1976an eratu zen Dunboa-Eguzki Kirol Kluba. Izen bereko ikastetxearen babespean eta desagertu berri zen Viteri ikastetxearen futbol tradizioa jasota eman zituen lehendabiziko urratsak. Urtero Lopez Ufarte Nazioarteko Lehiaketa antolatzen duen klubetik jokalari ugari igaro dira azken urteotan. Gaur egun, 350 dira bere lerroetan dituen jokalariak.
Arratsaldeko 20:30an Larreaundiko futbol zelaian haurrak dira nagusi. Ume puntak dira, baina pase bakoitzean kalitate ikaragarria erakusten dute. Bertan entrenatzen, 10 urteko Ekaitz Liceaga, Ander Serrano eta Julen Telletxea eskarmentu handiko lagunak aurkitzen ditugu. Astean ordu eta erdiz jarduten dute Porfirio Velado, Michel Rodriguez eta Pablo Dávila entrenatzaileen esanetara. Ekaitz, adibidez, oso pozik dago entrenatzaileengandik ikasitakoarekin. “Baloia gehiago uki-tzen eta ondo gidatzen erakutsi didate”. Lehiakorrak eta zorro-tzak dira hiru alebin hauek, eta ez dute batere gaizki egiten. “Orokorrean nahiko ondo goaz, baina Antiguokoaren eta Baskoniaren kontra jokatutako partiduak galdu ditugu; beraz, hobetu beharra dago”, dio Anderrek.
Hain txikiak izanik ere, gauzak nahiko argi dituzte, eta etorkizunari buruz galdetzean, koloreekiko maitasuna argi geratzen da: “Dunboan jarraitu nahiko genuke”.
Umeak hain gustora egotearen errudun Ricardo Gómez (taldeko presidentea), Javier González (entrenatzailea eta klubeko zuzendaria), Fernando Pascual (Futbol Eskolako arduraduna eta entrenatzailea) eta Juanjo Pascual (entrenatzailea) dira. Ricardo Gómez presidenteak 15 urte darama Klubaren gidaritzan. Egiten duen guztia “umeengatik, koloreengatik eta klubarekiko maitasunarengatik” egiten du. Taldeak 8 kategoria ditu.
Eskola
Eskola 2007an sortu zen eta 150 ume ditu bere lerroetan. Bertan, futbolaren oinarri taktiko, tekniko eta fisikoak erakutsi eta hainbat balio helarazten zaizkie umeei. “Pertsonekiko errespetua eta solidaritatea erakusten dizkiegu. Hala ere, umeek balio hauek jasotzea eta praktikan jartzea ez da batere erraza”, Fernando Pascual eskolako arduradunaren esanetan. Javi Gonzálezentzat “pozgarria da ikustea entrenatu dituzun kirolari txikiak goiko kategorietan jokatzen, baita zuk irakatsi diezuna praktikan jartzen ere”.
Helburuak
Aurtengo helburuei dagokienez, argi dituzte presidenteak eta hiru entrenatzaileek: “1. erregional mailan dagoen taldera igotzea lortu nahi dugu. Bestalde, gazte, kadete eta haur kategorietan ohorezko maila lortzea da gure helburu nagusia. Honela, Gipuzkoako talde garrantzitsuenekin lehian aritu gaitezke. Eta eskolari dagokionez, urtetik urtera gure formazio lana hobetzea”.
Krisi ekonomikoak kirol kluben egoera zailagotu egin du, diru-laguntzak drastikoki jaitsi baitira. Jaitsiera hau aurtengo Lopez Ufarte Nazioarteko Txapelketaren XXXII. edizioan nabaritu egingo da. Hala ere, taldeak bere onena emango du txapelketa ondo joateko. Ricardo Gómezek aurreratu duenez “Athletic Bilbao, Gipuzkoako Selekzioa eta Villarreal dira gonbidatutako taldeetako batzuk. Gainera, Ozeaniako selekzio bat ere etortzekotan da”.
Etorkizunari begira, Dunboa-Eguzki Klubaren xedea da “Klubaren inguruko giza-ekintza sustatzea eta emaitzak hobe-tzea”. Javier Gonzálezen ustez, “pertenentzia-sentimendua eta koloreekiko maitasuna baitira gure kluba mantentzen duten oinarriak”.
Informazio gehiago:
www.dunboaeguzki.com
www.facebook.com/dunboaeguzki