Dunboa 8:30: Hobe taldean, bakarrik baino

Hamarnaka lagun biltzen ditu Dunboa 8:30 taldeak korrika egiteko

Running fenomenoak nabarmen egin du gora azken urteotan. Gero eta gehiago dira jarduera fisiko moduan korrika egitea aukeratzen dutenak. Ariketa osasungarri bezain erosoa da. Material garestien beharrik ez dauka, ez du denbora gehiegi eskatzen, eta lagunen artean lasai asko egin daiteke. Dunboa 8:30 taldearen kasua da hori. Sei urte daramate Santiagoko bidegorriko zubian elkartzen. Astean hiru edo lau aldiz ateratzen dira herri atletismoaz gozatzera.

dunboa_taldea

Arratsaldeko zazpi eta erdietan jarri dute hitzordua zubian. Argi dago, beraz, lehenengo galdera. “Larunbat eta igandeetan goizeko zortzi eta erdietan ateratzen gara. Horregatik jarri genion izena. Hasieran asteburuetan baizik ez ginen geratzen”, azaldu du Rafa Otxoak. Taldeko beteranoetako bat da Otxoa. Aurretik Escuadra Goyo entrenamendu taldean aritu zen. Bertako kideak korrika egiteari uzten hasi zirenean, Dunboa 8:30 taldea osatu zuten, beste hainbat korrikalarirekin batera. Ahoz-ahokoak ondo funtzionatu du, eta entrenamendu talde handia osatzen dute gaur egun.
Zazpiak eta hogei aldean, kirolerako zapatila eta arropaz atondutako gizon-emakumeez bete da zubia. Azken hiru urteotan, Dunboa 8:30 taldeak partaideen %40ko gorakada izan duela azaldu du Rafa O-txoak. Gainera, hasieran ia denak gizonezkoak ziren arren, emakumezkoak gero eta gehiago dira orain: “Zorionez, hamabost emakume inguru ditugu taldean gaur egun. Kirolean ere, genero berdintasuna behar dugu”.
Irailaren amaiera da, eta Behobia-Donostia lasterketaren eguna hurbiltzen ari dela nabari da. Ikaragarria da Behobiak eskualdean duen eragina. Kaleak entrenatzen ari diren korrikalariez bete egiten dira hilabeteotan. Dunboa 8:30 taldean ere, berrogei lagun baino gehiago elkartzen dira udazkeneko asteetan.
Behobia-Donostiatik harago
Entrenamendu motan ere nabari da Behobia gainean dagoela. Proba prestatzeko, entrenamenduak luza-tzen dituztela aipatu du Rafa Otxoak: “Normalean hamahiru kilometro inguru egiten dugu entrenamenduetan. Behobiaren aurretik, hogeira ere luza-tzen ditugu”. Astearteetan, serieak lantzen dituzte. Ostegunetan eta asteburuetan, iraupeneko entrenamenduak izaten dira nagusi. Behobiaz gain, beste herri lasterketetan ere parte hartzen dute. Horietan, ohikoa izaten da Dunboa 8:30 taldeko kamisetak ikustea. Duela bost urte inguru egin zituzten, taldearen bereizgarri modura. Baina Rafa Otxoak azpimarratu du ez dutela inolako elkarterik osatzen: “Taldea erabat librea da, edonor etor daiteke, ezer ordaindu beharrik gabe”.
Entrenamendu taldea baino gehiago eskaintzen du Dunboa 8:30ek. Urtean hiruzpalau bazkari edo afari antolatzen dituzte. Gainera, urtarrileko azken asteburuan, San Anton eguna kari, irteera luze bat egin ohi dute. Lesakara joaten dira korrika, eta bertan hamaiketako oparoa egiten dute: “Escuadra Goyoren garaiko ohitura da, eta oraindik ere mantentzen dugu”, nabarmendu du Rafa Otxoak. Zaila da esaten, beraz, kirolak edo taldearen giro onak erakartzen duen jendea. Baina astero gero eta gehiago dira Santiagoko zubian korrika egitera elkartzen direnak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude