Unai eta Iker Amiano anaiak pilota tituluak pilatzen jarraitzen dute

Argazkia: Estudio Gover

Unai eta Iker Amiano pilotari irundarrek garaipen garrantzitsuak eskuratu dituzte azkenaldian. Alde batetik, Iker Amiano Gipuzkoako Txapeldun bilakatu zen pasa den abenduan. Bestetik, Unai Amiano Diario Vasco Txapelketako irabazlea izan zen eta Irungo Kirolaren sarietarako izendatua egon da Irundarron saria jasotzeko. Gainera, bi anaiak ere orain Espainiako Txapelketan murgilduak daude.

Diario Vasco Txapelketa pilota munduan txapelketa garrantzitsua denez, garaipena lorpen berezia izan da, ezta?

Unai: Dagoen txapelketa hoberena ez bada ere, pilota munduko txapelketa hoberenetarikoa izango da. Izan ere, beste txapelketetan parte hartu ahal izateko aukera asko irekitzen baitizkizu.

Beraz, uste duzu txapelketa hau irabazi izanak zure etorkizunean eragina izan dezakeela?

Unai: Bai. Horrelako txapelketetan jada finalera iristea lortzen baduzu zerbait da. Baina, irabaziz gero, oso lorpen garrantzitsua izaten da, azken batean, kirol honetan izena lortzen laguntzen dizulako. Hortaz, oso garrantzitsua da beste txapelketa batzuetan jokatu ahal izateko eta aurrera egin ahal izateko.

Lorpen horregatik Irungo Kirolaren saietarako izendatu zaituzte. Polita izan behar du zure hirian horrelako errekonozimendu sari baterako izendatua egotea.

Unai: Bai. Diario Vasco Txapelketa irabazteaz gain, urtean zehar beste txapelketa garrantzitsu batzuk irabazi ditut. Beraz, lorpen horiengatik sari horietarako izendatua egoteagatik pozik nago, izan ere, gustua ematen du zure lorpenak errekonozitzea eta zure hirian kontuan izan ditzatela.

Gainera, esan daiteke pilota ez dela Irunen kirol ezagunenetarikoa. Ondorioz, zuek kanpora joan behar izan duzue pilotan aritzeko, ezta?

Unai: Hori da. Egia esan, pilota ez da Irunen asko egiten den kirola. Gu adibidez Ramuntxo Trinkete klubean hasi ginen pilotan jolasten, baina bai maila aldetik eta bai adin aldetik aukera gutxi zegoenez, hemendik kanpo bilatu behar izan genuen kirol honetan aritzeko aukera. Lehenengo Bera aldean hasi ginen, gero Añorgan ibili ginen eta orain Tolosan gabiltza.

Dena den, berriki jakin dugu Irunen Atxiki Pilota Eskola sortzeko asmoa dagoela. Haurrek Irunen bertan pilotan aritzeko aukera izatea garrantzitsua iruditzen zaizue?

Iker: Bai, nire ustez, oso ideia ona izan dute. Irun oso handia da eta kirol eskaintza zabalduz gero, jendeak kirol ezberdinak ezagutzeko aukera izango du. Jendeak izena eman eta aukera izango du ikusteko pilota gustatzen zaion ala ez. Agian baten bati gustatuko zaio eta horrela ingurukoak animatuko ditu pilota probatzera. Egia da futbolak eta eskubaloiak arrakasta handia dutela, baina pilotari ere aukerak eman behar zaizkio eta agian Irunen pilotak ere bere lekua lor dezake horrela.

Pilotan aritzeko aukeraz gain, kirolari erreferenteak izatea ere garrantzitsua izango da, eta are gehiago tokiko kirolariak badira, ez duzue uste?

Iker: Noski. Txikiagoak ginenean eta Beran ibiltzen ginenean kirolari zaharragoetan erreparatzen genuen, esaterako, Errandonea, Martinez edo Olaizola. Izan ere, zuk beraiek ikusita disfrutatu egiten duzu eta pentsatzen duzu handitan beraien lekuan egon nahiko zenukeela. Beraz, agian gaur egungo gaztetxoei gauza bera gertatuko zaie ere eta nik uste hori oso polita dela.

Iker, zu berriz, abenduan Gipuzkoako Txapeldun bihurtu zinen. Garaipen azpimarragarria, ezta?

Iker: Bai, horretan gabiltza, ahal dena egiten. Ondo dago lana emaitzak ematen ari dela ikustea.

Orain Espainiako Txapelketetan murgilduta zaudete biak. Nola joan da txapelketa orain arte?

Unai: Oraintxe bertan ligaxka jokatzen ari gara eta gutxi falta da. Txapelketaren fase hori bukatzen ari da nire kasuan. Azken partidua jokatzea falta zaigu taldez pasatzea lortuko dugun edo ez jakiteko. Azken partidu horretan helburua lortzen saiatuko gara.

Iker: Gure kasuan ligaxka luzeagoa da, baina helburua bera da: finalaurrekoetan sartzea. Hori lortuz gero, hurrengo helburua finalera iristea izango da eta bertan zerbait polita egin ahal izatea.

Emaitzak lortzeko aurretik lana egin behar da. Nolakoak izaten dira zuen entrenamenduak?

Unai: Normalean pilotan aritzeko fisikoa asko landu behar da, baina askotan horrekin ere ez da nahikoa. Hori eginda emaitzak lortzen badira gauzak ondo egiten ari direla esan nahi du. Bestela, gauzak ondo ateratzen ez badira, gauzak aldatu eta aukera berriak probatu behar dira, detaile txikiak aldatuz ikusi behar da zerbait hobetzen den.

Iker: Azkenean ikusi behar da zeintzuk diren bakoitzaren akatsak, horiek hobetzen saiatzeko. Horretaz gain, garrantzitsua da ahalik eta kirolari osoena izatea. Gazteago zarenean pilotari ematen zaio garrantzia bakarrik, baina orain aldiz jokatzeko moduaz gain, pilota, elikadura eta entrenamendu fisikoak kontrolatu behar dira, dena hobetzen saiatzeko.

Azken urteetan pilotaren munduan bilakaera bat nabaritu duzue kirolaren profesionalizaziorantz?

Iker: Bai, izan daiteke. Batez ere lehen pilotan ibiltzen zen jendeari erreparatzen badiozu ikusiko duzu lehen tamainaz handiagoak zirela. Lehen ere pilotak ezberdinak ziren eta jokatzeko era ere asko aldatu da. Beraz, lehengo kirol eskaerak eta gaur egungoak ez dira berdinak. Orain beste abiadura batean jolasten duzu eta, horren ondorioz, gaur egun osatuagoa izan behar duzu alderdi guztietan.

Nola ikusten duzue zuen etorkizuna pilotan?

Unai: Momentuz ahalik eta gehien disfrutatzen saiatzen ari gara. Bitartean, ahal bezain beste ikasteko ahalegintzen ari gara. Urte hauek oso garrantzitsuak baitira txapelketak irabazi eta izena lortzeko. Izan ere, edozein kiroletan ibiltzen den edozeinen ametsa hori izaten da askotan, profesional mailara iristea, baina hori pausoz pauso lortu behar da. Beraz, ikusiko da nola aterako den dena.

Iker: Nire kasuan berdin. Azkenean ez dut etorkizunean asko pentsatzen, izan ere, larritzeko baino ez du balio. Garrantzitsuena da orain ondo prestatzea eta ikusiko da etorkizunean profesional mailara iristeko aukerarik dagoen edo ez.

 

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude