, ba al duzue etorkizun handiko jokalaririk?
Jakina. Hasieratik gurekin hasi ziren ikasleak ditugu, agian zazpi, zortzi edo hamar urterekin jokatzen hasi zirenak. Adibidez, gaur egun horietako batzuk, batez ere taldeka, hor dabiltza, eta ondoen dabiltzanak aipatzekotan, haurren kategorian iaz Euskadiko hirugarren izan zirela aipa dezakegu, eta duela bi urte Espainiako txapeldun haurren kategorian ere.
Gaur egun, zeintzuk dira martxan dauden lehiaketak?
Bada, urtarrilean hasi da Gipuzkoa mailako Taldekako Liga, eta aurten lau talderekin ari gara lehian, kategoria bakoitzean bana. Orain denboraldi erdian gaude eta momentuz lehen postuen artean mantentzen gara. Esan beharra dago azken mailan hasi ginela eta Gipuzkoako goreneko mailako talde bat daukagula orain, eta hori bost urtetan lortzea ez dago gaizki. Asmoa, beraz, bazkide eta ikasleei lehiaketan parte hartzeko aukera eskaintzea da, gutxi gorabehera bakoitzari bere mailan, bere kategorian.
Zer erronka dituzue denboraldi honetan?
Beno, helburu nagusia denok parte hartzea da, eta hobetzen eta hazten joatea. Kirol mailan, tira, azken urte hauetan aurrera eta gora egin dugu, behetik hasi baikara, baina une batetik aurrera zailagoa da gora egitea. Beraz, orain helburu nagusia kategoriei eustea da. Hori lotzea nahikoa izango litzateke, baina ikusiko dugu zerbait gehiago lor daitekeen.
Irunen lehiaketarik antolatzen al duzue hemen ere kirola ezagutarazteko?
Denboraldian zehar txapelketa pare bat antolatzen dugu Gipuzkoa mailan, baita Gipuzkoatik kanpo ere. Bat Gabonetan, eta orain, apirilean beste txapelketa bat egingo dugu. Iaz, adibidez, 120 parte-hartzaile baino gehiago izan ziren bertan. Horrez gain, urtean zehar auzo elkarte guztietan eskaini gara auzoetako jaietan egon gaitezen eta haiek behar duten lekuetara xakea eramateko. Horrela, edozein auzotako edozein pertsonak ezagutu ahalko du gure jarduera, nahi dutena galdetu edo interesatu ahal izateko.
Xakea barnealdean jokatzen den kirola denez, ezagutzera emateko zailagoa dela esango zenuke?
Hori da. Guretzat ere garrantzitsua da kirola ezagutzera ematea eta, batez ere, ikusgai egotea eta ahal dugun guztietan kalean egoten saiatzea. Horregatik, esan dizudan bezala, auzoetan gaude eta jaietan egoten gara. Igande Sasoi ekimenean edo Ficobako eskola olinpiadetan ere egon izan gara.
“Guretzat ere garrantzitsua da kirola ezagutzera ematea eta, batez ere, ikusgai egotea eta ahal dugun guztietan kalean egoten saiatzea”
Kirol gisa oraindik ezezagun samarra bada ere, kirol horren onurak aski ezagunak dira.
Bai, izan ere, onurak kontaezinak dira: kontzentraziorako, erabakiak hartzeko, planifikaziorako, bultzaden kontrolerako, galtzen ikasteko eta jokoaren arauak onartzeko. Horrez gain, autoestimua asko hobetzen laguntzen du. Gehiago esan diezazuket, baina batez ere horiek dira azpimarratuko nituzkeenak.
Eta etorkizun urrunago bati begira, zer helburu jartzen dizkiozue zeuen buruari?
Beno, printzipioz, gehien interesatuko litzaigukeena masa sozialean haztea izango litzateke. Zenbat eta jende gehiago etorri jokatzera orduan eta hobeto kirolarentzat eta guretzat. Epe laburrera begira, klubaren egiturari eustea da asmoa, eta epe ertainera, kirola egin nahi duen ororen parte-hartzea handitzea.
Azkenik, gogoratu mesedez non zaudeten, interesatuta daudenentzat.
Gure lokala Irungo Anzaran auzoko Lope de Irigoyen kaleko 15. zenbakian dago. Bi solairuko gela bat dugu, eta bertan praktikatzera, ikastera edo, besterik gabe, jolastera etortzeko lekua eskaintzen dugu. Eta informazio gehiago nahi dutenentzat, zuzenean hona etorri eta hitz egin dezakegu edo gure webgunea bisitatu dezakete, euskaraz eta gaztelaniaz, edo posta elektroniko bat bidaliz.



