Bidasoa Irun taldearen Europako neurketek Artalekuko mugak gaindituko dituzte

Bidasoa Irun Europako txapelketaren maila gorenera iritsi da berriro. Denboraldian zehar Ligako txapelketak Europako partiduekin tartekatu beharko ditu talde irundarrak. Partiduen joan-etorri etengabea erakargarriago egiteko helburuarekin Bidasoa Irun klubak, Denok Bat ostalaritza elkarteak eta Irungo Udalak egitasmo berriak proposatu dituzte. Egitasmoaren izena “Astearteetako ilusioa” da.

Egitasmoa urritik otsailera bitarte egongo da martxan. Horren barnean, Irungo hainbat tabernek eta jatetxek saria bezala afariak eskainiko dituzte. Bidasoa Irunek Europako partiduak dauzkan astearteetan 20:00etatik 23:00etara ekimenera atxikitako tabertan eta jatetxeetan afaltzen duten bezeroen artean egingo da zozketa. Guztira, bi bidaia zozkatuko dira txapelketaren bigarren itzulian etxetik kanpo talde irundarrak jokatuko dituen partiduez gozatzeko. Ekimenera atxikitako tabernek eta jatetxeek bereizgarriak izango dituzte, bezeroek erraz identifikatu ditzaten egitasmoarekin bat egiten duten ostalaritza establezimenduak. “Astearteetako ilusioa” egitasmoaren zozketan parte hatzeko balioko dute bai Bidasoa Irunek Artalekun jokatzen dituen astearteek eta baita etxetik kanpo jokatzen dituen Europako neurketa egunek.

Zozketa martxoko lehen asteburuan egingo da Bidasoa Irun-Barça partidan. Izan ere, aurreko astean, otsailaren 28an, Bidasoa Irunek Artalekun Skanderborg Aarhus taldearen aurka amaituko du Multzoen Fasea. Zozkatuko den asteburua zein izango den erabakitzeko Bidasoa Irunen hurrengo faserako norgehiagoken behin betiko egutegia hartuko da kontuan.

“Astearteetako ilusioa” egitasmora San Juan plaza, Urdanibia plaza, Mendibil eta Arbes inguruko tabernak batu dira momentuz. Hala ere, taberna edo jatetxe berriek egitasmora batu nahiko balute Denok Bat elkartearekin harremanetan jarriz edo cdbidasoa@cdbidasoa.eus helbidera idatziz eman dezakete izena.

Ideiaren arrakasta
Gurutz Aginagalde Bidasoa Irun kirol elkarteko lehendakariak azaldu duenez, aurreko urteetan Bidasoa Irunek ostalariekin hainbat akordio puntual lortu ditu, partidu garrantzitsuetan hiri osora eskubaloi giroa zabaltzeko. Akordio horiek batez ere pandemia garaian gertatu ziren, baina normaltasun berrian ere ostalaritzarekin lotutako egitasmoak mantendu eta indartu nahi dituztela azaldu du Aginagaldek. Bidasoa Irunero presidentearen hitzetan, “Formula gehiagotara irekita gaude, eta jakin badakigu batez ere partidu egunetan San Juan plaza ingurua, Luis Mariano eta Zabaltza plaza direla jende gehien erakartzen dutenak, baina ekimena Irungo auzo guztietako tabernetara irekita dago”.

Gurutz Aginagaldek azaldu duenez, “Europan egoteak Irun hiriaren proiekziorako suposatzen duenaz gain, European League Irunen barrena ere egotea nahi dugu”. Horrela, presidenteak azpimarratu du ezin dela normaltzat hartu klubak Europa mailan jokatzea. Azken urteetan Bidasoa Irunek hainbatetan Europako txapelketan parte hartu duen arren, Aginagaldek gogoratu du talde gehienentzat oso zaila dela maila horretako lehiara iristea. Bidasoako presidenteak maila horretara iristeko zailtasuna irudikatzeko azken urteetan Europatik kanpo geratu diren ASOBAL Ligako edo Alemaniako eta Frantziako taldeak ikustea nahikoa dela aipatu du.

Horrela, Europako neurketak astean zehar jokatzen direnez, ez dute bere jaiegunetan edo asteburuetan jokatzen diren partiduen adinako arrakastarik izateko aukerarik. Hala ere, Gurutz Aginagaldek horretarako aukera ikusten du. “Urte hauetan jokatu dugun hirietan gure taldeak bizi ahal izan du nola partidu egunetan leihoetan edo saltokietan banderak eta bufandak jartzen dituzten”, adierazi du presidenteak. Aginagaldek gaineratu duenez, “goizean goiz lanera edo eskolara joateko etxetik ateratzeko orduan, eguna Artalekun amaituko dugula jakinda, gure Bidasoa Irunekin eta partida Europako txapelketakoa izango dela jakinda, eguna berezia da”.

Irungo Udaletik, Borja Olazabal Kirol ordezkariak nabarmendu duenez horrelako egitasmoek Europako partiduak Artalekun bakarrik geratu ordez, hiri osoan etxeko taldearekiko ilusioa zabaltzeko aukera ematen dute. “Zaleek taldearekin egon behar dute eta ekimen hauek hiria girotzen laguntzen dute”, adierazi du kirol ordezkariak.

Hasi da norgehiagoka
Bidasoa Irunek dagoeneko EHF European Leagueko Multzo Faseko lehen neurketa jokatu du, Artalekun Águas Santas Milanezaren aurkako partidarekin. Talde irundarrak garaipen sendoa lortu zuen, 35-26 punturekin amaitu baitzen markagailua. Garaipen horri esker Bidasoa Irunek 75. garaipena lortu du. Zifra biribil honetara iristeko ibilbidea 1987ko urrian hasi zen, USM Gagnyren aurka Artalekun lortutako garaipenarekin, eta Europako Kopako finaleko joaneko Badel Zagreben aurkako partida (30-20, 1994/1995) izan du momentu distiratsuena. Horrela, Irungo taldeak orain arte jokatutako 126 partidetatik gehienak irabazi ditu, beste 14 berdinketan bukatu dira, eta gainerako 37ak, galdu egin ditu.

Sarrerak
Bestalde, sarrerak erosteko aukera zabalik dago. Hasierako epea urriaren 18an amaitu bazen ere, Europa abonua erosi ez duten bazkideek prezio berberetan egin dezakete, Bazkide Gunean sartuz eta salgai dauden sektoreetan eserleku bat aukeratuz. Era berean, sarrera solteak aukeratzen dituzten bazkideek 11 euroren truke erosi ahal izango dituzte talde portugaldarraren aurkako lehiarako. Datozen asteetan jarriko dira salgai Europako beste lau norgehiagokak.

Gainera, salmenta orokorra ere aktibo dago. Bazkide ez direnentzako abonuak ere, 20 eta 75 euro artean, eta portugaldarren aurkako lehen jardunaldirako sarrerak, 5 eta 18 euro artean, salgai daude klubaren webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude