Jesus Martinez: “Paisaiari ematen diot lehentasuna”

“Annapurna: 360º” ikus-entzunezkoaren proiekzioa eskainiko dute azaroaren 6an Amaia Kultur Zentroan, 19:30ean. Jesus Martinez irundarrak prestatu du lana, udaberrian Himalaian egindako espedizioko irudiekin. Mende erdia darama Martinezek mendizaletasuna eta argazkilaritza uztartzen.

 

– Zer OLYMPUS DIGITAL CAMERAda Annapurna 3600?
Annapurna mendigunearen inguruko trekking bat da. Joan den udaberrian egin nuen, hamabi lagunek osatutako espedizio batekin. Hondarribian bizi den Xabier Erro izan zen gidaria. Esperientzia handiko mendizalea da. 280 km inguru egin genituen guztira, hogeita bat egunetan. Birritan gainditu genituen 5.000 metroak, baina ez ginen Annapurnako gailurretara igo.
– Nolako esperientzia izan zen?
Ilusio handiarekin joan nintzen. Gizakiak igo zuen lehen zortzi milakoa Annapurna izan zen, 1950ean. Maurice Herzog idazlearen “Annapurna lehen zortzi milakoa” liburua mito bat da nire belaunaldiko mendizaleentzat. Beraz, mendian izan dudan esperientzia politenetarikoa izan da. Muturreko baldintzarik ez genuen izan, gainera. Udaberriaren hasieran joan ginenez, elur asko topatu genuen, baina hotz handirik ez genuen pasa: 3 gradu zero azpitik, gehienez ere.

jeesus16 RR
– Nondik datorkizu mendiarekiko zaletasuna?
Txikitan Boy Scout izan nintzen. Ondoren, Irungo Mendizaleak elkartean sartu nin-tzen, eta berrogeita hamar urte daramat bertan. Hamabost urterekin Pirinioetara joan nintzen lehen aldiz, hiru mila metroko mendiak igotzera. Orduan egun osoa behar zenuen Irundik Ordesara iristeko. Autobus pila bat hartzen genuen, edo trenak eta autobusak konbinatu. Haraino joatea nahikoa abentura zen. Hortik aurrera, gero eta urrunago bidaiatzen hasi nintzen. Emazteari ere mendia asko gustatzen zaio; beraz, elkarrekin egin izan ditugu irteera gehienak.
– Argazkilaria ere bazara, Irungo Argazki Elkarteko kidea.
Mendizaletasunarekin bat doa argazkilaritza nire kasuan. Hori dela eta, arazo txikiak sortzen dira. Nik argazkiak ateratzeko dudan modua astakeria izan daiteke argazkilari profesional batzuentzat. Esate baterako, nik ez dut inoiz tripoderik erabiltzen. Mendian taldearekin joaten naiz, eta ezin naiz atzean gelditu. Bestalde, nik paisaiari ematen diot lehentasuna. Jendeari argazkiak ateratzea ez zait gustatzen, ez behin-tzat atzean dagoena ikusten ez bada.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
– Ezagutu duzun paisaia ezberdinen artean, zein aukeratuko zenuke?
Norvegiaren edertasun lasaia benetan ikusgarria da. Ingurura begiratu eta dena da ederra. Islandiak adibidez, leku politak ditu, baina tartean eremu lehor handiak daude. Nik lur berdea, ura, zeru urdina eta elurra bilatzen ditut beti. Esate baterako, Aconcaguara ez dut joan nahi izan, arroka hutsa delako.
– Eta etxean, Irun inguruan?
Alde batetik, Aiako Harriaren atzeko aldea. Zaila da handik ibiltzea, ia ez da biderik geratzen. Baina lanbroa sartzen den egunetan, batez ere, oso ederra da.
Hala ere, eskualdeko ezezagun handiena Jaizkibel mendia dela esango nuke. Gaztea nintzenean beti erreta egoten zen, eta eremu militarra zen, gainera. Baina gaur egun, merezi du Jaizkibelen galtzea. Talaia bidetik atera, eta arroka eta kala bakoitza deskubritzea gomendatuko nieke irakurleei.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude